(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak laguntza ildo berri bat sortu du, ETEek, mikroenpresek eta autonomoek Internet erabiltzeko ostirala, 2008.eko ekainak 6

"Respuesta digital" programaren bidez 10,8 milioi euro emanen dituzte, datozen lau urteetan


José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak "Respuesta digital" (Erantzun digitala) programa aurkeztu du, gaur goizean, prentsaurrekoan. Nafarroako Gobernuaren ekimena da, eta Nafarroako ETE eta mikroenpresa guztiek, autonomoak barne, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabil ditzaten laguntzea du helburu. Carmen Leza Villar Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroko (CEIN) zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu du prentsaurrekoan.


Hainbat urtetako (2008-2011) plan orokorra da, eta Nafarroako III. Teknologia Planeko ekintzen esparruan kokatuta dago. Programa Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroak (CEIN) kudeatuko du, eta 10,8 milioi euroko aurrekontua izanen du, lau urteetarako.


"Erantzun digitala" programaren helburuak honako hauek dira: Nafarroako ETE, mikroenpresa eta autonomoak modu eraginkorrean digitalizatu daitezen bultzatzea; sostengua ematea, sistema informatikoak ezartzeko informazioa, trebakuntza eta laguntzak eskainiz; eta aipaturiko enpresak Interneten gehiago ager daitezen laguntzea. Era berean, IKTetako profesionalak gaitzea eta sektorearen lehiakortasuna hobetzea ere baditu helburu.


Roig kontseilariak nabarmendu duenez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak enpresen munduan sartzea "funtsezko oinarria da informazioaren gizartea garatzeko, eta baita edozein lurraldetako garapen ekonomiko eta sozialerako ere". Izan ere, IKTek berrikuntza sustatzen dute, negozio eredu berrietan eta enpresetako antolakuntza prozesuetan, eta hartara, produktibitatea nabarmen handitu daiteke. Roig kontseilariak programaren helburuen xehetasunak eman ditu. Esan duenez, programaren helburuak honako hauek dira: Nafarroako enpresek IKT guztiz barneratu eta erabili ditzaten bermatzea, sistema informatikoak ezartzeko sostengua emanez; enpresak Interneten gehiago ager daitezen laguntzea, merkataritza transakzioak eta bestelako negozioak sarean egin ditzaten bultzatuz (batik bat ETE eta mikroenpresek); IKTetako profesionalak gaitzea eta sektorearen lehiakortasuna hobetzea; eta IKTen sektorearen bilakaera eta enpresa ehunduran duen lekua ezagutzea.


José María Roigek nabarmendu du, bestalde, CEIN Zentroak hamar urte daramatzala Nafarroako enpresetan IKT bultzatzen. Horretarako, CEIN Zentroak aholkularitza eta sostengua ematen du, honako hauetan: aholkularitza proiektuetan eta IKTen arloko irtenbideak ezartzeko proiektuetan; Interneteko proiektuetan; eta sektoreko enpresa eta profesionalentzako hedapen jardunaldietan. Zehazki, azkeneko lau urteetan, CEIN Zentroak 400 enpresa baino gehiagori eskaini die laguntza, teknologia proiektuetan, eta sentsibilizatzeko ehun jardunalditik gora egin ditu. Jardunaldiek 8.000 bat parte-hartzaile izan dituzte. Era berean, trebakuntzako 30 ikastarotik gora antolatu ditu (ia 850 parte-hartzaile), eta baita Interneten erabilera bultzatzeko lehiaketak ere. Lehiaketetan 300 enpresak baino gehiagok parte hartu dute.


Carmen Leza CEIN Zentroko zuzendari kudeatzaileari dagokionez, "Erantzun digitala" programaren jarduera eremuei buruz mintzatu da, hala nola doako aholkularitza zerbitzuei buruz. Zerbitzuon helburua da ETE, mikroenpresa eta autonomoei erraztasunak ematea euren negozioetan IKT modu eraginkorrean erabili ahal izateko.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
"Respuesta digital" programa
Prentsaurrea ikusi
Prentsaurrea entzun

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa