(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako BPG %3 handitu da urtarriletik martxora bitarte; hau da, estatuan baino gehiago, baina aurreko hiruhilekoan baino gutxiago ostirala, 2008.eko ekainak 6

Nafarroako ekonomiak sortutako Barne Produktu Gordinak (BPG) %3,0ko urte arteko hazkundea izan du 2008ko lehenengo hiruhilekoan. Beraz, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago handitu da. Horixe bera nabarmendu dute "Nafarroako Ekonomiaren Egoera" argitalpenaren 69. alean. Argitalpena Álvaro Miranda Simavilla Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak aurkeztu du, gaur, prentsaurrekoan.


Nolanahi ere, Nafarroako hazkundea Espainiakoa baino hiru hamarren handiagoa izan da. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, hain zuzen, Estatuko BPGren hazkundea dezeleratu egin da, %3,5etik %2,7ra. Aldiz, euroaren eremuko BPGren hazkunde maila egonkortu egin da, eta %2,2ko hazkundeari eutsi dio, Eurostat Estatistika Bulegoaren lehen kalkuluen arabera.


Eskaintzaren ikuspuntutik, 2008aren hasieran Nafarroako ekonomiaren hedapen maila moteldu izana eraikuntzaren eta zerbitzuen adarrek dinamismoa galdu izanari zor zaio. Aipaturiko adarren joerak indar handiagoa izan du nekazaritzaren eta industriaren adarretako jarduerak izandako hobekuntzak baino.


Portaera sektoreka


Nekazaritzaren balio erantsi gordina %1,1 handitu da 2008ko lehenengo hiruhilekoan, eta 2007aren amaieran, berriz, %0,9. Hobekuntzaren arrazoi nagusiak honako hauek izan dira: nekazaritzako laboreen susperraldia (hasiberria) eta abeltzaintzako produktu garrantzizkoenetako batzuen portaera ona (batik bat hegaztiak).


Industriaren sektoreari dagokionez, balio erantsi gordina %1,1 handitu da, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gehiago. Ondorioz, industria adarrek Nafarroako ekonomiaren hazkundeari egin dioten ekarpena %0,3koa izan da (2007ko laugarren hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago). Jarduera adarrei dagokienez, 2008ko lehenengo hilabeteetako dinamikoenak Energia, Nekazaritzako Elikagaien Industria, eta Papera, Egurra eta Altzariak izan dira. Garraio Materialen Industriari dagokionez, berriz, beheranzko joera moteldu egin da.


Eraikuntzaren balio erantsi gordina, berriz, %4,3 handitu da. Hazkundea gainerako sektoreetan baino handiagoa izan da (erlatiboki), baina hala ere, aurreko bi hiruhilekoetako dezelerazioa areagotu egin da. Izan ere, etxebizitzen eraikuntzaren eta obra zibilaren bultzada txikiagoa izan da. Hartara, eraikuntzaren sektoreak Nafarroako ekonomiaren hazkundeari egin dion ekarpena jaitsi egin da, %0,5etik %0,4ra.


Zerbitzuen sektoreko balio erantsi gordinaren hedapen maila ere moteldu egin da, nabarmen; izan ere, balio erantsia aurreko urteko laugarren hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago handitu da. Hala ere, urte hasierako hazkundea %3,9koa izan da, industriaren sektorekoa baino handiagoa. Hartara, zerbitzuen sektoreak Nafarroako ekonomiaren hazkundeari egin dion ekarpena %2,0koa izan da (aurreko hiruhilekoan %2,2koa izan zen).

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Prentsaurrearen audioa
Prentsaurrearen bideoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa