(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernua tresna informatiko batez hornituko da, izapideak Internetez egiten dituzten pertsonak errazago identifikatzeko

astelehena, 2008.eko urriak 13

Sistema berriak, gainera, aurkeztutako dokumentuak modu elektronikoan izenpetzeko aukera eta datuak segurtasun berme guztiekin zaintzeko informazioa emanen ditu


Nafarroako Gobernua onartutako sinadura elektronikorako sistema zentralizatu batez hornituko da, herritarrek eta Administrazioak Internet bidez dituzten harremanen legezkotasuna eta segurtasuna bermatzeko. Nafarroan Administrazio Elektronikoa ezartzeko prozesuan egin duten aurrerapauso berri bat da (beste urrats batzuk Erregistro Elektroniko Orokorra edo ordainketa telematikoaren arlokoak izan dira). Foru Gobernuak 238.900 euro erabiliko ditu sistema informatikoa erosi eta zerbitzua ezartzeko.


Administrazioarekin Internet bidez egiten diren harremanetan datuak eskuratzeko edo izapideak egiteko baimena eman aurretik pertsonak identifikatzea ahalbidetuko duen sistema edo tresna informatikoa da, zehazki. Sistemak, erabiltzaileak identifikatu ondoren, aurkeztutako dokumentuak edo egindako izapideak modu elektronikoan izenpetzeko aukera emanen du (dokumentuen edo izapideen egiazkotasuna bermatzeko), eta azkenik, datuak legezko segurtasun berme guztiekin zaindu eta mantentzeko informazioa emanen du.


Sistema berriaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: batetik, Estatuko erabiltzaile baimendunen ziurtagiri guztiak identifikatzea ahalbidetuko duela (pertsona bati sarean identifikatzeko eta informazioa trukatzeko aukera ematen dion eta datuak kasuan kasuko erabiltzaileak eta solaskideak bakarrik eskuratu ditzaketela bermatzen duen agiri digitala); eta bestetik, bigarren fasean, ziurtagiri berriak (Europakoak barne) erabiltzea ahalbidetuko duela.


Nafarroako Gobernuaren aplikazio guztietan erabili ahal izanen da, herritarrekiko zein langileekiko harremanetarako. Eta hori dena izapide guztietan pertsonen intimitate eskubidearekin zerikusia duten oinarrizko eskubide guztiak errespetatzeko beharrezkoak diren neurriak eta legezkotasuna bermatuz.


Nafarroako Gobernuak akordio bat onartu du gaur goizeko bilkuran, eta hala, baimena eman dio Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusiari sistema informatikoa erosi eta zerbitzua ezartzeko kontratua izenpetzeko. Xede horretarako, Foru Gobernuak 238.900 euro erabiliko, honela banatuta: 60.000 euro, 2008ko aurrekontuetatik, eta 178.900 euro, 2009koetatik.


Onartutako sinadura elektronikorako sistema zentralizatua kontratatzea Nafarroan Administrazio Elektronikoa ezartzeko prozesuan egin duten aurrerapauso berri bat da, 11/2007 Foru Legean xedatu zuten moduan. Administrazio moderno eta aurreratua erdieste aldera, administrazio prozeduren izapideak egiteko eta barruko zein kanpoko harremanetarako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko aukera ematen du, hain zuzen, aipaturiko arauak.


11/2007 Foru Legearen xedea honako hau da: bitarteko elektronikoen bidez herritarrek euren eskubideak baliatu ahal izatea eta euren eginbeharrak betetzea, modurik bizkor, ekonomiko eta fidagarrienean eta legezko berme guztiekin.


Nafarroako Gobernuak (beste Administrazio batzuekin elkarlanean) neurri gehiago ere hartu ditu, gaur egunera arte, Administrazio Elektronikoa ezartzeko prozesuaren baitan. Honako hauek, besteak beste: Erregistro Elektroniko Orokorra sortzeko eta ordainketa telematikoaren arloan aurrera egiteko neurriak, Administrazioan sinadura elektronikoa hedatzeko neurriak, eta udaletako erregistro zibilak online lotzeko neurriak.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa