(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Enrique Robertson txiletar idazlearen "La Pista Sarasate" liburua aurkeztu dute asteazkena, 2008.eko urriak 8

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak abenduaren 3an (Nafarroako Eguna) eskainiko duen kontzertuan "Boissier" izeneko Stradivarius biolina erabiliko dute


La Pista Sarasate

Portada. ( irudia handitu )

Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak Enrique Robertson txiletar idazlearen "La Pista Sarasate. Una investigación sherlockiana tras las huellas del nombre de Pablo Neruda " liburua aurkeztu du, gaur goizean.


Detektibe ikerketa bati buruzko liburua da, eta besteak beste Pablo Neruda, Pablo Sarasate, Sherlock Holmes, Sir Charles Hallé, Niccolo Paganini edo Egon Erwin Kisch agertzen dira bertan. Hain zuzen ere, Neftalí Reyes Basoalto (Pablo Neruda) txiletar poeta eta idazle bereziaren goitizenaren jatorriari buruzko teoria bitxia eskaintzen duen liburua da.


Pablo Sarasate iruindar biolinistaren heriotzaren mendeurrena dela-eta (1844-1908) Nafarroako Gobernuak Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez antolatu dituen jardueren esparruan argitaratu dute liburua. Aipaturiko jardueren leloa "08 Año Sarasate" (2008, Sarasateren urtea) da.


Argitalpen proiektua KEN enpresak egin du, eta horren baitan, argitalpena koordinatu du, egilearekin batera, eta 88 orrialde dituen liburua diseinatu du.


Liburuaren tipografia Baskerville familiakoa da, eta 2.000 ale argitaratu dituzte. Salneurria 9 eurokoa izanen da, eta ekoizpen kostua 6.000 bat eurokoa izan da.


Enrique Robertson Álvarez (liburuaren egilea) Temucon jaio zen, Txile hegoaldean, Pablo Neruda gaztearen bizilekuan. Robertsonek bertako lizeoan ikasi zuen, Nerudak bezalaxe. Sendagilea da, eta Bielefelden egiten du lan (Alemania).


Enrique Robertsonen zaletasunak Neruda, literatura, musika eta polizia nobelak dira . Batik bat Conan Doyleren nobelak ditu gogoko, eta bereziki Sherlock Holmes. Hain zuzen ere, "La Pista Sarasate" liburuan Holmesen metodoak erabili ditu Neftalí Reyes Basoaltoren goitizenaren jatorria bilatzeko.


Boissier Stradivariusa


Bestalde, Corpas kontseilariak iragarri duenez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak abenduaren 3an (Nafarroako Eguna) Sarasateren mendeurreneko programaren baitan eskainiko duen kontzertuan Cremonako maisuak 1713an egin zuen Stradivarius biolina ("Boissier") erabiliko dute.


Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren lankidetzari esker, Alemanian bizi den Tianwa Yang pekindar biolinistak joko du "Boissier" biolina. Tianwa Yangek Sarasateren lanak (biolinerako eta pianorako lanak) biltzen dituzten bi disko grabatu ditu, Naxos etxearekin.


Kontzertuko programaren baitan Sarasateren lanik adierazgarrienetako batzuk daude, eta baita Mozarten "La flauta mágica" laneko obertura eta Bizeten "Carmen" laneko suiteak ere. Kontzertua Christoph-Mathias Mueller suitzarrak zuzenduko du.

"Boissier" biolinak astigarrezko kutxa eta koniferozko giderra eta pala (xerratuak) ditu. Jatorrizko berniza du oraindik, hori-laranja kolorekoa. Honako idazkun hauek ditu: "Antonius Stradivarius Cremonensis / Faciebat Anno 1713" (inprimatutako etiketa, 13 mss); eta zubian, "R. Coll. Madrid" (1990 inguruan "Caressa. Français" zubia zuen). Neurri hauek ditu: kutxaren luzera, 35,6 cm; kutxaren zabalera, 16,8-11,1-20,7 cm; goiko eta beheko uztaien lodiera, 2,9 eta 3,2 cm; kutxaren zubitoaren eta ertzaren arteko luzera, 12,9 cm; kiribilduraren zabalera (aurrez), 41 mm, 24 mm, eta 11,5 mm; eta luzera dardarkaria, 32,4 cm. Pablo Sarasaterena izan zen. Boissier genoarrarentzat egin zuten, eta Espainiako Karlos III.aren gortean (Madril) egon zen. Ondoren, Negliren eskuetara iritsi zen eta hark Gand & Bernardel etxeari saldu zion. Horiek, 1888an, iruindar biolinistari saldu zioten, eta Sarasatek, bere testamentuan, Madrilgo Musika Eskolari utzi zion (eta baita 25.000 franko ere biolineko iaiotasunaren Sarasate Saria sortzeko). Gaur egun, Madrilgo Goi Mailako Musika Eskolako Musika Tresna Zaharren Bilduman dago. Oro har, Sarasate Saria emateko kontzerturako eta Pablo Sarasate Nazioarteko Biolin Sariko kontzertu baterako uzten dute.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa