(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Osasun Departamentuak haurren osasunarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko informazio ekitaldia egin du

osteguna, 2008.eko irailak 11

Elikadura dietak, eskolaz kanpoko jarduerak, kirola eta ordenagailuko jolasak, giharretako kargak, ikasteko zailtasunak eta gaixo kronikoak diren haurren eskubideak izan dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pediatrek azaldu dituzten gaietako batzuk


Pediatras y escolares del Colegio de Teresianas al término de un acto sobre salud de la infancia

Parte hartu duten pediatrei argazkia atera diete, Teresarren Ikastetxeko ikasleekin batera, informazio ekitaldia amaitu bezain pronto. ( irudia handitu )


Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak informazio ekitaldi bat egin du gaur goizean. "Nafarroako pediatrak haurren osasunaren alde" izenburupean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko espezialitate horretako zortzi medikuk haurren osasunarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko informazioa eman dute, aurtengo ikasturtea hasi berri dela-eta.


Elikadura dietak, eskolaz kanpoko jarduerak, kirola eta ordenagailuko jolasak, giharretako kargak, ikasteko zailtasunak eta gaixo kronikoak diren haurren eskubideak izan dira mediku horiek aurkeztu dituzten gaietako batzuk. Era berean, hainbat oinarrizko aholku eman dituzte, familia ugaritan hain kezkagarriak diren arazo horiei era egokian aurre egiteko.


Iruñeko Teresarren Ikastetxeko ikasgela batean izan da ekitaldia, eta Raimon Pelach Paniker-ek egin ditu aurkezpen lanak. Barañaingo Osasun Etxeko pediatra eta Nafarroako Pediatren Elkarteko presidentea da, hain zuzen, Pelach Paniker. Bestalde, honako hizlari hauek aritu dira:


- Manuela Sánchez Echenique, Lehen Mailako Arretarako zuzendaritzako kidea. "Otorduen plana, ikastetxeetako jangelak eta dieta osasungarria" gaiari buruzko informazioa eman du.


- Teresa Virto Ruiz, San Jorgeko Osasun Etxeko medikua. Bere gaia: "Haurrak eskolara joan behar ez duenekoa".


- Carlos Roldán Marrodán, Etxabakoizko Osasun Etxeko medikua. Landu duen gaia: "Sorbaldan eramaten den pisua eta eskola materiala garraiatzea".


- Ana Giner Muñoz, Mutiloako Osasun Etxeko medikua. "Eskolaz kanpoko agenda. Gurasoena baino gogorragoa?" gaiari buruzko informazioa eman du.


- Juan Montesinos Vales, Zizurko Osasun Etxeko medikua. Bere gaia: "Kirola eta makinatxoak".


- Mª José Álvarez Gómez, Mendillorriko Osasun Etxeko medikua. Landu duen gaia: "Haurrak ikastetxean ikasteko dituen zailtasunak, zentzuen gorabeherak, arreta gabezia eta hiperaktibitatea".


- José Manuel Vizcay Vilella, Ermitagañako Osasun Etxeko medikua. "Gaixo kronikoa den eskolatutako haurraren eskubideak" gaiari buruzko informazioa eman du.


Pelach Paniker doktoreak, ekitaldia aurkezterakoan, azpimarratu du haurrentzat zinez garrantzitsua dela bizitza ordenatuko ohiturak izatea. Era berean, gogorarazi du honako hau dela egin beharreko lehenengo galdera: Zer hartu behar dute gurasoek kontuan, gauzak ongi egiteko? "Izan ere, hortxe dago gakoa, gauzak ongi egin behar baitira. Haurra mugitzen den nukleo nagusi horretan hasi behar dugu gauzak ondo egiten; familian, alegia. Eremu horretan gauzak ondo badoaz, aurrerapauso handia emana izanen dugu, eta eskolan ere gauzak ondo joateko aukera handia izanen dugu". Pelach doktoreak hitz hauekin amaitu du bere hizketaldia: "Pertsona bat ondo osatuta badago, nola psikikoki, hala mentalki, nahiago izanen du beti oporretan egotea eguneroko diziplina izatea baino. Baina hala tokatzen denean, kemenak berritu behar dira, eta ez da komeni ez dagoen tokian arazoa ikustea. Ikasturtea hastera doa, eta ahalegin handia egin beharko dugu haurrei autonomia, baliabideak eta erantzukizuna zer diren irakasteko".


Ondoren, hizlariei eman die hitza, baina horien esku-hartzeak beste dokumentu batzuetan daude laburbilduta.

Dokumentazioa:
"Los pediatras navarros por la salud de los niños"

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa