(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hamahiru eliza eta monumentu ikusgai egonen dira uztaileko lehenengo asteburutik aurrera ostirala, 2008.eko ekainak 13

Kultura eta Turismo Departamentuak eta Artzapezpikutzak lankidetza hitzarmena izenpetu dute, gaur goizean


Lankidetza hitzarmena

Carlos Erce, Juan Ramón Corpas, Luis María Oroz eta Javier Aizpún. ( irudia handitu )

Uztaileko lehenengo asteburutik aurrera, hamahiru eliza eta monumentu ikusgai egonen dira. Gaur goizean, Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak, Iruñeko Artzapezpikutzako ordezkariek, Luis María Oroz Arraiza bikario nagusiak eta Javier Aizpún Bobadilla Ekonomia eta Ondarearen gotzain bikarioak izenpetu duten lankidetza hitzarmenetik horixe bera ondorioztatu daiteke.


Esku-hartzea elizak eta monumentuak irekitzeko programaren baitan dago kokatuta; hots, egoera turistikoa hobetu eta askotarikotzea eta eskaintza turistikoa eskariaren arabera modernizatu, egokitu eta garatzeko planak, programak eta arauak sustatzea helburu duen programaren baitan.


Zehazki, honako eliza eta monumentu hauek irekitzea aurreikusten dute: Urdazubiko San Salvador Monasterioa; Tafallako Santa Maria eliza; Tafallako San Pedro eliza; Erriberriko Santa Maria eliza; Erriberriko San Pedro eliza; Lizarrako San Pedro eliza; Lizarrako San Migel eliza; Tuterako Magdalena eliza; Cabanillasko Jerusalemgo San Juan eliza; San Martin Unxeko eliza; Artaitzeko San Martin eliza; Nagoreko San Julian eliza; eta Artzeko Sorkunde eliza.


Aipaturiko elizak gutxienez ere 30 egunez egonen dira zabalik 2008an: uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburuetan, urriko lehenengo asteburuan, eta Santiago eta Andre Mariaren egunetan. Irekiera ordutegia honako hau izanen da: 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara, gurtza orduak errespetatuz. Sarrera doakoa izanen da, baina bisita gidatuak ere antolatu ahal izanen dira (ordainduta).


Ekimena gauzatzeko, diru laguntzak emanen dituzte. Gehienez ere 58.000 euro izanen dira, honela banatuta: irekiera, zaintza, garbiketa eta argiztapen gastuetarako eta elizak bisitak egiteko egokitzeko, 52.000 euro; eta bisitarientzako informazio eskuorriak argitaratzeko, 6.000 €.


Hitzarmena hainbat urtetako da, eta esku-hartzeak urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan zehaztuko dituzte, honako helburu hauekin: produktu eta jarduera turistikoen eskaintza askotarikotzea eta haren kalitatea handitzea, elizaren ondareari dagokionez; Nafarroako elizaren ondarearen baliabide turistiko eta kulturalei merezi duten balioa ematea; eta herritarrak, tokiko eragileak eta bisitariak sentsibilizatzea, elizaren ondarea errespetatu dezaten.


Zentzu horretan, Departamentuak laguntzen deialdi bat onartu du, 2008an turismoaren eta artearen ikuspuntutik interesgarriak diren jabego partikularrak ireki daitezen sustatzeko. Diru laguntzen xedea da interes turistiko-artistikoa duten jabego partikularrak ireki daitezen sustatzea, Nafarroako ondarea ezagutzera emateko. Horretarako 15.000 euroko gehienezko gastua onartu dute. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, aurki, eta laguntzak nori eman erabakitzeko, jabegoaren interesa, bisita mota eta bisitari kopurua hartuko dituzte kontuan.


Artzapezpikutzak, hitzarmenari jarraiki, elizak eta monumentuak irekitzeko programa antolatu eta koordinatuko du, eta bisitarien etorria kontrolatu eta erregistratuko du. Kanpaina bakoitzaren amaieran txosten bat aurkeztuko du. Gainera, hedapeneko eskuorriak eginen ditu, honako hauen berri emateko: bisitatu daitezkeen elizak eta monumentuak, eta bisita egunak eta ordutegiak (doako bisita zein bisita gidatuei dagokienez). Artzapezpikutzak, era berean, eliza eta monumentuei buruzko informazio eskuorri estandar bat eginen du.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa