(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Inbertsioak sustatzeko neurri fiskal eta finantzaketakoak biltzen dituen Foru Legearen proiektua onartu du Gobernuak, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko

astelehena, 2008.eko uztailak 21

Gaur, inbertsioak sustatzeko zerga beherapenak eta finantzaketa neurriak biltzen dituen Foru Legearen proiektua onartu du Nafarroako Gobernuak, eta Parlamentuari igorri dio.


Foru Gobernuak, joan den ekainean, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko neurriak iragarri zituen, eta horiexek bildu dituzte Foru Legearen proiektuan. Garrantzi handiko neurriak dira, eta ondorioz, beharrezkoa da PFEZari eta Sozietateen Gainerako Zergari buruzko araudia aldatzea, neurriak ezarri ahal izateko.


Nafarroako ekonomia suspertzeko neurrien Foru Legearen proiektua (2009-2011) krisialdi ekonomikoari aurre egiten saiatzeko tresna da. Gainera, gogoan izan behar dugu Nafarroa 2012 Planaren baitan beste laurogeita hamar esku-hartze eginen dituztela, azpiegituren eta herri lanen arloan. Nafarroa 2012 Plana Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak hitzartu zuten, hain zuzen, eta 2008ko maiatzaren 23an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen.


PFEZaren aldaketak


PFEZaren gaineko araudiari dagokionez, Foru Legearen proiektuko proposamenen helburuak honako hauek dira: batetik, 2009-2011 aldian Foru Komunitateko etxebizitzak zaharberritu daitezen bultzatzea; eta bestetik, zergak ordaintzen dituzte errentarik baxuenen zerga karga txikitzea, PFEZaren bidez.


Hartara, ohiko etxebizitzen zaharberritze kontzeptua malguagoa izanen da aurrerantzean, eta indarrean dauden dedukzioak handituko dituzte (orokorrean, %15etik %18ra; familien kasuan, %18tik %21era; eta familia ugarien kasuan, %30etik %33ra). Gainera, etxebizitzak zaharberritzeko lanen baitan energia eraginkortasuna hobetzeko lanak egiten diren kasuetan, %2ko dedukzio gehigarria eginen dute.


Bestalde, laneko dedukzioak aldatuko dituzte, eta zerga ordainketaren progresibotasun kontzeptua ezarriko dute. Hartara, dedukzioak kalkulatzeko lau tarte erabiliko dituzte (gaur egun hiru erabiltzen dituzte), familien errenta handitze aldera.


Lehenengo tartean, 9.100 euro edo gutxiagoko etekin garbia duten zergadunak egonen dira, eta kasu horretan, dedukzioa 440 euro handituko dute (gaur egun 850 euroko dedukzioa dute, eta aurrerantzean, berriz, 1.290 eurokoa egitea aurreikusten dute).


Bigarren tartean, 9.100-10.600 euroko etekin garbia duten zergadunak egonen dira. Kasu horretan, gehienezko dedukzioa 1.290 eurokoa izanen da, eta gutxienekoa, berriz, 1.140 eurokoa (1.290 euro – etekin garbia - 9.100 euro x 0,1).


Hirugarren tartean, 10.600-45.800 euroko etekin garbia duten zergadunak egonen dira. Kasu horretan, gehienezko dedukzioa 1.140 eurokoa izanen da, eta gutxienekoa, berriz, 700 eurokoa (1.140 euro – etekin garbia - 10.600 euro x 0,0125).


Laugarren tartean, azkenik, 45.800 eurotik gorako etekin garbia duten zergadunak egonen dira, eta kasu horretan, dedukzioa 700 eurokoa izanen da. Gaur egungo araudiaren arabera, 700 euroko dedukzioa 10.600 eurotik gorako etekina duten zergadunei egiten diete.


Balio-urritasunen bat duten langileei dagokienez, %33-64ko balio-urritasuna dutela egiaztatzen dutenei 1.750 euroko dedukzioa eginen diete (gaur egun 1.500 eurokoa egiten diete), eta %65 edo gehiagoko balio-urritasuna dutela egiaztatzen dutenei, berriz, 3.250 eurokoa (gaur egun 3.000 euroko dedukzioa egiten diete). Horrela bada, balio-urritasunen bat duten langileen dedukzioa 250 euro handituko dute, kontuan hartuta gaur egungo dedukzioen zenbatekoa ere finkoa dela.


Sozietateen Gaineko Zergaren aldaketak


Sozietateen Gaineko Zergari dagokionez, gaur onartu duten Foru Legearen proiektuari jarraiki, nahi bezala kitatu daitezkeen elementuen zenbateko unitarioa hirukoiztu eginen dute (600 eurotik 1.800 eurora).


Gainera, enpresa txiki eta ertainei (ETE) begira, amortizazio bizkortuaren koefizientea handitu eginen dute, eta amortizazio tauletan aurreikusitako koefizienteak 2 bider egin ahal izanen dira (gaur egunera arte 1,5 bider egitea aurreikusten zuten).


Azkenik, finantzaketari dagokionez, Foru Legearen proiektuak baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari (apirilaren 4ko Nafarroako Herri Ogasunari buruzko 13/2007 Foru Legeko 75. artikuluan aurreikusitakoaren babesean), ekonomiaren sektore batzuetako inbertsioak finantzatzen laguntzeko bermeak emateko (30.000.000 euroko bermeak gehienez ere).



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa