(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Urrezko Domina CEN konfederazioari eta UGT eta CCOO sindikatuei eman zaie

astelehena, 2008.eko urriak 27

Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bat onartu du, eta hala, Nafarroako Urrezko Domina eman die CEN konfederazioari (Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa) eta UGT (Langileen Batasun Orokorra) eta CCOO (Langile Batzordeak) sindikatuei


Nafarroako Urrezko Domina Foru Komunitateak ematen duen sari nagusia da, eta Nafarroako interesak babesten eta sustatzen dituzten pertsonak edo entitateak saritzea du xede. Oraingoan, CEN konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek egiten duten lanak Foru Komunitate osoan garrantzi sozial handia duela eta hiru erakundeek Nafarroarentzat oso onuragarriak izan diren hitzarmen ekonomiko eta sozialak egin dituztela hartu du kontuan Nafarroako Gobernuak. Saria 2008ko Nafarroako Eguneko ekitaldien baitan emanen zaie.


Dekretuak dioenez, hitzarmena funtsezko alderdia da jarduera ekonomikoa hazteko eta lanpostuak sortzeko, eta lan modu horri jarraiki, CEN konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek hainbat akordio izenpetu dituzte. Hiru erakundeek hitzarmen espirituari eutsi diote guztion intereseko gaietan, tinko eta modu emankorrean mintzatu dira, eta hala, hainbat konpromiso izenpetu dituzte Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko nagusien sostenguarekin. Elkarrizketa sozialak ondorio politikoak izaten ditu eta horretarako Parlamentuko akordioak behar izaten dira, baina eragile sozialen egitekoa ere garrantzizko izaten dela nabarmendu behar da; izan ere, hitzarmena gizarteak berak bilatzen baitu, herritarrak ordezkatzen dituzten erakunde nagusien bidez eta politika munduaren eta Parlamentuaren sostenguarekin.


Horrela bada, 1993an, hiru erakundeek eta Nafarroako Gobernuak inbertsioetarako eta enplegurako Akordioa izenpetu zuten. 1995ean, berriz, “Laneko Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa” izenpetu zuten hiru erakundeek, eta hala, Nafarroako ekonomiak eta kalitatezko lanpostuen sorkuntzak nabarmen egin zuten hobera. Akordioa garatzeko, 1999-2001, 2002-2004 eta 2005-2007ko Nafarroako enplegu planak gauzatzeko bitartekoak (legezkoak eta aurrekontuak) antolatu zituen Nafarroako Gobernuak. Gainera, “Laneko Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioa” oinarri gisa erabili zuten Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafarroako Lan Epaitegia eta laneko arriskuei aurrea hartzeko hainbat neurri abian jartzeko.


Gaur Gobernuak onartu duen Dekretuaren arabera, akordioa izenpetu zuten erakunde guztiek oso balioespen positiboa egin zuten lortutako emaitzen gainean, eta hortaz, bide zuzenari jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, hitzarmena funtsezko oinarria da Nafarroaren garapenerako, eta gatazkak eta norgehiagokak baino emaitza hobeak izaten ditu beti, epe laburrean, ertainean zein luzean. Gainera, hitzarmena aniztasunean oinarrituta dago, helburu komunak dituzten hainbat erakunde eta ideologia biltzen dituelako.


Bestalde, testuak dioenez, aipaturiko balioespen positiboarekiko koherentziari jarraiki eta alderdiek mintzatu eta itunak egiteko gaitasuna dutela kontuan hartuta, CEN konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek Itun Sozialerako Akordioa izenpetu zuten 2007ko abenduaren 27an. Nafarroako Parlamentuko alderdi nagusiek goraipatu egin zuten akordio hori, krisi garaietan ere sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen arteko hitzarmena oso emaitza onuragarriak dituen metodoa, erregulazio ideia eta lan kultura delako. Gainera, hitzarmena arazoei eta erronkei aurre egiteko modu ona da, eta hazkunde ekonomiko iraunkorra eta kohesio soziala ahalbidetzen ditu. Bultzatzaileek behin baino gehiagotan esan duten moduan, akordioen bidezko metodologiaren xedea “politikaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntuetatik iraunkorra den Nafarroa” bermatzea da.


Azkenik, sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen arteko hitzarmen sozialaren iraunkortasunak Nafarroari egonkortasun sozial handia eman diola azpimarratu dute Dekretuan. Hala, Nafarroa nabarmen garatu da, lanaren edo ekoizpenaren arloetan ez ezik, baita gizarte osoari dagokionez ere. Gainera, Nafarroako egoera eredu gisa erabili daiteke, Foru Komunitatean hitzarmenaren arloan arrakasta osoz egin diren pauso berak egiteko.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa