(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 1,6 milioi euroko diru laguntza eman dio Iruñeko Udalari, gizarte enplegu babestuaren programarako asteartea, 2008.eko urriak 7

Nafarroako Gobernuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bidez, 1.669.801 €-ko diru laguntza eman dio Iruñeko Udalari, gizarte enplegu babestuaren programa garatzeko.


Guztira 100 lanpostu dira (peoiak), hain justu, eta astean 30 orduz eginen dute lan. Aurrekontua 2.922.614 €-koa da, eta esan dugun moduan, Foru Gobernuak 1.669.801 €-ko ekarpena egin du.


Programako parte-hartzaileak gizarte bazterketa egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonak dira, laguntzarik gabe lanpostu normalizatu bat lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak. Hortaz, programaren helburua enplegagarritasun defizita orekatzea da, laneko gaitasunak eskuratzeko trebakuntzaren eta gizarte laguntzaren bidez, laneratzeko banakako ibilbideetan oinarrituta.


Programaren baitan eginen dituzten lanak honako hauek dira: lorezaintza eta garbiketa ibai ertzetan; udal haztegia; lanak eta traba arkitektonikoen ezabaketa; soldadura; garbiketa eta atezaintza; azaleztapena eta serigrafia; joskintza eta tapizeria; eta eraikinen eta hiri altzarien pintaketa.


Lan horietarako laguntzaileak izanen dituzte (gizarte langileak eta gizarte egokitzapenerako goi mailako teknikariak) eta baita laneko begiraleak ere (hainbat lanbidetako 19 ofizial eta 7 arduradun).


Lanerako prestakuntzari dagokionez, garbiketari edo orga jasotzaileen maneiuari buruzko ikastaroak egiten dituzte, besteak beste. Egonkortasun pertsonala lortzeko jardueren kasuan, berriz, antsietatea kontrolatzea, helburu profesionalak eta lan bilaketa diseinatzea, edo mugitzeko eta dinamizatzeko lantegiak egitea dute xede.


Gobernuak 5,6 milioi € eman ditu Nafarroa osoan gizarte enplegu babestuaren 40 proiektu gauzatzeko


2008an, Nafarroako Gobernuak 5.618.414 € eman ditu Nafarroa osoan gizarte enplegu babestuaren 40 proiektu gauzatzeko. Proiektu horiek 38 toki entitatek eta gizarte ekimeneko 2 entitatek sustatu dituzte, hain zuzen.


Zehazki, 40 proiektu horien bidez 383 lanpostu sortu eta 681 pertsona laneratu dituzte. Hain zuzen ere, 392 emakumeak dira (%57,57), eta 289, berriz, gizonak (%42,43).


2008an, Nafarroako Gobernuak gizarte enplegu babestuaren programarako izan duen aurrekontua %20,12 handitu da (iazkoarekin alderatuz gero), eta hala, diru laguntza lanpostu gehiagotarako ematea eta kontratuen iraupena luzatzea ahalbidetu dute.


Nabarmentzekoa da gizarte enplegu babestua gizarteratzeko neurri aktibo eraginkorrenetako bat dela. Gainera, Europar Batasunak enpleguaren bidezko gizarteratze aktiboa gomendatzen du; batik bat, bertako herrialdeetan gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko politiken baitan. Programaren erabiltzaile askorentzat laguntza ekonomikoen ordezko aukera da, gizarteratzeko modu pasiboen ordezko aukera (oinarrizko errenta, esaterako). Programak, gainera, pertsonak lanean aritzea ahalbidetzen du, eta hortaz, ondorio onuragarri asko ditu. Besteak beste, pertsonen autoestimua eta parte-hartze maila handitzen ditu, parte-hartzaileek ordaindutakoaren araberako pentsioak jasotzeko eskubidea lortzen dute, familia ingurunean ere ondorio onuragarriak ditu, eta administrazioarekiko mendekotasuna saihesten du.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa