(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Merkataritza Modernizatzeko II. Plana (2008-2011), 16 milioi €-ko aurrekontua duena, onartu dute

astelehena, 2008.eko ekainak 9

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Merkataritza Modernizatzeko II. Plana (2008-2011) onartu du, hitzarmen baten bidez. Plan horrek 16 milioi €-ko aurrekontua izanen du lau urte horietarako.


II. Plana sektoreko eragilearekin hitzartu dute erakundeek; eta horren aldeko txostena eman du Txikizkako Merkataritzaren Aholkularitza Kontseiluak, aurreko ekainaren 3an aho batez hartutako akordioaren bidez. Kontseilu horren iritzia funtsezkoa da, merkatari, kontsumitzaile eta sindikatuak biltzen baititu.


I. Planaren berrikuspena eta aurreko urteetan eragileek bildutako esperientzia izan dira II. Plana egiteko oinarriak, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren baliabideei eta beste eragile batzuen lankidetzari esker osatu ahal izan da. II. Plana egiteko xedearekin, batzordea eratu zuten merkatari elkarteen federazioak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak eta Txikizkako Merkataritzaren Aholkularitza Kontseiluan ordezkaritza duten hiru sindikatuek: UGT, CCOO eta ELA. Batzorde horrekin batera aritzeko gonbita egin zaie, gainera, honako erakunde hauei, programa bakoitzaren edukiaren arabera, beren ekarpenak egin ditzaten: Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, Nafarroako Industria Elkartea, Iruñeko Udala, Tuterako Udala, Lizarrako Udala, Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentua, Toki Administrazioaren Departamentua eta CEINSA, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erakunde instrumentala.


II. Planak lau urteko indarraldia izanen du, eta 16 milioi €-ko aurrekontua esleitu zaio epe horretarako. Nabarmentzekoa da I. Planarekin (2005-2007) alderatuta igoera nabaria izan dela aurrekontuan; izan ere, aurreko planak hiru urteko indarraldia izan zuen, eta 6,6 milioi €-ko aurrekontua.


Laguntzen gehieneko ehunekoari dagokionez, II. Planean diruaren %30 erabiliko da inbertsiorako, eta %60, ikerketarako; interesen hobariak 3 eta 5 puntu artekoak izanen dira. I. Planean, %5 jarri zen inbertsiorako, eta interesen hobariak 2 eta 3 puntu artekoak izan ziren.


Helburuak eta orientazio irizpideak


Hauek dira II. Planaren helburuak: txikizkako merkataritza kontsumitzaileen premietara egokitzeko eta aberastasun iturri izateko baldintzak ezartzea, BPGri egiten dion ekarpenari eutsi edo ekarpen hori handituta, merkataritzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeari, hiri sareko merkataritza suspertzeari eta sektorean antolaketa orekatsua ezartzeari begira. Gainera, plan horri esker sektorearen gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin ahal izanen da, I. Planaren garapena aztertuko da, sektorearen bilakaera eta planean txertatutako ekintzen garapena aztertzeko adierazleak finkatuko dira, eta horrez gainera, aukera izanen da programa eta jardunbide ildo egokienak definitu, sustatu eta ebaluatzeko, Nafarroako Gobernuari eta merkataritza sektorearekin lotura duten gainerako erakunde eta eragileei merkataritzaren kalitatea hobetzeko eta kontsumitzailearekiko egokitasuna areagotzeko baliagarri gerta dakizkien.


Planak orientazio irizpide nagusi hauek ditu: merkataritza eskaintza kontsumitzaileei eta mota orotako eskariei egokitzea (biztanle egoiliarrak, bigarren etxebizitza gure lurraldean duten biztanleak, turistak eta bisitariak eta talde berriak); merkataritzaren lurralde banaketa orekatsua sustatzea, herritarrek eguneroko kontsumorako gaiak erosteko ahalik eta joan-etorri gutxien egin ditzaten, merkataritza orekarako eskualde buruetako merkataritza eskaintza sustatzea, eguneroko kontsumorakoak ez diren produktuen erakarpen polo gisa, eta Iruñea eguneroko kontsumorakoak ez diren produktu espezializatuen bilgune gisa egituratzea, beste autonomia erkidego batzuetarako gastu ihesik gerta ez dadin. Aipatzekoak dira, halaber, honako irizpide hauek: hiri sareko merkataritza Nafarroako udalerrien nortasunaren eta gizarte kohesioaren ardatz gisa egituratzea; merkataritza formatuen eta ikurren arteko oreka sustatzea, merkataritza tradizionalaren egitekoa indartuz eta merkatu nagusitasuna saihestuz; merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, prestakuntza egokiaren bidez eta integrazio, salmenta eta zerbitzu molde berriak abian jarriz; txikizkako merkataritza sustatzea, Nafarroako bertako produktuen banatzaile eta suspertzaile gisa; eta Nafarroako Gobernuaren beste plan horizontal batzuekiko osagarritasuna bilatzea, adibidez, Nafarroako Lurralde Estrategiarekikoa, Teknologia Planarekikoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Formazio Planarekikoa, Informazio Gizartea Sustatzeko Planarekikoa edo Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Modernizazio Planarekikoa.


Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa