(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu dute Justizia arloan hainbat informatika-aplikazioren erabilera elkarri lagatzeko

osteguna, 2008.eko urriak 2

Nafarroako Gobernuko lehenengo presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballerok eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Iruñean, sail batek besteari Justizia arloko hainbat informatika-elementu eta -aplikazioren erabilera laga ahal izateko.


Ezkerretik eskuinera, Javier Caballero eta Joseba Azkarraga kontseilariak eta Inmaculada de Miguel, Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendaria.

Ezkerretik eskuinera, Javier Caballero eta Joseba Azkarraga kontseilariak eta Inmaculada de Miguel, Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendaria. ( irudia handitu )

Hitzarmenari esker, prozesu-kudeaketaren informatika-aplikazioak eskatzen duen azpiegitura juridikoaren erabilera lagako dio Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuari. “Prozedura judizial bakoitzean egin beharreko izapideen gida moduko bat da. Hortaz, funtzionarioei lagungarria izango zaie eta epaitegien kontrol-lanak ere erraztuko ditu” adierazi du Azkarragak.



Lan garrantzitsu hau Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Euskadin lan egiten duten justizia arloko epaile, idazkari eta funtzionarioen arteko lankidetzaren emaitza da.


Eusko Jaurlaritzak lagatako lantresnak 636 prozedura-moten eskema edo gidak hartzen ditu bere baitan eta, horrekin batera, jurisdikzio-arloko 18.903 tramite-mota desberdin. Nafarroako Gobernuak prozesu-kudeaketaren plataforman txertatuko ditu guztiak datozen bi urteetan.


Nafarroako Gobernuak, bestalde, zinpekoen epaimahaiarekin egiten diren epaiketetako epaimahaikide-gaien kudeaketarako informatika-aplikazioa lagako dio Eusko Jaurlaritzari. Javier Caballero presidenteordeak azaldu duenez, lantresna horrek “epaimahaiekin zerikusia duen kudeaketa osoa egitea ahalbidetzen du: epaimahaikide-gaien zerrendak, epaimahaien zozketa-bidezko eraketa eta bukaerako desegitea, erreklamazioei eman beharreko erantzunak, jakinarazpenen tramitazioa, eta auzi bakoitzean egindako jardunbide guztien artxibaketa”.


Bai sailburuak eta bai kontseilariak uste dute hitzarmen honek onura ekarriko duela bataren eta bestearen organo judizialetako eguneroko lanean eta, horren eraginez, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako justiziara jotzen duten herritarrei azken batean zerbitzu hobea emango zaiela.



Balantzea eta erronkak Justizia arloan


Hitzarmena sinatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak Justizia Administrazioaren modernizazioan teknologiak berriak funtsezkoak direla azpimarratu du. Bereziki nabarmendu du 1988an Eusko Jaurlaritzak Justizia arloko eskumenak bere gain hartu eta 83 milioi euroko inbertsioa eginda martxan jarri zituen hiru informatika-planen balantzea “oso positiboa” dela.


“Legegintzaldi honetan bide horri jarraitu nahi izan diogu eta, hori dela-eta, uztailean hiru plan berri onetsi genituen: Bulego Judizial eta Fiskalen Antolamendu Plana, Informatika eta Telekomunikazioetako IV. Plana eta Hizkuntza Normalizatzeko Plana” jakitera eman du autonomia-erkidegoko sailburuak. Horiek martxan jartzeko 157 milioi euro beharko dira datozen hamar urteetan, eta esan beharrik ez dago hiru planek Justizia Administrazioaren modernizaziorako bigarren prozesuari aurre egiteko jarrera garbi eta estrategikoa erakusten dutela.


Javier Caballerok, bere aldetik, adierazi du Nafarroako Gobernuak 1999ko urrian Justizia arloko eskumenak bere gain hartu zituenetik teknologia berrietan 11 milioitik gora euroko inbertsioa egin dutela, herritarren eta Justizia Administrazioaren arteko harremanak ahalik eta erraz eta gertukoenak izan daitezen. Inbertsioetan egindako ahaleginak eraikin judizialetan ere nabaritu dira: bi eraikin berri inauguratu dira (Agoitzen eta Tafallan), martxan da Lizarrako Justizia Jauregia, eta proiektu-fasean daude Tuterarako Justizia Jauregia eta Iruñeko Justizia Jauregia handitzeko lanak.


Bestalde, Foru Gobernuaren datozen urteetarako helburua “espediente judizial elektronikoa” erabiltzera iristea da, Justiziako partaideen (epaile, magistratu eta fiskalak alde batetik eta abokatu, prokuradore eta herritarrak bestetik) arteko harremana teknologia berrien bidez gauzatu dadin. Hori lortzeko, hainbat jarduera egiten ari dira: Justizia arloko profesionalen web bat prestatzen ari dira informazioa telematikoki jaso eta bidali ahal izateko; herritarrentzako justiziaren web berri baten diseinua amaitzen ari dira; erregistro zibil guztiak informatizatu dituzte herritarrek eskatutako ziurtagiri eta inskripzioak segituan egiteko; eta prozesu-kudeaketako “Avantius” programaren etengabeko ikerketa eta garapenean dihardute, zuzenean organo judizialetan lan egiten duten funtzionarioen eskakizunak asetzeko.

Dokumentazioa:
Ekitaldiaren bideoa
Ekitaldiaren audioa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa