(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuak antolatutako “Kultur Zikloa 2008” Erriberrin aurkeztu da

ostirala, 2008.eko urriak 10

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuak antolatutako “Kultur Zikloa” kanpainaren barruan, Nafarroako 45 herri izanen dira onuradun. Kanpainaren helburua da euskararen erabilera sustatzea adierazpen artistikoen bitartez, hala nola antzerki, musika, zinema eta bestelako kultur eta eszena-irudikapenen bitartez.


Programa honek betetzen du Euskarabideari eman zaion eginkizuna, hots, beste entitate eta administrazio publikoekin batera euskararen garapenerako programak eta jarduerak bultzatzea eta koordinatzea.



Kanpaina honen aurrekontua 80.000 eurokoa da: 50.000 euro Euskarabideak emanak eta gainerako 30.000 euro kanpainaren babeslea den Lagun Arok emanen dituenak,.



Kanpaina honen aurkezpena gaur goizean Erriberrin egin da, Kultur Etxean (Rua Mayor, 37). Prentsaurrekoan ondoko hauek hartu dute parte: Xabier Azanza Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Rubén Fuertes Peralta Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendariak eta María Victoria Abaurrea Erriberriko Udaleko Kultur zinegotziak.



Kultur Zikloa 2008



Nafarroaren hizkuntza errealitatearen jakitun, Euskarabidea emanaldi bakoitzaren hizkuntza maila tokian-tokian dagoen euskararen ezagutza eta erabilera mailetara egokitzen saiatu da. Ziklo honetan Euskarabidea Nafarroako mapan zehar barreiaturiko 45 herritara ailegatuko da hamar talde artistikorekin gehi bestelako musikari, aktore eta abeslariekin.



Musika taldeen artean honakoak ditugu: Oñatiko Ganbera Korala eta Bertsotramak, Unai Iturriagak, Igor Elorzak, Jon Maiak eta Josu Goikoetxeak taularatzen duten bertsolaritzan oinarrituriko ikuskizuna.



Behi Bis taldeak bi antzezlan aurkeztuko ditu: “Rosi erosi” eta “Marilo Betilo”; Kukubiltxo taldeak bi saio eskainiko ditu: “Dir Dir” eta “Kukubel 2.0”; eta Kollins Clown taldeak “Kiriko” antzeztuko du.



Txotxongilo ikuskizunetan, Bihar txotxongilo taldeak “Pinotxo” aurkeztuko du. Arlo honetan Gus marionetas taldea ere egonen da.



Honetaz gain, Angel Magoak umorez uztarturiko magia ikuskizuna eskainiko du, Elvi sabeliztunak bere muntaia emanen du, bertan hainbat pertsonaiari bizia emateko gai baita, eta Ixabel Mollet kontu kontalariak “Hemendik haratago” eskainiko du, ipuin japoniarrak eta euskal kontakizun herrikoi bat elkartuz.




Euskarazko jarduerak aurrera eramaten dituen Erriberri herriak kultur ziklo honetan Angel magoaren emanaldia jasoko du. Honetaz gainera Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuak diruz lagundutako bestelako proposamenak ere eskainiko ditu, besteak beste, Nafarroako euskalkiei buruzko erakusketa bat, Fernando Rey-k emanen duen hitzaldi batekin osatua, antzerki saio bat eta euskara ikasteko ikastaro bat.



Hiriak, gainera, Oskorri taldeak Erriberriko Udalaren Musika-bandarekin batera emanen duen saioa eskainiko du, urriaren 11n, larunbatarekin.



Herriak



Euskara Nafarroako bazter guztietara eramatea helburu, Euskarabideak honako herrietara eramanen ditu saioak:



• Eremu euskalduna: Aldatz (Larraun), Amaiur (Baztan), Arantza (Bortziriak), Areso (Leitzaldea), Aribe (Aezkoa), Auritz, Doneztebe, Erro, Larraintzar (Ultzama), Luzaide, Olatzagutia (Sakana), Oronoz (Baztan), Zubiri.



• Eremu mistoa: Abartzuza, Agoitz, Burgi (Erronkari), Ezkaroze (Zaraitzu), Gares, Lizarra, Orkoien.



• Eremu ez euskalduna: Ablitas, Oibar, Arroitz, Badostain (Egues), Berbintzana, Zarrakaztelu, Cascante, Castejon, Zirauki, Faltzes, Fontellas, Lerin, Lodosa, Irunberri, Martzilla, Mendabia, Miranda Arga, Olatz (Egues), Erriberri, Oteitza, San Adrián, Zangoza, Tafalla, Viana, Villafranca.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa