(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentua Nafarroan Txinatik datorren esnekirik ba ote dagoen egiaztatzen ari da ostirala, 2008.eko irailak 26

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua Nafarroako merkatuan Txinatik datorren esnekirik ba ote dagoen egiaztatzen hasi da, hala bada produktuak merkatutik kendu eta immobilizatzeko, melaminaz faltsututa egon daitezkeen esnekiak merkaturatu daitezen saiheste aldera Europar Batasunak agindu duen alertarekin bat. Eguerdi parteko datuen arabera, badirudi ikuskatzaileek ez dutela aurkitu produktu susmagarririk.


Javier Aldaz

Javier Aldaz Berruezo Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko zuzendaria. ( irudia handitu )

Hain zuzen ere, Txinatik datozen produktuak banatzen dituzten janari denda guztietan ari dira ikuskapenak egiten, eta ez bakarrik txinatarren ardurapean dauden saltokietan. Batik bat karameluak, txokolatea eta gailetak ari dira egiaztatzen, osagaietan esnekiak izan ditzaketelako. Horixe bera jakinarazi du, gaur goizean, Javier Aldaz Berruezo Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko zuzendariak.


Jakina denez, Txinan melaminaz faltsututako esnea hartzeagatik haur asko toxikatu direlako sortu da alerta; izan ere, esne horrek giltzurrunetako arazo larriak eragin ditzake. Gainera, Zeelanda Berrian melamina duten txinatar karameluak aurkitu dituzte, "White Rabbit Creamy Candies" markakoak, eta Kontsumitzaileen Elkarteek helarazi dituzten azken berrien arabera, marka bereko produktuak Sevilla, Murtzia eta Madrilgo saltokietan aurkitu dituzte. Nafarroan oraingoz ez dute aurkitu produktu hori, eta ezta ezaugarri berak dituen bestelakorik ere.


Horrela bada, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak bi ohar helarazi ditu. Batetik, Europar Batasunera Txinako esne eta esneki gutxi iristen dela, herrialde horrek ia ez duelako esportatzen gisa horretako produkturik.


Eta bestetik, txinatar jatorriko esnekiek eduki dezaketen melamina toxikotasun txikiko gaia dela, eta ugari kontsumituz gero bakarrik izan daitekeela kezkagarria osasunerako, batik bat haurtxo eta gaixoen kasuan. Melamina gai organikoa da, eta eraikuntzarako plastikozko eta aglomeratuzko xaflak egiteko erabiltzen duten amino-erretxina osatzen du. Nitrogeno asko duen gaia da, eta horrexegatik erabili dute elikagaiak faltsutzeko, proteina askoko elikagaiak direla emateko.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa