(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nazioarteko Planaren baitan, 60 ekintzatik gora eginen dituzte, Nafarroa nazioartekotu dadin bultzatzeko asteartea, 2008.eko ekainak 24

Gaur, programa diseinatzeko bigarren jardunaldia egin dute


2008-2011ko Nafarroako Nazioarteko Planaren baitan, 20 arlotako 60 ekintzatik gora eginen dituzte, Foru Komunitatea, bertako enpresak, eta herritarrak, oro har, nazioartekotu daitezen bultzatzeko.


Nafarroako sozio-ekonomiaren hainbat arlotako 66 aditu eta profesional ari dira Plana diseinatzeko lanetan: Herri Administrazio, unibertsitate, enpresa, sindikatu, elkarte, eta abarretako aditu eta profesionalak. Bost lan arlotan banatuta ari dira, joan den martxoaz geroztik.


Plana idazten ari direnek jardunaldi bat egin dute, gaur, Nafarroako Museoan, ardatz bakoitzeko ondorio nagusiak bateratzeko. Jardunaldia Álvaro Miranda Simavilla Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak inauguratu du. Behin betiko dokumentua irailerako idatzita egon dadin nahi dute.


Jarduera ardatzak honako hauek dira: hezkuntza eta gizartea; Nafarroaren irudi ekonomikoa kanpoan; itunak eta sareak; Europako eta nazioarteko proiektuen berri izan eta kudeatzea; eta enpresak nazioartekotzea.


"Hezkuntza eta gizartea" ardatzari dagokionez, nafar guztiak trebatzea eta nazioartekotzearen aldeko kultura sortzea ditu helburu. Batik bat, honako hauek sustatuko dituzte: nafarrek atzerriko hizkuntzak ikastea (batez ere ingelesa), mugikortasuna, eta nazioartekotzearen aldeko giroa (sentsibilizazio ekimenen bidez).


Gainera, berariazko programak eginen dituzte, atzerritar talentudunak erakartzeko, eta hartara, puntako ezaguerak geureganatu eta sinergiak sortzeko, ikasle, ikertzaile eta profesional berriekin.


 "Nafarroaren irudi ekonomikoa kanpoan" ardatzak bi helburu ditu. Batetik, Nafarroa munduan kokatzea, ekonomiaren esparruan bereizten gaituzten balio eta alderdien berri emanez, atzerrian Nafarroa identifikatu eta hobeto ezagutu dezaten bultzatzeko. Eta bestetik, Nafarroaren irudi ekonomikoa kanpoan sustatzearen ondorioz, Nafarroako sozio-ekonomiaren eragile guztiak merkatu berrietan sartzeko eta nazioarteko jarduerak garatzeko sostengua eta erraztasunak ematea.


"Itunak eta sareak" ardatzaren baitan, Nafarroak sareetan parte hartu dezan eta itunak egin ditzan bultzatzeko ekintzak daude, Europako proiektuen berri izateko, nazioarteko kontratuak egiteko, ezaguerak partekatzeko, eta kanpoan lekua izateko. Gainera, erreferentziazko erakunde nazionalekiko harremana bultzatzea ere badu helburu, nazioartekotzea sustatzeko palanka gisa.


"Europako eta nazioarteko proiektuen berri izan eta kudeatzea" ardatzaren helburua da nazioarteko erakundeek (publiko zein finantzaketakoek) finantzatutako proiektu zein kontratuen berri izateko orduan Nafarroak duen kokaleku ona hobetzea. Horretarako, Nafarroak Europan duen kokalekua finkatu eta Europatik kanpo duena bultzatu beharko dira, publiko-pribatu koordinazioa optimizatuz eta gure gaitasunak, ezaguerak eta gisa horretako erakunde, proiektu eta kontratuekiko dugun sentsibilizazioa hobetuz.


"Enpresak nazioartekotzea" ardatza, azkenik, Nafarroa Nazioartekotzeko Planeko ardatz nagusietako bat da. Zentzu horretan, aurrerantzean ere nafar enpresei sostengua emanen diete atzerriko jardueretan, eta laguntzen ikuspuntua aldatuko dute, enpresa ehundura zabalari hobeto egokitzeko, gure kanpo balantza hobetzeko eta sektoreak eta jomugak askotarikotzeko. Horretarako, laguntza programak eginen dituzte, aniztasun hori islatzeko, enpresak nazioartekotzeko fase eta arlo guztietarako sostengu zerbitzuak ugarituko dituzte, eta enpresei euren jomugan bertan emandako sostengua indartuko dute, pixkanaka.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa