(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Sueños, esfuerzo, horizonte" erakusketa inauguratu dute, CEINek hogei urte bete dituela ospatzeko asteartea, 2008.eko urriak 14

Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroak 1.878 enpresa eta 4.083 lanpostu sortzen lagundu du, 10.300 proiektu baino gehiagotan aholkulari aritu da, eta 2.397 negozio edo bideragarritasun plan egin ditu


José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak "Sueños, Esfuerzo, Horizonte" (Ametsak, Ahalegina, Etorkizuna) erakusketa inauguratu du, gaur goizean, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroan (CEIN). Sozietate publikoak hogei urte bete dituelako antolatu dute erakusketa, hain zuzen.


Entitateak hogei urteotan egin duen ibilbidea bildu dute erakusketan; hots, Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialaren eta lehiakortasunaren eragile gisa ekintzailetza, sormena, berrikuntza eta enpresen finkapena sustatzearen alde egin duen apustua. Hogei urteotan Nafarroan 1.878 enpresa sortzen lagundu du CEINek, eta enpresa horiek 4.083 lanpostu sortu dituzte (enpresak sortu diren unean). Gainera, enpresa berriak sortzeko 10.300 proiektu baino gehiagotan aholkularitza eskaini du, 2.397 negozio edo bideragarritasun plan egin ditu, eta enpresak sortzeko 55 ikastarotik gora eman ditu (horietan mila enpresa proiektuk baino gehiagok parte hartu dute).


Enpresa haztegietan ehun enpresatik gora egon dira (entitateak kudeatzen dituen lokalak, Foru Komunitatean enpresa berritzaileak sortu, finkatu eta hazten laguntzeko). Enpresetan berrikuntza eta IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) bultzatzeko lanari dagokionez, 3.400 ETEk (enpresa txiki eta ertainak) baino gehiagok parte hartu dute CEINek urteotan bultzatu eta kudeatu dituen proiektuetan.


Roig kontseilariak CEINek ekintzailetzaren alde hartu duen konpromisoa azpimarratu du. Carmen Leza CEINeko zuzendari kudeatzaileak, berriz, erakusketa ibiltaria nafar guztientzat dela adierazi du, eta aurrera begira sozietate publikoak erronka asko dituela azpimarratu du.


Erakusketaren edukiak leloko hiru kontzeptuen gainekoak dira: Ametsak (entitatea nola sortu zen, lehenengo proiektuak eta enpresak); Ahalegina (entitateko jardueraren garapena eta bilakaera, zerbitzuak eta bezeroak); eta Etorkizuna (etorkizuneko ekimenak).


Erakusketa parte-hartzerako gunea ere bada; izan ere, bisitariak euren ekintzailetza ahalmenaz jabetu daitezke test elkarreragile baten bidez, eta zenbait gairi buruz duten iritzia ere eman dezakete (berrikuntza, arrakasta, edo arriskua, besteak beste). Gainera, filmaketa eremu bat ere badago, eta bertan, ostegunero, ekintzailetzarekin eta enpresen sorkuntzarekin zerikusia duten galderei erantzuteko aukera izanen dute bisitariek. Kameraren aurrean erantzuten duenak "ekintzailearen kita" jasoko du.


CEINen urteurreneko erakusketa entitatearen instalazioetan egonen da ikusgai, urriaren 17ra arte (datorren ostirala). Ondoren, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzan (urriaren 20tik 26ra bitarte), Civican aretoan (urriaren 26tik azaroaren 2ra arte) eta Merkataritza Kudeaketako eta Marketineko Goi Mailako Eskolan (azaroaren 3tik 9ra bitarte) egonen da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa