(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Sanzberro kontseilariak eta Vianako alkateak hitzarmena izenpetu dute, Las Cañas urtegiko segurtasuna hobetzeko

asteazkena, 2008.eko uztailak 30

2008tik 2011ra bitarte, presako hormak sendotuko dituzte, 770.818 euroko aurrekontuarekin. Las Cañas urtegiak A maila du balizko arriskuen sailkapenean


Vianako Udala. ( irudia handitu )


Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Gregorio Galilea Arazuri Vianako alkateak hitzarmena izenpetu dute, gaur eguerdian, Las Cañas urtegiko segurtasuna hobetzeko. Horretarako, presako dikeak indartuko dituzte. Hitzarmenari jarraiki, dagokion proiektua gauzatuko dute, 770.818 euroko aurrekontuarekin. Xede horrekin, gastua hainbat urtetan (2008, 2009, 2010 eta 2011) egiteko baimena eman du Nafarroako Gobernuak. Hitzarmena izenpetzeko ekitaldia Vianako Udaletxean egin dute, eta Andrés Eciolaza Carballo Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia ere bildu da bertara.


Hitzarmenari jarraiki, Vianako Udalak (presaren titularra) lanak egiteko baimena emanen du. Las Cañas urtegia Vianako udal mugapean dago, eta 99,76 hektarea okupatzen ditu eta haren edukiera hektometro kubiko 1ekoa da. Vianako ureztatzaile elkarteak erabiltzen du, lursailak ureztatzeko. Urtegi txikia bada ere, A maila du balizko arriskuen sailkapenean. A kategoriako presak dira, hain zuzen, hautsi edo gaizki funtzionatuz gero, herriguneetan edo funtsezko zerbitzuetan kalte larriak eragin ditzaketenak edo gauzetan edo ingurumenean kalte larri-larriak eragin ditzaketenak. Kasu honetan, bi industrialde daude presan behera, bat Nafarroan eta bestea Errioxan.


Horregatik, Vianako Udalak Larrialdietarako Plana idatzi du, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren laguntza teknikoarekin eta finantzaketarekin.


Jakina denez, Las Cañas edo Salobre urtegia aintzira endorreiko zahar batean egin zuten. Bertan, bi dike eraiki zituzten. Landare eta animalia espezie ugari dituen eremua da, baina balio berezia du bertara hegazti espezie asko biltzen direlako. Hezegunean abia egiten duten hegaztien artean, honako hauek azpimarratu ditzakegu: amiltxoria, koartzatxo txikia, koartza gorria, eta murgil handia. Gainera, badira negua bertan igarotzen duten hegazti espezieak ere. Honako hauek, adibidez: murgilari arrunta, hegabera, koartza hauskara, ahate mokozabala, ubarroia, basahatea eta kopetazuria. Gainera, Las Cañas urtegian anfibioak (igelak, zapoak eta uhandreak), narrastiak (sugeak eta apoarmatuak), eta ugaztun txikiak (uretako arratoiak, satitsuak eta saguak) aurkitu daitezke.


Las Cañas bioaniztasun handiko urtegia da, eta ondorioz, 1987an, Natur Erreserba izendatu zuten. Hiru urte geroago, berriz, Hegaztien Babesgune Berezi izendatu zuten. Gainera, Nafarroako Gobernuak Natura 2000 Sarearen baitan sartzeko proposatutako IKLetako bat da (Interes Komunitarioko Lekua), eta Nazioarteko Intereseko Hezeguneen sarean (RAMSAR) dago.


Las Cañas urtegian hegaztien behatoki bat dago, "El Bordón" izenekoa. Bertan, informazio ugari ematen dute: Nafarroako Naturgune Babestuen Sarea, uraren erabilerak, eta inguruko landaredia eta hegaztiak. Behatokian prismatikoak eta teleskopioak daude, eta Nafarroako ornitologia turismoaren sareko (Birding) lekurik azpimarragarrienetako bat da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa