(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Seguros Lagun Aro SA konpainia Euskarabidearekin elkarlanean jardunen da

osteguna, 2008.eko uztailak 24

Seguros Lagun Aro SA konpainia Euskarabidearekin elkarlanean jardunen da, euskarazko kultura jardueren kanpaina batean (zinema, antzerkia, kontzertuak...). Kanpaina Nafarroako hainbat udalerritan eginen dute, hain zuzen, 2008ko azkeneko lau hilabeteetan.



Xede horrekin, aseguru etxeak lankidetza hitzarmena izenpetu du, gaur, Euskarabidearekin, eta hari jarraiki, kanpainaren aurrekontuaren %35 finantzatuko du. Guztizko aurrekontua 80.000 eurokoa izanen da.


Jakina denez, Euskarabidearen funtsezko egitekoak dira euskarazko kultura eta arte jarduerak sustatzea eta euskara garatzeko programak eta jarduerak sustatu, sostengatu eta antolatzea. Lagun Aro SA konpainiari dagokionez, berriz, euskara sustatzen duten erakundeei laguntzeko konpromisoa hartu du bere estatutuetan.


Hartara, bi erakundeek euskara sustatzea dute helburu, eta horrexegatik, lankidetza hitzarmena izenpetu dute. Hitzarmenari jarraiki, aseguru etxeak euskarazko kultura jarduerak finantzatuko ditu, eta ordainetan, publizitate euskarrietan berariaz adieraziko dute konpainiak finantzatutako jarduerak direla. Horretarako, konpainiaren izena eta logotipo ofiziala agertuko dira iragarkietan.


Bi erakundeek Jarraipen Batzorde bat osatuko dute, euskarazko kultura jardueren kanpaina aztertu eta koordinatzeko. Jarraipen Batzordeak erakunde bakoitzeko hiru ordezkari izanen ditu.


Euskarabideak kanpaina kudeatuko du eta jarduera programa kudeatzeko enpresa kontratatuko du. Horretarako, kanpainako antolakuntza, kudeaketa, koordinazio eta publizitate lanak eginen dituen enpresa kontratatzeko espedientea jarri zuten abian. Aurrekontua 7 erakunderi eskatu zieten, eta azkenean, kanpainaren kudeaketa HURBIL KULTURGAIAK SL enpresari esleitu zioten, proposamenik onena egin zuelako. Nolanahi ere, jasotako eskaintza guztiak kalitate onekoak izan zirela azpimarratu behar da.


Behin betiko programa irailean emanen dute ezagutzera. Enpresa esleipenduna Udalekin harremanetan jarriko da, jarduerak eskaini eta egutegia zehazteko. Aurten 40-50 jarduera egitea aurreikusten dute. Parte hartu nahi duten Udalek azpiegiturak (lokal egokiak, langileak –beharrezkoa izanez gero-, etab.) eskaini beharko dituzte, eta jardueren eta publizitatearen gastuak kanpaina sustatu duten erakundeek ordainduko dituzte.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa