(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kutz kontseilaria Nafarroako Erretinosi Pigmentarioaren Elkartearekin bildu da ostirala, 2008.eko irailak 26

Nafarroan, 107 familiatako 137 pertsonak dute gaixotasun hori; 63, emakumeak dira, eta 74, berriz, gizonak


Bileraren irudia. Mahaian, Zabalza, Goldaracena eta Kutz kontseilaria.

Bileraren irudia. Mahaian, Zabalza, Goldaracena eta Kutz kontseilaria. ( irudia handitu )

María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak bilera egin du, gaur goizean, Nafarroako Erretinosi Pigmentarioaren Elkarteko kideekin, eta elkartearekin eta begietako eritasun hori duten gaixoekin zerikusia duten gaiei buruz mintzatu dira. Nafarroan, hain zuzen ere, 107 familiatako 137 pertsonak dute erretinosi pigmentarioa (63 emakumeak dira, eta 74, berriz, gizonak). Bilera Iruñeko hotel batean egin dute, Elkarteak aldian behin antolatzen duen gosaria tarteko.


Bileraren aurkezpena Inmaculada Zabalzak egin du, Elkarteko proiektuen koordinatzaileak. Belén Goldaracena doktoreak, Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendari eta gaixotasunean adituak, eritasunaren ezaugarriak eta ikerketen egoera azaldu ditu, labur-labur, eta ondoren, Kutz kontseilaria mintzatu da. Kutzek gogorarazi duenez, irailaren 29a Erretinaren Nazioarteko Eguna izanen da; eguneko leloa "La ceguera puede vencerse. Ayúdame a mirarte" (Itsutasuna garaitu daiteke. Lagun iezadazu begiratzen) izanen da, hain justu. Kontseilariak elkartasuna helarazi nahi izan die gaixoei, eta mintzaldien ondoren, hizketaldia egin dute elkarteko kideekin.


Erretinosi pigmentarioa begietako gaixotasuna da, eta oraingoz ez du sendabiderik. Gaixotasun degeneratiboa da, hereditarioa, eta ikusteko ahalmena nabarmen murriztea eragiten du. Sarritan, gaixoak itsutu egiten dira. Estatuan, 15.000 gaixotik gora daude, eta gene akastunen eramaileak (gaixotasuna kutsatu dezaketenak) 60.000 bat direla uste dute.


Medikuntzak bi erretinosi mota bereizten ditu. Batetik, erretinosi ez-sindromikoa, ohikoena, ikusmenari bakarrik eragiten diona. Eta bestetik, erretinosi sindromikoa, beste ondorio batzuk ere izaten dituena, hala nola gorreria (Usher-en sindromea). Nafarroan, erretinosi ez-sindromikoa duten pertsonak 114 dira (gaixo guztien %83,2), eta erretinosi sindromikoa dutenak, berriz, 23 (%16,8).


Erretinosi pigmentarioaren sintomarik ohikoenak honako hauek dira: gaueko itsutasuna, iluntasunera edo argitasun gutxiko lekuetara egokitzeko zailtasuna; ikus eremu mugatua ("tuneleko" ikusmena), ikusmen periferikoaren galera; eta ikusmena lausotzea, gehiegizko argitasunak eragindako kaltea (kasu horretan, eguzkitako betaurreko bereziak erabili behar izaten dira).


Gaixotasuna erretinako argi-hartzaileen (erretinako makila periferikoak) endekapenak eragiten du, baina azken faseetan ikusmen zentrala ere galdu egiten da, eta sarritan gaixoak itsutu egiten dira. Oro har, gaixotasuna ez da agertzen nerabezaroaren aurretik, eta sintomak "isilik" eta motel azaleratzen dira. Ondorioz, sarritan 15 urtetik gora behar izaten dira gaixotasuna hautemateko (lehenengo sintomak agertu direnetik), eta gaixoak ez dira euren egoeraren jakitun izaten gaixotasuna fase aurreratuetan dagoen arte.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa