(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bularreko minbizia duten gaixoei osasun azterketak egiteko zirkuituko itxaronaldia nabarmen murriztu da asteartea, 2008.eko urriak 14

Zirkuituaren baitan dauden emakumeak protokoloei jarraiki ezarritako epeen baitan daude


Horixe bera azpimarratu du Ignacio Yurss Nafarroako Ospitaleko zuzendari medikoak. 2007ko maiatzaren 2az geroztik "autozita partekatua" izeneko prozedura erabiltzen dute gaixoen jarraipenean parte hartzen duten espezialisten osasun azterketak arrazionalizatu eta ordenatzeko, eta hala, izapide gutxiago egin, denbora aurreztu, eta hitzorduen artean denbora asko igaro dadin edo hitzorduak pilatu daitezen saihestu ahal izateko. Horrela bada, Yurssek adierazi duenez, gaur egun 34 bat egunen buruan egiten dituzte osasun azterketak.


Gainera, bularreko minbizia garaiz antzemateko programak ere oso emaitza onak izan dituela azpimarratu du Yurssek (bularreko minbizia lehenago antzematea eta tratatzea ahalbidetzen duen programa). Sendagileak azaldu duenez, Osasunbideak lehentasuna ematen die gaixo horiei artapen zirkuituan, eta gaur egun ez dute itxaron beharrik. Gainera, ohiko eta ezohiko kontsulten eskaintza zabaldu dute, itxaroteko epeak bermatzeko, eta Onkologia zerbitzuetako langile kopurua bikoiztu dute.


Yurssek prentsaurrekoa eskaini du, hain zuzen, bularreko minbizia duten gaixoak lasaitu, protokoloak azaldu, eta gaur goizean prentsan azaldu den informazioa kontrastatze aldera. Honako hauek ere parte hartu dute prentsaurrekoan: Begoña Goldaracena Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendari medikoak, Ruth Vera Nafarroako Ospitaleko Onkologia Medikoko buruak, Miguel Angel Dominguez Onkologia Erradioterapikoko buruak, Fernando Domínguez Bideko Ama Birjina Ospitaleko Bularreko Patologien Unitateko koordinatzaileak eta Francisco Vicente Nafarroako Ospitaleko Bularreko Patologien Unitateko koordinatzaileak.


Guztiek gogoan izan dituzte gaixoen elkarteak, batik bat Saray, eta elkarteak bezalaxe osasun azterketak dagokien unean egin daitezen nahi dutela gaineratu dute.


Ruth Verak gaixoak lasaitu daitezen nahi duela adierazi du, eta Nafarroako sistema oso ona dela helarazi nahi izan die. Izan ere, gaixoen jarraipenean parte hartzen duen zerbitzuen arteko lankidetzari esker erradioterapia edo kimioterapia tratamenduak egin behar dituzten gaixoek ez dute itxaron beharrik, eta gainera, osasun azterketak diziplina anitzeko ikuspuntutik egiten dituzte, artapen zirkuitu baten bidez eta gaixoen azterketa planak ahal bezainbeste optimizatuz.


Miguel Angel Dominguezek ere (Onkologia Erradioterapikoko burua) ideia hori azpimarratu du, eta tratamendua behar bezain bizkor has daitekeela adierazi du. Nafarroan bularreko minbiziaren aurkako tratamendu guztiak aplikatzeko bitartekoak daudela gaineratu du, brakiterapia barne, eta aurki erradio-kirurgia ere erabili ahal izanen dela adierazi du.


Fernando Domínguezek adierazi duenez (Bideko Ama Birjina Ospitaleko Bularreko Patologien Unitateko koordinatzailea) "autozita partekatuaren" zirkuituaren bidez hurrenez hurreneko osasun azterketen zirkuitua sortu dute (espezialitatez espezialitateko hitzorduak, protokoloaren arabera): Kirurgiatik Erradioterapiara edo Onkologia Medikora, eta ondoren, Erradioterapiako azterketa egin duten gaixoak Onkologia Medikora eta hortik Kirurgiara, etab. Horrela, kontsulta bakoitzetik hurrengorako hitzordua dutela ateratzen dira gaixoak, Bularreko Patologia Unitateek hitzartutako protokoloen arabera. Domínguezek adierazi duenez, sistema horren emaitzak oso onak dira.


Azkenik, Begoña Goldaracenak kasuan kasuko zerbitzuarekin harremanetan jartzeko eskatu die osasun azterketetan atzerapenak jasan dituzten emakumeei; izan ere, atzerapenak administrazio hutsen ondorio izan daitezke, eta huts horiek konpondu egin behar dira, zirkuituaren baitan dauden emakumeak ere protokoloei jarraiki ezarritako epeen baitan daudelako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa