(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernua Leitzako geltokiko egitura indartzeko lanak egiten hasiko da, aurki

asteazkena, 2008.eko irailak 3

Nafarroako Gobernua, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, Leitzako geltokiko egitura indartzeko lanak egiten hasiko da, aurki. Hain zuzen ere, forjatuak eta teilatua berritu eta zulo guztiak arotz lanez itxiko dituzte ura sartu dadin saihesteko.


Estación de Leitza

Proiektuko planoetako bat.


Esku-hartzearen aurrekontua 299.922 eurokoa da, lanen zuzendaritza barne, eta lanak egiteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izanen da, kontratua izenpetzen duten egunetik aurrera.


Betoizko forjatu berriak egin nahi dituzte, paretetan sostengatuta. Gaur egungo karga horma betoizko egitura batekin lotuko dute. Era berean, betoizko eskailera bat eginen dute, solairu guztiak lotzeko. Gainera, eraikinari garaiera handiagoa emanen diote, teilatupeko solairuak erabilgarritasun handiagoa izan dezan; horretarako, metalezko zutabeak jarriko dituzte, zutabeen gainean egurrezko hiru arku eginen dituzte, eta arkuen gainean, berriz, teilatuko gailurra, habeak eta gabirioak jarriko dituzte. Gabirioen gainean, oholtza (izeia), 10 zentimetroko isolamendu geruza, geruza iragazgaitza, eta zeramikazko teila lauak jarriko dituzte. Tximini bat ere eginen dute, etorkizunean erabili ahal izateko. Azkenik, erreten eta zorroten berriak jarriko dituzte, teilatuan erortzen den euri ura bildu eta eginen dituzten kutxetetara eramateko.


Eraikinaren aurrealdeetako lanei dagokienez, hautsita dauden adreilu beteak antzeko batzuengatik ordezkatuko dituzte, eta arotz lan guztia aldatuko dute (aluminiozko arotz lana jarriko dute). Era berean, aurrealdeetako zertxa metalikoak garbitu, margotu eta berreginen dituzte, altzairuzko profilak eta beira erabiliz.


Hartara, eraikina prest egonen da etorkizunean izan ditzakeen erabileretarako. Balio anitzeko azpiegitura izanen da, eta Plazaolako bide berdea eta Leitza inguruko turismoa bultzatu eta osatuko ditu.


Plazaolako trena 1904an hasi zen Andoain eta Iruñea lotzen. Nafarroako zatian, hainbat geltoki zituen, Leitzakoa besteak beste. Herri honetan, hain zuzen, zenbait eraikin egin zituzten trenbidearekin lotuta, eta aurki berrituko duten geltokia horietako bat da. Eraikina Nafarroako Gobernuarena da, eta 1958az geroztik ez du erabilerarik. Foru Gobernuak beti adierazi izan du Plazaolako trenbidearekin lotuta egin zituzten eraikinak berreskuratu nahi dituela, eta orain, geltokia lehengoratuko dute, erabilera turistikoa emateko. Trenbide zaharra berreskuratzeko esku-hartzeen baitan dauden lanak izanen dira, eta geltokia eta trenbidea Leitza inguruko turismoaren ardatz bilakatzea izanen dute xede.


Leitzako geltokia laukizuzen formakoa da (19,95 metro x 7,95 metro), eta inguruko herrietako geltokien antzeko itxura du. Bi solairu ditu (behe solairua eta lehenengo solairua), eta teilatua bi isurkikoa da. Geltokiko teilatuak zeramikazko teila lauak ditu, aurrealdeetan harri iluna du (harri lan ilaratua), eta aurrealdeetako izkinetan eta zuloetako azpaduretan, berriz, zeramikazko adreilu beteak ditu. Arotz lana egurrezkoa da. Egitura, berriz, bitarikoa da, eta inguruko karga hormak eta egurrezko habez egindako forjatuak eta teilatua ditu. Inguruko karga hormek 70 bat zentimetroko lodiera dute, eta egoera onean daude; egurrezko egitura, ordea, oso egoera txarrean dago, eta teilatuko eta forjatuetako zati batzuk hondoratuta daude.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa