(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako aniztasunaren artapena arautu du asteazkena, 2008.eko abuztuak 20

Zerbitzu horretako prozedurak, baliabideak eta neurriak arautu dituen lehenengo autonomia erkidegoa Nafarroa da


Hezkuntza Departamentuak Foru Agindu bat landu du (93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa), Nafarroako ikastetxeetako aniztasunaren artapena arautzeko. Garrantzi handiko araudia da, eta funtsezko lorpenak ahalbidetzen ditu: hainbat arau solte indargabetzen eta elkartzen ditu; Nafarroan Hezkuntza Berezirako erabiliko diren oinarriak, eskolatze prozesuak eta baliabideak zehazten eta sistematizatzen ditu, estreinakoz; baliozkotasun ofiziala ematen die arautu gabeko programa batzuei; portaera eta egokitzapen arazoak dituzten DBHko ikasleentzako Curriculum Egokituaren Unitateak arautzen ditu; eta Departamentuari ahalmena ematen dio eskola absentismoaren aurka borrokatzeko programa berriak diseinatzeko.


Arau berriari esker, aniztasunaren artapena arautu duen lehenengo autonomia erkidegoa Nafarroa da, eta arauaren zabalkundea bermatzearren, Hezkuntza Departamentuak bere webgunean argitaratu du. Hartara, beste erkidego batzuetako teknikari eta irakasleen bisitak ugaritu egin dira; izan ere, gainerako erkidegoetan, aniztasunaren artapeneko beharrizanei aurre egiteko programa solteak badituzte ere, oraindik ez dute arautu hezkuntza zerbitzu hori.


Aniztasunaren artapenaren filosofia eta oinarriak


"Aniztasunaren artapena" kontzeptuak hainbat motatako ikasleekin du zerikusia: ezgaitasunen edo portaera nahasteen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak; adimen gaitasun handiko ikasleak; hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleak (immigrazio arrazoiak tarteko); eta egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleak. Horiei guztiei hezkuntza baliabide egokiak eskaini behar zaizkie, euren gaitasun pertsonalak ahal bezainbeste garatzeko, eta oro har, hezkuntzaren etapa bakoitzerako ikasle guztientzat ezarrita dauden helburuak erdiesteko.


Aniztasunaren artapena beharrizan bat da, eta hezkuntzako etapa guztiak eta ikasle guztiak hartu behar dira kontuan. Gainera, Hezkuntzaren Lege Organikoko hitzaurrean printzipiotzat jotzen dute. Hezkuntza Departamentua bat dator filosofia horrekin, eta hartara, hezkuntza sistema malgua garatzen ahalegintzen da; hots, ikasleen gaitasunak, beharrizanak, interesak, eta heltze erritmoa kontuan hartzen dituen neurriak hartzeko gai den hezkuntza sistema.


Dagoeneko esan dugun moduan, testu berriak dokumentu bakarrean biltzen ditu, Hezkuntzaren Lege Organikoarekin bat, aniztasunaren artapenari buruzko arau solteak. Aipaturiko arauak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen babesean sortu zituzten, hain zuzen. Gainera, zenbait hezkuntza programa arautzen ditu. Programa horiek arautu gabe zeuden, eta zenbait ikastetxetan ezarri izan dituzte aurreko ikasturteetan; beharrezkoa zen, beraz, arau esparru batean biltzea (eskolako laguntza emateko programak -Lehen eta Bigarren Hezkuntza- eta laguntza eta sostengu programak -Bigarren Hezkuntza-).


Foru Agindu berriaren testua kapitulutan banatuta dago: definizioa, identifikazio metodoak, eskolatze moduak, prozedurak, baliabideak, eta berariazko programak eta neurriak (hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, adimen gaitasun handiko ikasleentzat, hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleentzat, eta egoera sozial txarrean dauden ikasleentzat).


Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako neurriak desberdinak dira, eta bi motatakoak izan daitezke: arruntak eta bereziak. Neurri arruntei dagokienez, ikastetxe guztietarako balio dute, eta honako hauek dira: tutoretza ekintza, aukeratu ahal izatea, ziklo edo etapa berean beste ikasturte bat ematea, etab. Neurri bereziei dagokienez, berriz, berariazko programak ezartzen dituzte ikastetxe jakin batzuetan, eta aniztasunari hobeto erantzutea ahalbidetzen dute.


Aniztasuna Artatzeko Plana


 Testuko II. kapituluan Aniztasuna Artatzeko Plana landu dute. Haren definizioa honako hau da: "Ikastetxeak ikasle guztien hezkuntza premia orokorrei eta ikasle bakoitzaren premiei ahalik eta ongien erantzuteko diseinatzen, aukeratzen eta gauzatzen dituen neurriak biltzen dituen dokumentua (curriculum egokitzapenak, antolaketa neurriak, sostengua eta indartze neurriak)". Aniztasuna Artatzeko Plana lantzeko beharrezkoa da ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza taldearen, aholkularien eta irakasleen parte-hartzea, eta horretarako, hasierako egoera aztertu eta ikastetxe bakoitzeko beharrizanak balioztatu behar dituzte, ikasle motaren eta hezkuntza eskaintzaren arabera.


Hezkuntza Departamentuak, ondoren, Aniztasuna Artatzeko Plana abian jartzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitu behar ditu ikastetxeak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa