(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuaren prozedura administratibo guztiak eguneratuta daude web atarian astelehena, 2008.eko abuztuak 18

Guztira 600 prozeduratik gora dira, eta fitxa batzuen bidez, erreferentziazko araudiari, kasuan kasuko prozedura ebatziko duen erakundeari eta jakinarazteko epeari buruzko informazioa ematen dute


Nafarroako Gobernuko web atarian Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eskumeneko prozedura administratiboei buruzko informazio eguneratua eskaintzen hasi dira, berriki.


Zerbitzua zabaldu egin dute, eta hartara, gaur egun indarrean dauden prozeduren zerrendaz gain (600 baino gehiago), bakoitzari buruzko xehetasunak ematen hasi dira. Hartara, fitxa batzuen bidez, estekak jarri dituzte erreferentziazko araudiari buruzko informazioa eskuratzeko (Lexnavarra web orria). Gainera, beste informazio batzuk ere ematen hasi dira: jakinarazteko epea, ebazpenik ezaren ondorioak (ezezkoa eman-onartu), eta kasuan kasuko prozedura ebatziko duen erakundea. Bilatzaile bat ere badago. Informazioa www.navarrra.es atariko Nafarroa saileko Derecho Navarro (gaztelaniaz bakarrik) atalean dago.


Zehazki, herritarrekin zerikusia duten prozedurak (orokorrak edo departamentu jakin bati dagozkionak) eta langile publikoekin zerikusia dutenak bildu dituzte webgunean.


Horrela, honako informazio hau eskaintzen dute, besteak beste: ikasleen onarpenari buruzko araudia, hutsegite larri edo oso larrien aurrean erreklamazioak egiteko prozedura, elkarteen erregistroan izena ematea, zezenketetarako baimenak, udal mugapeak aldatzea, laguntzak eskuratzeko modua, edo enplegu erregulazioen prozedura.


Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legean, indarrean dauden prozedurei buruzko informazio orokorra modu errazean eta arrazionalean emateko betebeharra xedatu zuten. 2004an bertan, prozeduren zerrenda urtero Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain herritarrak artatu eta informatzeko bulegoetako iragarki tauletan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere jartzeko agindu zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak.


Gaur egun, sarea da herritarrei informazioa emateko biderik eraginkorrena, eta ondorioz, sarean zerrenda eguneratua eskain dezaten agindu du Javier Caballero Martínez presidenteorde eta kontseilariak. Hartara, berariazko atala sortu dute, prozeduren zerrendaz gain informazio gehiago ere emateko. Gainera, tresna berriari esker, aldaketak eguneratzeko aukera izanen dute departamentuek.


Argitalpenak ez du balio arauemailerik, eta informazioa ematea du helburu Herritarrei informazioa emateaz gain, administrazioa sinplifikatzeko prozedura ebaluatzeko ere balio du. Izan ere, administrazio prozedurak bermatu egiten du Administrazioa ez dela bidegabeki jardunen; hots, administrazio prozedurako arau publikoei jarraiki jardunen dela.


Informazio zerbitzuan egin duten hobekuntza Administrazioa modernizatzeko helburuen eta zerbitzu publikoen kalitatea sustatzeko politiken esparruan dago kokatuta. Esparru berean, erregistro elektroniko orokorra eta jakinarazpen telematikoak abiatu dituzte eta sinadura digitala hedatu dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa