(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Alba kontseilariak Uxueko sarbidea zabaldu eta hobetzeko lanak inauguratu ditu

asteazkena, 2008.eko irailak 3

Hartara, Nafarroako Errepide Sareko Esku-hartzeak Azkartzeko Planaren baitan Tafalla-Zangoza ardatzean aurreikusita zeuden esku-hartzeak amaitutzat eman dituzte, 18 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren



Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak NA-5310 San Martin Unx-Uxue errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak inauguratu ditu, gaur goizean. Mª Jesús Zoroza Uxueko alkatea eta José Luis Echávarri Herri Lanen zuzendari nagusia ere bildu dira ekitaldira.


Lanak "Arian, Construcción y Gestión de Infraestructuras" enpresak egin ditu, eta 3.011.000 euroko aurrekontua izan dute. Nafarroako Errepideen II. Plan Zuzentzailean eta Nafarroa 2012 Planean (Lehentasunezko Esku-hartzea. Nafarroako Errepide Sareko Esku-hartzeak Azkartzeko Plana) sartuta dauden lanak izan dira, hain justu. Gogoan izan behar dugu, bestalde, Nafarroako Errepide Sareko Esku-hartzeak Azkartzeko Plana Nafarroako Gobernuaren eta Inbertsio eta Azpiegituren Sozietate Publikoaren (SPRIN) arteko hitzarmenari jarraiki ari direla gauzatzen.


Hartara, Nafarroako Errepide Sareko Esku-hartzeak Azkartzeko Planaren eta Nafarroako Errepideen II. Plan Zuzentzailearen baitan Tafalla-Zangoza ardatz estrategikoan aurreikusita zeuden esku-hartzeak amaitutzat eman dituzte, 18 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren. Guztira, 7 esku-hartze egin dituzte: Eslabako saihesbidea, Eslaba-Zare errepidea, Oibarko saihesbidea, Lergako gaina-Eslaba errepidea, Eslaba-Zareko saihesbidea errepidea, Oibar-Kaseda errepidea, eta Uxueko sarbidea (gaur inauguratu dutena).


Proiektuaren deskribapena


Lanak NA-132 Lizarra-Zangoza errepidearekiko elkargunetik Uxueko herrigunera bitarte egin dituzte. Hartara, errepide zaharreko 7.390 metroetan hobekuntza nabarmenak egin dituzte; izan ere, jatorrizko errepideak 5 metro eskaseko zabalera zuen, tarte batzuetan %9tik gorako aldapa zuen, eta erradio txikiko bihurgune ugari zituen. Errepide berriak, berriz, 6.438 metroko luzera, 3 metroko 2 bide, eta metro 1eko bazterrak ditu.


Trazadura berriari esker errepidea nabarmen hobetu dute, eta horretarako, ezin izan dute erabili errepide zaharreko tarte bakar bat ere. Bestalde, telefono linea batzuk eta erdi tentsioko elektrizitate linea batzuk aldatu behar izan dituzte. Drainatze lanei dagokienez, azpimarragarriena Arroia amildegiaren gainean egin duten zubia izan da (5 m x 2 m).


Datorren udazkenean, ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektua gauzatuko dute. Hain zuzen ere, belarra erein (ereite hidraulikoa) eta landaketak eginen dituzte ezpondetan.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa