(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Karlismoaren Museoaren proiektua Tiquitoc Producciones SL enpresari esleitu diote asteazkena, 2008.eko irailak 24

Lizarrako Karlismoaren Museoko erakusketa iraunkorraren proiektuaren kontratua Tiquitoc Producciones SL enpresari esleitu diote, prozedura irekia egin ondoren. Lanak eta zuzendaritza ere enpresa berari esleitu dizkiote. Horixe bera jakinarazi du, gaur goizean, Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak, Gobernadorearen Jauregira egin duen bisitan. Museoko lanen egoera ikustera joan da bertara, hain zuzen.


Enpresak Madrilen eta Cuencan du egoitza soziala, eta lehendik ere lan egin izan du Nafarroan, Oliteko Ardoaren Museoan. Estatuko hainbat lekutan ere egin izan ditu museoak, eta interpretazio zentroetan eta erakusketetan lan egin izan du.


Kontseilariaz gain, Pedro Luis Lozano Kulturaren zuzendari nagusia, Begoña Ganuza Lizarrako alkatea eta Departamentuko teknikariak ere joan dira Karlismoaren Museoko lanak ikustera.


Gaur egun, azkeneko arkitektura fasea amaitzen ari dira (2007ko irailean hasi ziren). Fase horren baitan, hain zuzen, honako lan hauek ari dira egiten: Gobernadorearen Jauregiaren barrualdea egokitu (instalazio elektrikoa, estaldurak, barruko eta kanpoko arotz lana, patioaren itxiera...) eta kanpoko patioa urbanizatu. Areto guztietan oholtza jartzea falta da (arrastelak jarri dituzte dagoeneko), eta baita zurgintzako lan txiki batzuk ere. Lanen aurrekontua 1.728.961,39 eurokoa da, eta 2007ko eta 2008ko aurrekontuen kontura ari dira ordaintzen.


Eraikinen erabilera eta antolamendu funtzionalari dagokionez, honako hauek aurreikusten dituzte, Museo Planari jarraiki: Gobernadorearen Jauregiko sotoan eraikinari buruzko erakusketa egonen da (eraikuntza, erabilerak eta zaharberritzea); behe solairuan, karlismoarekin zerikusia duten gaiei buruzko aldi baterako erakusketa egonen da (iraupen luzeko erakusketa); eta lehenengo solairuan, azkenik, karlismoari buruzko erakusketa iraunkorra egonen da, Karlismoaren Museoko Batzorde Zientifikoak idatzi duen gidoi historikoan oinarrituta.


Eraikin berrian, berriz, administrazio bulegoak eta dokumentazio zentroa egonen dira.


Karlismoari buruzko Museo eta Dokumentazio Zentroaren proiektuaren xede nagusiak honako hauek dira: batetik, karlismoa zorroztasun zientifikoz aztertzea; eta bestetik, edukia aurkeztu eta zabaltzea, herritarrentzat zein espezialistentzat interesgarri izateko moduan.


Aurrekariak


2000ko apirilaren 27an, hitzarmen bat izenpetu zuten, eta hala, Alderdi Karlistak bere ondare historikoa utzi zion, mugarik gabe, Nafarroako Gobernuari (margolanak, ikurrinak, intsigniak, argazkiak eta agiriak). Orduan, pieza guztien inbentarioa egin eta argazkiak atera zituzten.


Harrezkero, Nafarroako Gobernuak pieza gehiago ere bildu ditu (batzuk erosi egin ditu eta beste batzuk partikularrek emandakoak dira).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa