(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Gobernuak eta La Caixak mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten ahaideak artatzeko programa jarri dute abian

osteguna, 2008.eko irailak 11

"Un cuidador. Dos vidas" (Zaintzaile bat. Bi bizitza) programak sostengurako material espezifikoak eskaintzen ditu, zaintzaileen eguneroko lana erraztea eta horrek eragiten duen nekeari aurrea hartzea helburu duten informazio eta aholkuekin. Nafarroako zaintzaileen %83 emakumezkoak dira.



Nafarroako Gobernuak eta La Caixako Gizarte Ekintzak

"Un cuidador. Dos vidas" (Zaintzaile bat. Bi bizitza) programa jarri dute abian, Foru Komunitatean mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten ahaideentzat. Programaren helburuak honako hauek dira: zaintzaileei mendekotasunen bat duten ahaideak zaintzeko eguneroko lana errazteko bitartekoak eta tresnak eskaintzea, zaintzaileek euren burua zain dezan bultzatzea, eta egoera horretan dauden familien bizi-kalitatea hobetzea.

Gaur goizean María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak eta Javier Aranburu La Caixako Negozioen Arloko zuzendariak izenpetu duten lankidetza hitzarmenaren esparruan kokatuta dagoen programa da. Hitzarmena Nafarroako Jauregian izenpetu dute, prentsaurrekoan, eta Nuria Danés La Caixako Mendekotasunaren Artapenerako Programaren arduraduna era bildu da bertara.


Nafarroako Gobernuak eta La Caixako Gizarte Ekintzak, ekimenaren bidez, mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten ahaideak aintzat hartu nahi dituzte, eta gainera, sostengua eman nahi diete, egiten duten garrantzizko lanarengatik. Horretarako, euren bizi-kalitatea hobetu dezaketen tresnak eskainiko dizkiete, lana modu eraginkorragoan egiteko eta zaintza lanak eragiten duen nekea saihesteko.


Nafarroan "Zaintzaile bat. Bi bizitza" programa gauzatzeko izenpetu duten hitzarmena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren helburuen esparruan dago kokatuta. 2006ko urrian, mendekotasunen bat duten pertsonentzako eta familia zaintzaileentzako Programa Integrala aurkeztu zuen Departamentuak, eta hala, Nafarroako Gobernuak hainbat bitarteko eta zerbitzu jarri zituen abian, Foru Komunitatean mendekotasunen bat duten pertsonentzat eta horiek zaintzen dituzten ahaideentzat. Horrela bada, mendekotasunen bat duten pertsonentzako laguntza ekonomikoak eta adinekoentzako eta ezintasunen bat duten pertsonentzako bitartekoen zentroak jarri zituzten abian. Orain, programa osatzeko, mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten ahaideentzako gidaliburuak eta kitak sortu dituzte, La Caixako Gizarte Ekintzaren laguntzarekin.


Gainera, Nafarroako Gobernua eta La Caixako Gizarte Ekintza (eta haren Fundazioa) elkarlanean ari dira 2006ko azaroaz geroztik, eta gaur izenpetu duten hitzarmena lankidetza horren esparruan dago kokatuta. Gobernuaren eta erakundearen arteko lankidetza esparru akordio baten bidez ari dira gauzatzen, hain zuzen, eta Foru Gobernua, akordioari jarraiki, Foru Komunitateko adinekoentzako programa bat garatzen ari da. Programa aitzindaria da, eta mendekotasunari aurrea hartzea eta nafarrak modu aktiboan zahartu daitezen bultzatzea ditu helburu.


Nafarroako zaintzaileen %83 emakumezkoak dira


La Caixako datuen arabera, Estatuan mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituztenen %85 ahaideak dira, eta %40k ez dute beste inoren laguntzarik jasotzen. Zaintzaileen %65en osasun fisiko edo/eta psikikoak okerrera egiten du, eta bostetik batek osasunean ondorio larriak eragiten dituen "zaintzaile errearen sindromea" izaten du.


Nafarroako Gobernuko datuen arabera, Foru Komunitateko biztanleen %18k 65 urtetik gora ditu (106.000 bat pertsona). Estatuko batez bestekoaren antzeko ehunekoa da, hain zuzen. Bestalde, 85 urte betetzen dituztenen kopurua gero eta handiagoa da, bizi-itxaropena luzatu delako eta adinekoen bizi-kalitatea hobea delako.


2008ko abuztuko datuetatik abiatuta, Nafarroako Gobernuak 14.940 pertsonaren mendekotasun maila neurtu du, eta honako ondorio hauek atera ditu: 5.373, mendekotasun handia duten pertsonak dira; 4.396, mendekotasun larria duten pertsonak dira; 3.447, tarteko mendekotasuna duten pertsonak dira; eta 1.724, mendekotasunik ez duten pertsonak dira. Gaur egunera arte, 7.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dute mendekotasunerako eta etxean artatzeko laguntza ekonomikoren bat. Laguntzak eskatzen dituztenen %80k, gutxi gorabehera, mendekotasunen bat duten pertsonak familia ingurunean zaintzeko laguntzak eskatzen dituzte. Beraz, mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko pertsona edo enpresaren bat kontratatu ordez, ahaide batek zaintzea erabakitzen dute. Zaintzaileen %83 emakumezkoak izaten dira, 50 urtetik gorakoak, trebakuntza txikikoak, eta soldatapeko lanik gabeak. Gainera, %90ek betebehar moraltzat hartzen dute zaintzaile lanetan aritzea.

Dokumentazioa:
Albiste osoa
Prentsaurreko Bideoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa