(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak "Emakume sortzaileak" programa abiatu du, emakumeek kulturaren munduari egindako ekarpenak aintzat hartzeko osteguna, 2008.eko ekainak 5

Aurtengo programa zinemari buruzkoa izanen da, eta hasteko, "Zinema eta Emakumeak" nazioarteko erakusketa eginen dute


Aurtengo kartela. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, "Emakume sortzaileak" programa abiatu du. Aurtengo programa zinemari buruzkoa izanen da, eta hasteko, IPES Elkarteak (Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea) eta Golem zinema aretoek antolatu duten "Zinema eta Emakumeak" nazioarteko erakusketa eginen dute.


"Emakume sortzaileak" programaren helburu nagusia sormen eta ekoizpen artistikoaren eta intelektualaren mundura berdintasuna eramatea da. Izan ere, emakumeek (eta batik bat nafar emakumeek) kulturaren munduari egindako ekarpenak aintzat hartzeko gune gisa sortu duten programa da.


Programa María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak aurkeztu du, gaur, prentsaurrekoan. Ekitaldian, Elena San Julián Resano IPES Elkarteko koordinatzaileak ere parte hartu du.


García Malok gogorarazi duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planaren (2006-2010) helburuetako bat Nafarroako gizartea sentsibilizatzea eta egiazko berdintasuna erdiesteko emakumeek gizartean parte hartzeak garrantzi handia duela zabaltzea da. Horrexegatik, García Malok honako hau esan du: "Gaur egungo egoera ez dago zuzentasunean oinarritua, eta ezin dugu egiazko berdintasunerantz aurrera egin; izan ere, emakumeek oraindik ere ez dute parte hartzen gune askotan, hala nola kulturan. Nahitaezkoa dela uste dut emakumeek kulturaren munduari egindako ekarpenak agerian utzi eta aintzat hartzea, musikari, irakaskuntza eta ikerketari, literaturari edo arte plastiko eta eszenikoei egindako ekarpenak".


"Emakume sortzaileak" programa zinemaren mundua aztertuz abiatuko dute. Izan ere, emakumeak zinema kontsumitzaile handiak badira ere, film gehienak gizonezkoek zuzentzen dituzte. Espainiako emakumezko lehen zinema zuzendaria Helena Cortesina izan zen (Valentzia, 1904-1984), eta gaur egunera arte, berrogeita hamarren bat emakumek zuzendu dituzte filmak Estatuan. Horien artean daude Helena Taberna, Ana Díaz eta Maitena Muruzábal nafarrak. García Malo kontseilariak nabarmendu duenez, "nahitaezkoa da emakume horien guztien lana aintzat hartzea, eta zinemaren arloko emakumezko ereduak sortzea. Gainera, emakumezko zuzendarien lana aintzat hartu eta ezagutzea lagungarri izanen da eurak indartzeko, eta baita gutariko bakoitza indartzeko ere, emakume gisa".


Bestalde, emakumezko zuzendari askoren lanetan euren konpromisoa hauteman daiteke. Konpromisoa emakumeen egoera sozialarekiko, elkartasunarekiko, egiazko berdintasunarekiko eta bakearekiko. Emakumeek zuzendutako film askok salatzen dute emakumeek bazterketa jasaten dutela eta ikusezinak direla, arlo guztietan. Film askok indarkeria matxista jorratzen dute, txirotasunaren emakumetzea, eremu pribatuko erantzukidetasun falta, eta emakumeek izaten dituzten zailtasunak bizitzako arlo guztietan parte hartzeko. Zentzu horretan, García Malok honako hau adierazi du: "Emakumeek zuzendutako filmen bidez, gainera, emakume jakintsuak ezagutzen ditugu, beste kultura eta egoera batzuetako emakumeak, hainbat belaunalditako emakumeak, hainbat gunetatik abiatuta mundua mugitzen ari diren emakumeak".


Kontseilariak adierazi duenez, bestalde, "Emakume sortzaileak" programa abiatzeko zinema hautatu dute "zinema kontzientziari dei egiteko, estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko, eta genero berdintasuna sustatzeko bidea delako. Gainera, emakumeek kulturari egindako ekarpena ezagutzea herritarrak berdintasunean oinarrituta heztea da, emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunean oinarrituta heztea".

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Programa de la muestra "Cine y mujeres"
Ver esta rueda de prensa
Escuchar esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa