(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Unibertsitateetako 2008ko Udako Ikastaroetan parte-hartzaile kopuruak %18 egin du gora ostirala, 2008.eko urriak 17

ostirala, 2008.eko urriak 17

Aurten VIII. aldiz egin dituzten Udako Ikastaroak, eta antolatu dituzten 30 jardueretan 3.741 lagunek parte hartu dute


2008ko Udako Ikastaroetan parte-hartzaile kopuruak %18 egin du gora. Horixe bera da aurten VIII. aldiz egin dituzten Udako Ikastaroetako balantzeko datu azpimarragarriena. Zehazki, antolatu dituzten jardueretan 3.741 lagunek parte hartu dute (2007an baino 581 pertsona gehiago). Gainera, datua are adierazgarriagoa da aurten jarduera gutxiago antolatu dituztela kontuan hartzen badugu: 2008an 30 jarduera antolatu dituzte (pertsona ororentzako ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldi zikloak), eta 2007an, berriz, 35 antolatu zituzten.


Ikastaroen eskaintza txikiagoa izan denez, irakastorduak ere gutxiago izan dira. Hain zuzen ere, aurtengo irakastorduak 408 izan dira, eta iazkoak, berriz, 518 izan ziren (orain arteko zenbatekorik handiena). Hala ere, hizlari kopurua iazkoa baino handiagoa izan da: aurten, 295 hizlari (ikastaroetako zuzendariak, hizlariak eta mahai inguruetako parte-hartzaileak), eta iaz, berriz, 245. Beraz, hizlari kopurua %20 handitu da.


2008ko udako ikastaroak ekainaren 25ean hasi ziren, Francisco Calvo Serraller NUPeko Jorge Oteiza Katedraren zuzendari eta Unibertsitate Konplutentseko Arte katedradunaren eskutik. Inaugurazio ikasgaiaren izenburua "El arte contemporáneo, la grandeza de lo imperfecto" (Arte garaikidea, perfekziorik ezaren handitasuna) izan zen, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean eskaini zuten (horixe bera da Udako Ikastaroetako egoitza nagusia).


Ikastaroetako itxiera ekitaldia, berriz, urriaren 2an egin zuten, "Divine Gospel Reunion" taldeak Gaiarre antzokian eskaini zuen kontzertuarekin.


Jarduerak eta parte-hartzaileak


Programaziorik zabalena Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu du: bederatzi eskola jarduera, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (INAP), Nafarroako Ateneoak eta Nafarroako Azterlan Historikoen Sozietateak antolatutakoak barne. Nafarroako Unibertsitateak eta Iruñeko Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN), berriz, zazpi jarduera antolatu dituzte (ESICek antolatutako ikastaroak barne). Tuterako UHUNek, berriz, bost jarduera antolatu ditu. Gainera, ekitaldi ofizialak ere egin dituzte (inaugurazio eta itxiera ekitaldiak).


Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dituen ikastaroetan 1.645 lagunek parte hartu dute; Nafarroako Unibertsitateak antolatu dituenetan, 647 lagunek; Iruñeko UHUNek antolatu dituenetan, 368 lagunek; eta Tuterako UHUNek antolatu dituenetan, 368 lagunek. Inaugurazio eta itxiera ekitaldietan 900 lagunek parte hartu dute.


Hizlariei dagokienez, Nafarroako Unibertsitateak 133 aurkeztu ditu; NUPek, 90; Tuterako UHUNek, 38; eta Iruñeko UHUNek, 25.


Bete diren helburuak


Nafarroako Unibertsitateetako Udako Ikastaroek unibertsitatea eta bertako irakaskuntza eta ikerketa jarduerak Nafarroako gizartera gerturatzea lortu dute, berriro ere.


Ikastaroetako eskaintzaren sendotasun nagusia unibertsitateak batera jarduteari zor zaio; izan ere, batera jardunez asmo handiko programa gauzatzen dute. Hala, antolatzen duten programa askotarikoa, zorrotza eta erakargarria izaten da, aisialdi eta trebakuntza jardueretarako egokia den garaian, udan.


2008ko ikastaroetan Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Iruñeko eta Tuterako UHUNek parte hartu dute. Gainera, INAPek, Nafarroako Ateneoak, eta Nafarroako Azterlan Historikoen Sozietateak ere parte hartu dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik, eta ESIC-ek Iruñeko UHUNeko programan parte hartu du.


Ikastaroak Hezkuntza Departamentuak bultzatu, koordinatu eta finantzatzen ditu, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Unibertsitateetako munduan eta Nafarroako gizartean oso errotuta dauden ikastaroak dira, eta ondorioz, aurrerantzean ere egin eta garatuko dituzte.


Iruñeko Udalak ere finantzatzen ditu Udako Ikastaroak; izan ere, hiriaren irudia sustatu eta udako kultur eskaintza indartzen dute. Aurten, bestalde, Milagroko Udalak ere parte hartu du ikastaroetan; izan ere, Tuterako UHUNek sustatu duen ikastaro bat bertan egin dute (energia berriztagarriei buruzko goi mailako espezializazio ikastaroa).



Dokumentazioa:
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa