(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hamalau pertsona hil dira Nafarroako errepideetan urteko lehenengo bost hilabeteetan, 2007an baino %26 gutxiago asteartea, 2008.eko ekainak 3

Nafarroako Gobernuak tokiko errepideetan arreta handitzea gomendatzen du hurrengo hilabeteetan


. 14 pertsona hil dira guztira Nafarroako herri barruko eta herriz kanpoko bideetan gertatutako trafiko-istripuetan 2008ko lehenengo bost hilabeteetan, 2007ko aldi berberarekin alderatuta %26,31 gutxiago, orduan 19 pertsona hil ziren eta. Maiatzean, aurtengo hilabeterik txarrenean, zazpi hildako egon dira, eta horrela, apirileko heriotzen jaitsiera (%60) asko murriztu da. Nafarroako Gobernuaren helburua ekitaldi honetan heriotza-tasa %10 txikitzea da.


Barne Zuzendaritza Nagusiak bildutako datuen arabera, 14 biktima horietatik lau oinezkoak ziren eta hamar, berebilen edo furgoneten gidariak edo bidaideak. Zortzi talken ondorioz hil ziren eta bi, errepidetik atera eta gero. Adinei erreparatuz gero, zazpi 18 eta 35 urte bitartekoak ziren, eta beste zazpiak, 45etik gorakoak. Estatistikak ikusita, asteko egunik txarrena ostirala da, hildakoak eragin dituzten sei istripu gertatu dira-eta; ondoren osteguna eta ostirala aipa daitezke, bakoitzean hiru istripu gertatu dira eta. Apirilean bi pertsona hil ziren, otsailean bezala, martxoan ez zen hildakorik egon, eta urtarrilean hiru hil ziren.


Nafarroako Gobernuak errepideetako heriotza-tasaren bilakaera aztertzen du, 2005-2012 Errepide Segurtasunaren Nafarroako Estrategian ezarritakoaren arabera. Agiri hori departamentuen artean eginda dago Europar Batasunak 2010erako trafiko-istripuan hildakoen kopurua 2000. urtearekin alderatuta (118 hildako Nafarroan) %50 murrizteko ezarri duen helburua betetzeko.


Foru Komunitateak mugarri hori 2006an lortu zuen (55 hildako egon ziren), eta 2007 Aro Garaikidean Nafarroako errepideetan hildako gutxien egon diren urtea izan da (48 hildako). Kasuak zenbatzeko orduan, Nafarroako Gobernuak trafiko-istripu batean izandako hildako guztiak kontuan hartzen ditu, istripu horiek bere eskumeneko errepideetan zein beste bide batzuetan gertatu, besteak beste, herri barruko bideetan.


Tokiko errepideak eta nekazaritzako ibilgailuak


Hurrengo hilabeteetarako, uztak bildu eta nekazaritzako eginkizunak ugarituko direnez, Nafarroako Gobernuak tokiko errepideetan arreta handitzeko gomendioa egin du. Aldi honetan zirkulazio-baimen osagarriak ematen dizkie 3.000 nekazaritza-ibilgailuri baino gehiagori, batez ere traktoreei eta uzta-makinei. Horiek nekazaritza-lanabesak garraiatzen dituzte eta 4 metroko zabalera izan dezakete, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean ezarritako 2,55 metroen aurrez aurre.


Eguraldi ona aisia-jarduerak egiteko aproposa da eta ibilgailuen trafikoa ere handitu egiten da, batez ere bizikletak, motozikletak eta quad-ak.


Faktore horien eraginez, tokiko errepideetan istripuen arriskua handitzeaz gain, zaurituen urrakortasuna ere handitu egiten da. Izatez, estatistiken arabera, arriskua handitu egiten da errepide konbentzionaletan, hau da, autopista edo autobide ez direnetan. Hori guztia dela eta, Nafarroako Gobernuak, bide horien erabiltzaileei, arauak betetzeaz gain, arreta handia izateko gomendatzen die.


Gerta daitekeenaren adibide bat Foru Poliziak traktore batek eta berebil batek istripua izan eta gero egindako atestatu batean ikus daiteke. Bidegurutze batean, ikuspen nahiko ez zuenez, nekazaritza-ibilgailuaren gidariak traktorea errepidean 2,04 metro sartu zuen. Erreiak 3 metro zituen.

Dokumentazioa:
Croquis accidente

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa