(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Cordovillan eta Iruñean etxebizitza babestuen eremu bat garatzeko Plana UEPS izendatu dute

asteartea, 2008.eko uztailak 15

Nafarroako Gobernuak hitzartu duenez, Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuen eremu bat garatzeko Plana Udalaz gaindiko Eragina duen Plan Sektorial (UEPS) izendatu dute. Aipaturiko Plana “Cordovillako jabeen Elkarteak” sustatu du, eta aurreikuspenen arabera, 4.300 bat etxebizitza eraikiko dituzte bertan (%80-100 etxebizitza babestuak).


Lurralde Antolamenduko Batzordeak, uztailaren 4ko bileran, oniritzia eman zion aipaturiko eremua UEPS izendatzeari.


Proiektuan honako hauek aurreikusten dituzten: etxebizitza babestuen behin betiko ehunekoa espedientea ebazten dutenean zehaztuko dute, azterlan ekonomikoak egiaztatu ondoren; sustatzaileak bermatu eginen du jarduera eremuko linea elektrikoak lehengoratzeko proposatutako lanak egiten direla; sustatzaileak egin eta ordaindu beharko ditu jarduera eremua kanpoko sistema orokorrekin lotzeko azpiegiturak edo, hala dagokionean, aipaturiko sistemak zabaldu edo indartzeko lanak, eta gainera, azpiegituretarako beharrezkoak diren lursailak eskuratzeko neurriak hartu beharko ditu; Ebroko Konfederazio Hidrografikoak urbanizazio proiektuari buruzko txostena egin beharko du; eta sustatzaileak, nolanahi ere, beharrezkoak diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.


Espedientea jendaurrean egonen da hogeita hamar egunez, eta epe berean, Udalei entzunaldia emanen diete. Xede horretarako, Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuan (Armadaren hiribidea, 2. zenbakia, 3. maila, Iruñea) espedientea eskuratu ahal izanen da. Alegazioak ere bertan aurkeztu ahal izanen dira, idatziz.


Plangintza eremuak 1,1 milioi metro koadrotik gora ditu. Eremuaren ia %90 Galarreko Udalarena da, eta gainerakoa, berriz, Iruñeko Udalarena.


Planak bi eremu ditu: bat, Zaragoza hiribidetik gertu dagoena, eta bestea, Donapeako goi ordokia.


Donapeako goi ordokian bi erabilera aurreikusten dituzte: egoitza erabilera iparraldean eta ekialdean, eta erabilera ekonomiko edo teknologikoa hegoaldean eta mendebaldean. Eremua etxadi irekien bidez egituratuko dute, eta edukiera handiko kaleak, bitariko bideak, oinezkoentzako eremuak (barrualdean) eta inguruko ibilbideak izanen ditu, hiri eremu anitza eta erakargarria izan dadin. Bestalde, zerbitzu gune bat izanen du erdigunean, eta bertan egonen dira ekipamendu nagusiak (hezkuntza, osasun eta kultura ekipamenduak), Cordovillako urbanizazio zaharrak eta berriak egituratuko dituen parkearen inguruan. Urbanizazio zaharrak eta berriak oinezkoentzako ipar-hego ibilbide bikoitz baten bidez lotuko dituzte, hain justu.


Zaragoza hiribidetik gertu dagoen eremuari dagokionez, bitariko egitura izanen du. Ekonomia eta hirugarren sektoreko erabilerak nagusi izanen dira, eta egoitza erabilerek Iruñeko udal mugapearen amaiera josten lagunduko dute. Era berean, Galarreko industria eremua berriro diseinatzen hasiko dira, eta Zaragozako errepide zaharraren ordezko bidearen hiri egitura berrira egokituko dute.


Bestalde, Sadar ibaiko hiri parkea luzatu eginen dute hirigune berrirantz, eta baita ekialdetik ere, mazela osoan barrena (Eskualdeko Hirigintza Arauetako erreserbak barne hartuta). Parkea Cordovillako jatorrizko hirigunetik haratago iritsiko da, eta AP-15 autobideko gerrikoarekin lotuko dute. Korridore berdeak txirrindulari eta oinezkoentzako bide sarea izanen du, lurraldea egituratzen laguntzeko, eta etorkizunean La Morea inguruarekin eta aireportu eremuarekin lotu ahal izateko prest utziko dute.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa