(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Asturiasko Printzeak 2008ko Vianako Printzea Saria Alfredo Landari emateko ekitaldiko buru izan dira, Leiren astelehena, 2008.eko ekainak 16

Asturias eta Vianako Printzeak 2008ko "Vianako Printzea" Kultur Saria Alfredo Landa aktoreari eman eta Nafarroako Errege-erreginei omenaldia egiteko ekitaldietako buru izanen dira, gaur, Leireko San Salvador Monasterioan.


Asturiasko Printzeak Alfredo Landarekin. ( irudia handitu )

Ekitaldira 150 bat pertsona bildu dira. Besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko agintariak eta ordezkariak, aktorearen ahaideak eta lagunak, eta herritarrak, oro har.


Asturias eta Vianako Printzeak helikopteroz etorri dira, eta Leireko Monasterioaren inguruetan lurreratu ondoren, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak agurra egin die, eta Lucía Latorre del Castillo Esako zazpi urteko neskatxak lore sorta bat eman dio Letizia printzesari. Ondoren, Sanz presidenteak zenbait agintari aurkeztu dizkie printzeei: Foru Komunitateko agintari nagusiak, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Estatuko Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Esako alkatea, eta presidenteordeak eta kontseilariak. Agintarien ondoren, berriz, Francisco Pérez González Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpikua, Luis Pérez Leireko abade mitraduna eta Augusto Pascual kargua utzi duen abadea aurkeztu dizkie.


Agurren ondoren, 11:30 aldera, 2008ko "Vianako Printzea" Kultur Saria Alfredo Landa Aretari emateko ekitaldia hasi da. Printzeak iritsi ondoren, Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbal Bandak Espainiako eta Nafarroako Ereserkiak jo ditu.


Jarraian, Nafarroako Gobernuko presidentea mintzatu da, eta beste musika pieza baten ondoren, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzaren zuzendari nagusiak 2008ko "Vianako Printzea" Kultur Saria Alfredo Landari eman diotela xedatzen duen Foru Dekretua irakurri du.


Segidan, Asturias eta Vianako Printzeak diploma bat eman dio Alfredo Landari, eta aktoreak eskerrak eman ditu.


Ekitaldian, Goi Mailako Musika Eskolako Ganbera Taldeak Sarasateren "Capricho vasco" eta "Jota navarra" jo ditu, eta baita Antón García Abrilen "Los santos inocentes" filmeko soinu bandako abesti batzuk ere.

Omenaldia Nafarroako Errege-erreginei


2008ko "Vianako Printzea" Kultur Saria eman ondoren, omenaldia egin diete Nafarroako Errege-erreginei. Monasterioko atarian, abade mitradunak agur egin die Asturias eta Vianako Printzeei, eta ur bedeinkatua eskaini die. Liturgia ekitaldiaren buru Iruñeko artzapezpikua izan da, eta Leireko beneditar Monasterioko abadeak eta apaizek eman dute. Elizkizunean Monasterioko Lekaideen Abesbatza eta Zangozako Nora Abesbatza aritu dira.


Alfredo Landa, Asturiasko Printzeekin

Alfredo Landa, Asturiasko Printzeekin. ( irudia handitu )

Eskaintzan, Nafarroako Gobernuko presidenteak erretilu bat eman dio abade mitradunari, Nafarroako Gorte zaharrek bozketak egiteko erabiltzen zuten zilarrezko ontzia gainean duela; bertan, erakundeek egindako emaitza sinbolikoa dago, Monasterioan elizkizunak egiten jarraitu ahal izateko.


Mezaren ondoren, Asturias eta Vianako Printzeak, Nafarroako Gobernuko presidentea eta Monasterioko komunitateko kideak Nafarroako Errege-erreginen hilobira joan dira, tenpluko iparraldeko hormara. Printzeek lore gorrizko koroa bat utzi dute bertan. Idazkunak honako hau zioen: "Felipe eta Letizia, Asturias eta Vianako Printzeak".


Elizkizunaren ondoren, printzeak Monasterioko bisita aretora joan dira, eta Alfredo Landarekin eta haren ahaide eta gertukoekin mintzatu dira.


Segidan, Kapitulu Aretoan, Monasterioko beneditar komunitateko kideek agur egin diete printzeei, eta geroago, agintariekin eta gonbidatuekin hitz egin dute, zizka-mizkak zerbitzatzen zituzten bitartean.


Ondoren, 14:30 aldera, printzeen omenezko bazkaria eskaini dute ostatuko jantokian. Mahaiburu printzeak izan dira. Guztira, laurogei bat pertsona bertaratu dira. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidentea, Alfredo Landa aktorea, Iruñeko artzapezpikua, eta Monasterioko abadea. Menua honako hau izan da: zainzuri eta orburu entsalada, zapo betea, eta boilur tarta, "Nafarroa" Jatorrizko Deitura duten "Vianako Printzea" ardoekin.


Bazkariaren ondoren, Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Monasterioko abadeak helikopteroraino lagundu eta agur esan diete Asturias eta Vianako Printzeei.

Dokumentazioa:
Alfredo Landaren hitzaldia
Miguel Sanz Presidentaren hitzak
Ekitaldiaren bideoa
Ekitaldiaren audioa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa