(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Etxebizitzak zaharberrituz eraikin ekologikoagoak lortzen dira eta eraikuntzaren sektorea hobetzen da ostirala, 2008.eko ekainak 13

Esparza kontseilariak "Kontsumo gutxiko etxebizitza erosoak lortzeko gida" aurkezteko jardunaldia inauguratu du


Etxebizitzak zaharberrituz bizitegi sektorearen energia kontsumoa txikitzen da, eta ondorioz, baita CO2 igorpenak ere. Gainera, eraikuntzaren sektorearen gaur egungo egoera hobetzen da. Horiexek dira "Zaharberritzeen babesean. Kontsumo gutxiko etxebizitza erosoak lortzeko gida" aurkezteko jardunalditik atera daitezkeen ondorioetako batzuk. Gida Eurorako NIRSEPES (New Integrated Renovation Strategy to Improve Energy Performance of Social Housing) proiektuaren baitan egin dute; hau da, zaharberritze estrategiak garatu eta etxebizitza sozialen energia eraginkortasuna hobetzea helburu duen proiektuaren baitan, Europarako Energia Adimendunerako SAVE programaren esparruan.


NIRSEPES proiektuaren buru Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusia izan da. Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER), eta Grezia eta Alemaniako beste erakunde espezializatu batzuek ere parte hartu dute proiektuan.


Gaur goizeko jardunaldia José Carlos Esparza Sáez Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilariak inauguratu du. Bertan, Florencio Manteca CENER zentroko Arkitektura Bioklimatikoaren Arloko zuzendariak NIRSEPES proiektuaren ondorioetako batzuk aurkeztu ditu, eta bestalde, "Zaharberritzeen babesean" gidaren edukiak ere aurkeztu ditu haren egileak, Miguel Monrealek.


Gainera, honako hauen berri ere eman dute: 2008an etxebizitzak zaharberritu eta energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko laguntzak, Fernando Señas Nafarroako Gobernuko Eraginkortasunaren eta Energia Berriztagarrien Ataleko buruaren eskutik; Nafarroako Gobernuak etxebizitzak zaharberritzeko politikei ematen dien sostengua, Luis Antonio Ayesa Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren eskutik; eta eraikuntzaren sektorea eta zaharberritzeak Nafarroan, Fernando Ruiz de Alda Nafarroako Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkarteko (ACP) idazkari nagusi eta Espainiako Sustatzaile eta Eraikitzaileen Elkarteko Iraunkortasun eta Ingurumen Batzordeko presidentearen eskutik.


Espainian 24 milioi etxebizitza daude, eta dirudienez, 8,6 milioi zaharberritu beharrean daude. Etxebizitza horietan aurreztutako energiari esker atmosferara 9.000 tona CO2 igortzea saihestu liteke; hau da, hiri bateko autoek, Sevillakoek kasu, lau urtean igor ditzaketen CO2 tonak. Etxebizitza horiek zaharberrituz gero, gainera, airearen kutsadura txikitu eta hirietako airearen kalitatea hobetuko lirateke; era berean, hiri inguruetan etxebizitza berriak eraikitzea eragotzi, lurzorua aurreztu, eta hiri barreiatuek eragiten duten iraunkortasunik eza saihestu litezke.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa