(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroa 2012 Planaren esparruan Orreagan eginen duten erromesen aterpetxeko barrualdea botatzen hasi dira

ostirala, 2008.eko irailak 5

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren eta Nafarroako Ondare Historikoa Mantentzeko Fundazioaren bidez, 5.495.000 euro emanen ditu Orreagan Erromesen Aterpetxe Nagusia eraikitzeko. Abuztura arte Gazteentzako Aterpetxe izan den eraikinean eginen dute, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta PSN-PSOE alderdiak izenpetu zuten Nafarroa 2012 Planaren esparruan.


Albergue de Peregrinos de Roncesvalles

Kultura eta Turismoko arduradunak, Orreagako priorea, eta Urdazubi-Baztango Donejakue Bidearen Adiskideen Elkarteko presidentea ( irudia handitu )


Orreagako aterpetxeak 190 bat erromesentzako lekua izanen du, eta dagoeneko hasi dira eraikinaren barrualdea botatzen. Hain zuzen ere, Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Pedro Luis Lozano Kulturaren zuzendari nagusia, Carlos Erce Turismoaren zuzendari nagusia, eta Jesús Idoate Kolegio-Elizako priorea joan dira eraispen lanak ikustera. Barruko egituren gaineko bigarren proiektua idazten ari dira, eta lanak egiteko epea lau hilabetekoa da, ekainaren 23tik aurrera (egun horretan esleipena egin eta kontratua zehaztu zuten).


Ospitale berria zaharberritu eta erromesen aterpetxe bihurtzeko proiektuak funtsezko bi helburu ditu: batetik, ahalik eta erromes gehienei aterpea eskaintzea; eta bestetik, Kolegio-Eliza osoa lotuko lukeen igarobide estaliaren jatorrizko ideia berreskuratzea.


Eraikina ospitale gisa eraiki zuten, eta orain arte Gazteentzako Aterpetxe moduan erabili dute, Nafarroako Gobernuko Kirol, Gazteria eta Gizarte Ongizateko Departamentuko Gazteentzako Aterpetxeen Sarearen baitan. XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara bitarte eraiki zuten; izan ere, Orreaga kokaleku estrategikoan dago, mugatik gertu, eta Ventura Caro jeneralaren armadak kuartel gisa erabili zuen, Konbentzio Gerran (1793):


Gerra amaitu zenean, Kapituluak Kolegio-Eliza zaharberritu zuen, eta gainera, inguruko herriak berreraikitzen ere lagundu behar izan zuen, horietako elizak eta etxeak Kapituluaren mende baitzeuden. Errentak aldatu zituztenean, ospitale berria eraikitzeko proiektuari ekin zioten, berriro, baina bertan behera utzi behar izan zuten, Napoleonen inbasioa tarteko (1808).


José Poudez arkitektoak 1802tik 1807ra bitarte eraiki zuen Ospitale Berria, baina enparantza osatzen duten aldeetako hiru baino ez ziren gelditu diseinu zaharretik. Ospitaleak ekialdeko partea hartzen du, oso-osorik, eta hainbat areto ditu, erromesentzat zein ospitalean lan egiten zutenentzat (etxebizitza gisa). Hasieran Ospitaleko ekialdeko hegala bakarrik eraiki zuten, eta ondoren, iparraldeko hegala erantsi zioten. Bertan, Kolegio-Elizako alokairuko etxebizitzak egin zituzten.


XX. mendearen lehenengo erdialdean, alokairuko etxebizitzen iparraldeko besoa egoera onean zegoen, bertan jendea bizi baitzen. Baina ospitalea utzita eta aurri egoeran zegoen, gero eta okerrago. Horregatik, 50eko hamarkadan ospitalea sendotzeko esku-hartzea burutu zuten, mantendu ahal izateko.


Orain eginen dituzten lanen kasuan, aurreproiektuaren arabera, aurrealdeko paretak eta baoak eta behe solairuko barrualdeko pareta nagusietako batzuk mantenduko dituzte. Era berean, erdi-sotoa mantenduko dute, gune aberatsa eta berezia delako. Orreaga osoa hornitzen duen transformadorea hortik gertu dago, eta eraikina botatzeko proiektuan aurreikusi dutenez, kanpora atera eta gune hori eta ondokoa berreskuratu eta proiektu berrirako aprobetxatuko dituzte.


Eraikinaren jatorrizko bolumetria berreskuratze aldera, elizako sakristia berriko bainugela eta atxikitako etxebizitza (eraikinaren eta etxebizitzen artean dagoena) kenduko dituzte. Gainerako elementuak berriro diseinatuko dituzte, proiektu berriari jarraiki.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa