(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak ia 500.000 euro emanen dizkie, aurten, borondatezko suhiltzaileen parkeei

asteazkena, 2008.eko uztailak 30

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren bidez (NLA), ia 500.000 euro emanen dizkie, aurten, borondatezko suhiltzaileen parkeei, mantentze lanetarako. Hain zuzen ere, gastu arruntetarako eta eraikinetan eta ibilgailu berrietan inbertsioak egiteko jasoko dute aipaturiko zenbatekoa.



Hartara, 2007an baino 20.000 euro gehiago jasoko dituzte, David Sáinz Jiménez Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak berriki izenpetu dituen ebazpenetatik ondorioztatu daitekeenez. Gainera, iaz, enpresa batzuek 100.000 euro eman zituzten, zenbait ibilgailu erosteko (lehenengo ordainketa egiteko).




Foru Komunitatean suhiltzaile profesionalen hamaika parke daude (udan hamabi, Miluzeko -Iruñea- gunea kontuan hartuz gero). Gainera, borondatezko suhiltzaileen parkeak daude, eta horiek ere Nafarroako Larrialdietako Agentziako Suteak Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuaren egituran sartuta daude. Borondatezko suhiltzaileen parkeak honako herri hauetan daude: Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaiden. Suhiltzaile profesionalen parkeekin elkarlanean aritzen dira, SOS Nafarroa 112 koordinazio guneak hala eskatzen duenean.


Gaur egun, borondatezko 141 suhiltzaile daude Nafarroan, ongintzaren eta gizartearen alde lan egiten. Boluntarioak honela banatuta daude: Agoitzen, 23; Beran, 22; Goizuetan, 25; Izaban, 6; Leitzan, 20; Lesakan, 25; eta Luzaiden, 20. Guztiek ikastaro bat egin dute, suteei edo salbamenduei berme guztiekin aurre egiteko gai izateko. Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen du. 2007an, hain zuzen, borondatezko suhiltzaileen parkeek egin zituzten esku-hartzeak 5.000 ordutik gorakoak izan ziren, eta besteak beste, suteak itzali (baso edo hiri suteak), errepideetako galtzada garbitu, galdutako pertsonak bilatu, eta praktikak eta simulakroak egin zituzten. Guztiek 60 orduko maniobrak egin behar izaten dituzte urtero.


Nafarroako Gobernuak 495.500 euro emanen dizkie Udalei, borondatezko suhiltzaileen lanaren ordainetan. Zenbatekoa honela banatuko dute: 159.000 euro, gastu arruntetarako (aseguruak, telefonoa, ura, etab.); eta 336.500 euro, inbertsioetarako. Iaz, eraikinak hobetzeko prozesua amaitutzat eman zuten, eta ibilgailuak berritzeko prozesuari hasiera eman zioten. Aurten, jarraipena emanen diote prozesu horri.


Gastu arruntei dagokienez, parke guztiek 20.000-30.000 euro jasoko dituzte, Izabakoak salbu (Nafarroako Larrialdietako Agentziak 7.600 euro emanen dizkio Izabako parkeari). Inbertsioei dagokienez, berriz, Nafarroako Larrialdietako Agentziak 119.000 euro emanen ditu Agoitzeko parkeko autoponpa ordaintzeko (ordainketaren bigarren partea), eta baita 68.000 euro ere, Goizuetako parkerako anbulantzia bat erosteko. Leitzako parkeak 67.000 bat euro jasoko ditu, berrikuntza lanak egin eta bizkor esku hartzeko ibilgailu bat erosteko. Nafarroako Larrialdietako Agentziak, bestalde, ia 80.000 euro emanen ditu bizkor esku hartzeko ibilgailu bat erosteko, Luzaiderako. Izabak eta Berak ez dute inbertsioetarako diru laguntzarik jasoko.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa