(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Uztailaren 15ean, Nafarroako Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorra jarriko dute abian

astelehena, 2008.eko ekainak 23

Herritarrek Nafarroako Gobernuaren web orria erabili ahal izanen dute agiriak aurkezteko


Nafarroako Gobernuak, gaur, Foru Dekretu bat onartu du, eta hartara, Foru Komunitateko Administrazioaren eta bertako erakunde autonomoen Erregistro Elektroniko Orokorra sortu du. Horrela bada, herritarrek www.navarra.es atarian jarriko duten sarbide bat erabili ahal izanen dute eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkezteko, urteko 365 egunetan, egunean 24 orduz. Zerbitzua uztailaren 15ean jarriko dute abian.


Erregistro Elektroniko Orokorrari esker, herritarrek Administrazioarekin dituzten harremanak erraztuko dira; izan ere, izapide burokratikoak bizkorrago egin ahal izanen dituzte, etxetik bertatik, bulego batera joan behar izan gabe.


Doako zerbitzua izanen da, eta nahi dutenek erabili ahal izanen dute. Horretarako, erabiltzaileek sinadura elektronikoa beharko dute. Erabiltzaileak identifikatzeko sistemak, baldintza teknikoak (formatuaren eta segurtasunaren arlokoak), eta eskabideen ereduak webgunean argitaratuko dituzte. Erregistro Elektroniko Orokorrak, era berean, dokumentu ofizialen irteera telematikoa ahalbidetuko du. Bestalde, herritarrek jakinarazpenak bide telematikoen bidez jaso ahal izanen dituzte, hala eskatzen badute eta horretarako baimena dutenean. Horretarako, helbide elektroniko bakarra lortu beharko dute, Correosen.


Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorraren sorkuntza, hain zuzen, Administrazio Elektronikoa mailaz maila ezartzeko prozesuaren urratsetako bat da, 11/2007 Foru Legean xedatu zutenari jarraiki. Administrazio moderno eta aurreratua erdieste aldera, teknika eta bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea aurreikusten dute aipaturiko Foru Legean, prozedura administratiboen izapideak egiteko eta barne eta kanpo harremanetarako, teknologia aurrerapenak egin ahala.


Erregistro Elektroniko Orokorraren sistema informatikoa sortzeko eta Nafarroako Zerga Ogasuneko gaur egungo erregistro telematikoa egokitzeko (erregistro elektroniko espezifikoak sortzeko baimena ere eman dute arauan) 670.000 euroko inbertsioa egin beharko dute, aurreikuspenen arabera, 2008tik 2010era bitarte.


Foru Dekretuan Erregistro Elektroniko Orokorraren funtzioak eta agiriak aurkezteko epeak edo baldintza orokorrak zehaztu dituzte. Erregistroa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikita egonen da, baina hala ere, berariazko erregistro elektronikoak ere sortu ahal izanen dituzte, Ogasunekoa kasu. Erregistro Elektronikoaren bidez egindako komunikazioek gainerako bideetatik egindakoen ondorio juridiko berak izanen dituzte.


Prozedura bat bide telematikoak erabiliz hasteak ez du esan nahi hurrengo urratsen izapideak ere elektronikoki egin ahal izanen direnik; izan ere, prozedura elektronikoak pixkanaka ezarriko dituzte. Orain arte, Nafarroako Gobernuak, beste Administrazio batzuekin elkarlanean, zenbait neurri hartu ditu, ordainketa telematikoen esparruan aurrera egiteko, sinadura elektronikoa Administrazioetan hedatzeko, edo Udaletako erregistro zibilak online lotzeko, besteak beste.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa