(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Pérez-Nievas kontseilariak Almandozko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa inauguratu du

asteartea, 2008.eko irailak 9

Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza Departamentuko kontseilariak Almandozko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa inauguratu du. D ereduko ikastetxea da, eta bertako lanak "EYCONS Obras y Proyectos S.L." enpresari esleitu zizkioten, 346.328,47 euroren truke.



Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2006an abiatu zuen ikastetxea eraikitzeko espedientea, eta 2006ko maiatzaren 17an, hain zuzen, lanen proiektua idazteko agindu zien Juan Carlos Muguerza Santos eta Carlos Iriondo Apaolaza arkitektoei, 13.949 euroren truke (BEZa barne).


Eraikinak bolumen bakarra du, behe solairuan. Lursailaren mendebaldean dago, eta ondorioz, eraikinaren gehiengoari eguzkiak ematen dio. Esan dugun moduan, solairu bakarra du, ikastetxeko beharrizanetarako, eta bulegoek laukizuzen formako bolumena okupatzen dute. Teilatua lau isurkikoa da, simetrikoa bi ardatzetan.


Barrualdearen banaketa sinplea da: erdialdean, zerbitzu eta administrazio eremuak daude; laukizuzenaren mutur batean, bi ikasgela daude; eta beste muturrean, azkenik, erabilera anitzeko aretoa eta arkupea.


Proiektuan honako gune hauek aurreikusi zituzten: 2 ikasgela (40 m2 bakoitzak); erabilera anitzeko areto bat (60 m2); irakasleentzako bainugela (5 m2); garbiketa gela, (2 m2); instalazioak (10 m2); zuzendaritza bulegoa (20 m2); eta arkupea (60 m2). Guztira, azalera eraikia 310 m2-koa da.



Ikastetxea


Almandozko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa D eredukoa da, eta ordutegi hau izanen du, irailetik ekainera bitarte: 9:30etik 13:30era, eta 14:50etik 16:30era.


Zuzendaria Mª Natividad Baranguán Zozaya izanen da, eta 2008-09 ikasturtean 21 ikasle izanen ditu, honela banatuta: 5 ikasle, Haur Hezkuntzan, eta 16 ikasle, Lehen Hezkuntzan. Ikasleak bi taldetan banatuko dira. Lehenengo taldea, "txikiak", Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek osatuko dute, eta bigarrena, "handiak", Lehen Hezkuntzako gainerako mailetako ikasleek.


Ikastetxeko langileak honako hauek izanen dira: behin betiko postua Almandozen duten hiru irakasle; lau irakasle ibiltari, Musika, Gorputz Heziketa eta Pedagogia Terapeutikoa irakatsiko dutenak; eta aholkularia.


Antolakuntza berezia, lantegietan


Gaur egun, Almandozko ikastetxean eragina duten bi lantegi daude. Batetik, Elizondoko lantegia, eta bestetik, Almandozkoa.


Elizondoko lantegia San Frantzisko Xabierkoa ikastetxe publikoan dago, eta asteazkenero, Baztango hamar ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleak bertara joaten dira, Ingeles, Gorputz Heziketa eta Musikako eskoletara.


Almandozko lantegira, berriz, Ziga eta Almandozko ikasle guztiak joaten dira, Ingeles, Gorputz Heziketa eta Musikako eskoletara.


Bailaran beste lantegi bat ere badago, Oronoz eta Arraioz biltzen dituena. Amaiur eta Azpilkueta biltzen zituena, berriz, aurten desagertu da, gurasoek hala eskatu dutelako.


Esker ona


Pérez-Nievas kontseilariak inaugurazio ekitaldia aprobetxatu du José Urroz Arrastio ingeniari tekniko mekanikoari esker ona adierazteko. José Urrozek 2008ko abuztuaren 31n hartu du erretiroa, baina 1974-75 ikasturteaz geroztik Teknologia Mekanikoko irakasle izan da, garai hartan Elizondoko Lanbide Heziketako institutua zen hartan. Aipaturiko ikastetxean irakasle eta zuzendari jardun izan da, etenik gabe.


1990an funtzionario bihurtu zen, eta Lekaroz eta Elizondoko BHIen bat-egite prozesuaren lekuko izan zen. 2003ko apirilean, katedradunen kidegoan sartu zen. Kontseilariak, esker ona adierazteko, Hezkuntza Departamentuak argitaratzen dituen liburuen sorta bat oparitu dio.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa