(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

María Bayo sopranoak Fiteron eskainiko duen kontzertua aurkeztu du Catalán kontseilariak ostirala, 2008.eko abuztuak 1

Ekitaldia Udalak antolatu du, eta Nafarroako Gobernua kolaboratzaile jardun da; kontzertuan, Vicente Martín y Soler, Fernando Sor, Lorenzo Palomo, Francisco Tárrega eta Enrique Granados lanak abestuko ditu Bayok, Pablo Sáinz Villegas gitarristaren laguntzarekin


Kontzertuaren kartela

Kontzertuaren kartela. ( irudia handitu )

Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak eta Francisco Javier Yanguas Fernández Fiteroko alkateak kontzertu bat aurkeztu dute, gaur goizean. Abuztuaren 16an (larunbata), 20:30ean, María Bayo sopranoak Fiteroko Santa María la Real elizan eskainiko duen kontzertua, hain zuzen.


María Bayok Pablo Sáinz Villegas gitarristaren laguntza izanen du (gitarra klasikoa), eta honako musikagile hauen lanak abestuko ditu: Vicente Martín y Soler (1754-1806), Fernando Sor (1778-1839), Lorenzo Palomo (1938), Francisco Tárrega (1852-1909) eta Enrique Granados (1867-1916). Lorenzo Palomoren lanei dagokienez (madrigal bat eta judu gaztelaniazko bost abesti), estreinakoz entzunen dira Estatuan.


Sarrerak Fiteroko Turismo Bulegoaren bidez salduko dituzte (948 77 66 00). Bestalde, aldez aurretiko erreserbak eta ordainketak (transferentziak) turismo@fitero.org helbidearen bidez ere egin ahal izanen dira.


María Bayo


María Bayo Jiménez Fiterokoa da sortzez, eta 2002an "Vianako Printzea" Nafarroako Kultur Saria jaso zuen. Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan egin zituen lehenengo musika ikasketak, eta geroago, Nafarroako Gobernuaren beka bati esker, Detmoldeko (Alemania) Hochschule fur Musik goi mailako eskolan ikasi zuen, Arthur Janzen irakaslearekin. Bere ibilbidearen hasieran, Ciudad de Logroño, Julian Gaiarre (Iruñea), Viñes (Bartzelona) eta María Callas (Italia) sariak lortu zituen. Vienako Belvedere Lehiaketan, berriz, hamar sari lortu zituen, beste hainbat arlotan, eta horixe izan zen bere lanbide karreraren egiazko abiapuntua.


Gaur egun, nazioartean ospe handia duen abeslarietako bat da, bere interpretazioen indarrari eta malgutasunari esker. Musika barrokoa (Cavalli, Graun, Hasse, Haendel) zein XX. mendeko piezak (Debussy, Granados, Falla, Poulenc edo Stravinski) abesten ditu, baina Mozart du gogokoen. Hurrenez hurreneko lau urtetan egin izan diote gonbit Salzburgoko Jaialdian parte hartu eta Mozarten Da Ponte opera trilogia abesteko. María Bayo da horrelakorik lortu duen espainiar abeslari bakarra.


Errepertorio zabala du: "lied" piezak, kontzertua orkestra eta oratorioarekin, edo opera. Besteak beste, Maazel, Chailly, René Jacobs, Alessandrini, Rousset, Víctor Pablo, López Cobos, Ros Marbá, Frübeck de Burgos, Sir Colin Davis, Jordan, Pappano eta Krevin-en zuzendaritzapean abestu izan du, munduko opera antzoki nagusietan (Milango Scala, Berlingo Staatsoper, Hanburgo, Munich, Dresden, Londoneko Covent Garden, Buenos Aireseko Colón, New Yorkeko Metropolitan, eta Madrilgo La Zarzuela, besteak beste). Sopranoak 30 diskotik gora grabatu ditu, eta kontzertu areto handi guztietako musika zikloetan, musika jaialdi nagusietan eta mundu osoko opera antzokietan aritzen da. Hainbat sari jaso izan ditu, Estatuan zein nazioartean.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa