(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Museoan "Goya. Tauromaquia" izeneko erakusketa izango da ikusgai irailaren 21 arte ostirala, 2008.eko uztailak 4

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramón Corpas Mauleón jaunak "Goya. La Tauromaquia" izeneko erakusketa aurkeztu du, gaur goizean, Nafarroako Museoan. Bertan, berrogei grabatu egongo dira ikusgai, datorren irailaren 21 arte.


Goyaren “Tauromaquia”

Nafarroako Museoan dagoen grabatu bat. ( irudia handitu )

Nafarroako Museoaren zuzendari Miguel Ángel Hurtado Alfaro jauna da 50.000 euroko aurrekontua duen erakusketaren komisarioa. Ordutegia honakoa da: asteartetik larunbatera, 9,30etik 14etara eta 17etatik 19etara; eta igande eta jaiegunetan eta uztailaren 8,9,10,11 eta 12an, 11etatik 14etara. Museoa itxita egongo da astelehenetan eta uztailaren 6an.


Erakusgai dauden grabatuak, Francisco de Goya-ren "La Tauromaquia" serieari dagozkio. Aragoiko pintoreak 1814 eta 1815 artean egin zituen grabatu horien plantxak; lan hori burutzeko teknika desberdinak erabiliz, esaterako, akuafortea, urtinta, leungailua, urkolorea, punta lehorra eta eskoploa. Serie horretako grabatuen lehenengo edizioa 1816ko urriaren 28an jarri zen salgai.


Berrogei grabatuak 1929koak dira; Madrilgo Arte Eder Zirkuloak egin eta Kalkografia Nazionalean inprimatu ziren. Jatorrizko plantxak erabilita orain arte egin diren zortzi edizioetatik seigarrena da honako hau.


Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramón Corpas jaunak azpimarratu duenez, XVIII mendearen bigarren erdialdean eta XIX mendearen hasieran (sasoi horretakoa zen Goya) "zezenketak susperraldi bikaina bizi izan zuen, korridek inoiz ez bezalako garrantzia soziala eskuratu zutelarik. Artistek, horren guztiaren balio plastikoak erakarrita, jaialdi horiei begia bota, eta pintoreek zezenketa arloko eszenak inprimatu zituzten, merkaturatzeko asmoarekin." Kalkografiazko grabatua izan zen teknikarik erabiliena; izan ere, irudiak erraztasunez inprimatu eta merkatuan salgai jartzeko aukera ematen baitzien.


Zentzu horretan, Goya ez zen salbuespena izan. Independentzia Gerra bukatzean, lilura galdutako gizona bilakatu zen Goya, eta "Desastres" izeneko lanean islatu zituen borroka horren arrastoak: gordintasuna, indarkeria, deserrotzea eta bakardadea. Pintoreak gai arinago bat aukeratu zuen bere grabatu berriak egiteko, inolako konnotazio politikorik gabea, hau da, zezenak.


Goyaren "Tauromaquia" lanak, antzeko beste lan batzuetatik bereizten duen ezaugarriak ditu. Eszena kopuru handiaz osaturik dago, hogeita hamahiru guztira; normalena grabatu-kopurua txikiagoa izatea bazen ere. Gainera, Goyak beste sei eszena ere grabatu zituen, erabilitako kobrezko xaflen atzealdean; ez ziren argitaratu. Horiez gain, beste bost grabatu ere egin zituen, proba moduan bada ere. Multzoa, beraz, berrogeita bost plantxaz osatuta egongo litzateke guztira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa