(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Emakumeek eta gizonek festak berdin gozatzearen aldeko kanpaina antolatu du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, "Festetan ere, berdintasunaren alde" lelopean asteazkena, 2008.eko ekainak 4

Oinarrizko helburuak etxeko lanak partekatzea eta jazarpenari eta sexu erasoei aurrea hartzea izanen dira


Aurtengo kanpainaren irudia. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeek eta gizonek festak egiazko berdintasunez gozatzearen aldeko sentsibilizazio kanpaina antolatu du. Aurtengoa hurrenez hurreneko laugarren kanpaina izanen da, eta aurreko urteetan bezalaxe, izen orokorra "Eta festetan zer? Udalak, festetan ere, berdintasunaren alde" izanen da. Urtero 50 udaletik gora atxikitzen zaizkio kanpainari.


Aurtengo lelo orokorra "Festetan ere, berdintasunaren alde" izanen da, eta haren helburu nagusia da herritarrak sentsibilizatzea herrietako festetan jazotzen diren genero bereizketa batzuen gainean, emakumeek eta gizonek festak berdin gozatu ditzaten oztopatzen duten jokaerak eta ohiturak aldatu aurreko urrats gisa. Gainera, kanpainaren bidez udalen konpromiso politikoa sustatu nahi dute, egiazko berdintasunerako bidean duten erantzukizuna euren gain hartu dezaten, baita gizonek eta emakumeek festetan parte hartzeari dagokionez ere. Azkenik, udalek kanpainan duten parte-hartzea sendotzea ere badu helburu kanpainak.


Horretarako, bi mezu nagusi helaraziko dituzte: batetik, "Festetan ere, lanak banatu", etxeko lanen eta familiaren zaintzaren erantzukidetasuna sustatzeko, eta hartara, emakumeek eta gizonek festak berdin gozatu ahal izateko; eta bestetik, "Festetan ere, jazarpenari ez", jazarpenari eta sexu erasoei aurrea hartzeko, eta festetan ere ezetza errespetatu behar dela bultzatzeko. Hartara, neskek zein mutilek eta emakumeek zein gizonek jaiak gozatu ahal izanen dituzte, indarkeria matxistarik jasan gabe.


Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, urtero, erantzukidetasuna sustatzeko eta jazarpenari eta sexu erasoei aurrea hartzeko mezuei buruzko irudi komunak helarazten dizkie kanpainarekin bat egin nahi duten udal guztiei. Ondoren, udalek eurek komunikazio elementuetan sartzen dituzte aipaturiko irudiak, ahal izanez gero herriko jaietako programan.


Aurtengo kanpainarako, mezuak herritar guztiei zuzenduta daudela eta jai giroan hedatu eta jaso behar direla kontuan hartuta, komikiaren ildoari eustea erabaki dute, aurreko urteetan bezalaxe. Hizkuntza grafiko arina eta adin guztietako pertsonek erraz identifikatzeko modukoa hautatu dute. Hartara, aurtengo kanpainaren euskarrietan erabiliko duten diseinu grafikoa Laida Muruzábal Valencia nafar diseinatzaile gazteak egin du. Bertan, herri askotako jaietan ohikoak diren bi elementu ageri dira: kiliki edo buruhandi bat, aurreko mantalarekin, festetako arropa zabaltzen (gerrikoa, zapia eta arropa zuria); eta behi bat, zezenaren sexu jazarpena baztertuz.


Nafarroako Berdintasunerako Institutuak fitxategiak helaraziko dizkio udal bakoitzari, kanpainako irudia eta mezuak (euskaraz eta gaztelaniaz) festetako programan inprimatu ahal izateko. Fitxategietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoaz gain, lekua dago kasuan kasuko udalarena ere jartzeko. Gainera, beste euskarri batzuetarako egokitutako diseinuak ere badaude (edalontzi, afixa, ezpainzapi, aurreko mantal edo haizemailetarako diseinuak).


Udalek, kanpainako edukiak edo parte hartzeko eskaria egiteko agiriak eskuratzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunea (www.navarra.es) edo 012-Infolocal telefono zenbakia erabili beharko dituzte.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa