(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erakundeen adierazpena onartu dute, Iruñea eta Torun (Polonia) elkarrekin “europar kulturaren hiriburu” izan daitezen bultzatzeko

astelehena, 2008.eko ekainak 9

Nafarroak eta Poloniako Pomerania eskualdeak lurralde arteko lankidetza hitzarmena izenpetuko dute, lankidetza kultural eta estrategikoaren aldeko lehenengo apustu hori beste arlo batzuetara zabaltzeko.


Logo de "Pamplona 2016, capital europea de la cultura".

“europar kulturaren hiriburu” logoa.

Nafarroako Gobernuak gaur goizean erabaki duenez, erakundeek sostengua emanen diote Iruñea eta Torun (Polonia), biak, 2016an “europar kulturaren hiriburu” izan daitezen aurkeztutako hautagaitzari. Nafarroako Gobernuaren iritziz, proposamen egokia da; izan ere, kultura aberasteko eta Nafarroako hiriburua eta lurralde osoa turismoaren ikuspuntutik modu estrategikoan sustatzeko modua dela uste du. Gainera, Poloniarekiko harremanak estutzeko abiapuntua izan daiteke (berrikuntzaren, osasunaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren arloan, besteak beste).


“Europar kulturaren hiriburua” Europar Batasunaren ekimena da, eta Europako kulturen aberastasuna, aniztasuna eta ezaugarri komunak nabarmentzea eta herritarrek elkar uler dezaten sustatzea ditu helburu. Kultura eta turismoa garatzen laguntzen du, epe luzera begira, eta gainera, parte hartzen duten hiri eta lurraldeen egitura eta gaitasuna modu iraunkorrean garatzeko estrategiaren oinarri izan daiteke.


Iruñeko Udala 2006az geroztik lanean ari da hiriaren hautagaitza aurkezteko, Torunekin lankidetzan. Hautagaitza bikoitzaren indarguneak honako hauek dira:


- Iruñea modernotasuna eta tradizioa bateratzen dituen hiria da. Tradizioari dagokionez, historiak arrasto ugari utzi ditu hirian: erromatarren garaia, Erdi Aroa, Donejakue Bidea, eraikin neoklasikoak, modernistak, eta abar. Bestalde, Iruñea hiri modernoa da, bizi-kalitate onekoa, eta azkeneko urteetan nabarmen hazi dena (hiri, teknologia, ekonomia, gizarte eta kulturaren arloko hazkundea). Bereziki nabarmentzekoak dira, gainera, sanferminak, Iruñea mundu osoan ezagutzera eman baitute jai horiek.


- Torun hiria Kujawsko-Pomorskie eskualdeko (Poloniako Pomerania) hiriburua da, Bydgoszcz-ekin batera. Poloniaren iparraldean dago, Vístula ibaiaren ertzean. Gizadiaren Ondare da, 1997az geroztik (Unesco). Nikolas Kopernikoren jaioterria da, eta 300 monumentutik gora ditu, Europako artearen historiaren lekuko. II. Mundu Gerrak ez zuen ia kalterik eragin hiriko alde zaharrean (bazter gehienetan ez bezala). Gaur egun, Pomeraniako jarduera ekonomikoaren parte handi bat Torunen egiten da.


Nafarroa eta Poloniako Pomerania eskualdearen arteko lankidetza


Iruñea europar kulturaren hiriburu izateko adierazpenaz gain, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak beste akordio bat ere sustatu du, gaur. Hain zuzen ere, Iruñea eta Torun (Polonia) “europar kulturaren hiriburu” izan daitezen bultzatzeko ekimenetik abiatuta, Nafarroa eta Kujawsko-Pomorskieren arteko lankidetza hitzarmena izenpetu nahi dute, aurki, bi lurraldeetako herri administrazioen eta gizarte eragileen arteko lankidetzarako bideak eraikitzeko.


Asmo handiko lankidetza proiektuak bi lan arlo izanen ditu, hasieran: Europar Batasuneko funtsak lortu eta kudeatzea, eta droga mendekotasunaren gaineko plangintza eta arreta. Bi lurraldeak dagoeneko hasiak dira euren ezaguerak eta esperientzia partekatzen.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa