(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezur muineko transplanteak nazioarteko 12,7 milioi emaileri esker egiten dituzte asteazkena, 2008.eko ekainak 4

Osasun Departamentuko kontseilariak eskerrak eman dizkio Gloria Fernándezi, leuzemia duen gazte baten amari, egin duen kanpainarengatik; izan ere, Nafarroako organo-emateek gora egin dezaten eragin du


Ezkerretik eskuinera, Orúe doktorea, Kutz kontseilaria, Gloria Fernández eta Aramburu doktorea.

Ezkerretik eskuinera, Orúe doktorea, Kutz kontseilaria, Gloria Fernández eta Aramburu doktorea. ( irudia handitu )

María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu duenez, hezur muineko transplanteen sistema nazioartekoa da, eta 12,7 milioi emailek osatzen duten sareari esker egituratzen da. Emaileetako batzuk nafarrak dira, eta horiek emandako hezur muina oso urruti bizi diren gaixoak tratatzeko erabil daiteke.


Osasun Departamentuko buruarekin batera, honako hauek ere parte hartu dute prentsaurrekoan: Erkuden Aramburu Juanena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Odol Bankuko espezialistak; María Teresa Orúe Lecue Nafarroako Ospitaleko Hematologia Zerbitzuko buruak; eta Gloria Fernándezek, Eduardo Domezainen amak. Eduardo leuzemia duen iruindar gaztea da, eta hezur muineko transplantea behar du. Gloria Fernándezek kanpaina bat egin du, ahaideak eta lagunak emaile egin daitezen bultzatzeko, eta ondorioz, azkeneko asteetan nabarmen egin du gora Nafarroako hezur muineko emaileen kopuruak. Kontseilariak eskerrak eman dizkio Gloriari, egin duen ahaleginarengatik, eta elkartasuna helarazi dio, semearen, Gloria beraren eta familia osoaren egoera gogorra dela-eta.


Gloria Fernándezek, berriz, ekimena nola gauzatu duen azaldu du. Esan duenez, semearen egoera zela tarteko larrituta zegoelako abiatu zuen kanpaina, eta eskerrak eman ditu ahaide eta lagunen elkartasun erantzunarengatik. Era berean, eskerrak eman ditu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko osasun zerbitzuek eman dioten laguntza dela-eta.


Eduardo Domezainen ahaide eta ingurukoen artean egindako kanpainaren eraginez, O-NOZko Odol Bankuan hezur muinaren 123 emailek eman dute izena maiatzean, eta beste 297 analisiak egiteko zain daude. Iaz, berriz, 24 emaile izan zituzten. Emaile kopuruaren gorakada izugarria dela-eta, Odol Bankuko giza baliabideak eta baliabide materialak indartu egin behar izan dituzte, hezur muineko emaileei harrera egin eta erregistratzeko.


Hezur muineko transplanteak egin ahal izateko, beharrezkoa da emailearen eta hartzailearen zelulen arteko bateragarritasuna handia izatea (HLA sistema), eta hezur muinak oso gutxitan balio izaten du emaileak nahi duen pertsonarentzat (emailea eta hartzailea anai-arrebak ez badira behintzat). Hori dela-eta, organo-emateen sistema nazioartekoa da. Eduardo Domezainen ahaideek bultzatuta emaile egin direnen %90ek euren hezur muina erabil dezakeen edonori eman diezaioten onartu dute.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa