(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Zerga Iruzurraren Aurkako 2008-2012 Plana onartu du astelehena, 2008.eko azaroak 3

Nafarroako Gobernuak Zerga Iruzurraren Aurkako 2008-2012 Plana onartu du gaurko bilkuran. Planak 303 neurri ditu, hain zuzen, honako arlo hauetan: informazioa, ikerketa, kontrola, beste eragile batzuekiko lankidetza, hezkuntza, zergen arloko eskakizunak norberaren borondatez bete daitezen bultzatzeko neurriak, eta arau berrien onarpena.


Berritasun gisa, herritarrek planaren lanketan parte hartu ahal izan dute estreinakoz, eta hala, hogei bat elkarte, profesional eta partikularrek egindako ekarpenak sartu dituzte dokumentuan.


Planaren helburuak eta printzipioak


Plan berria Zerga Ogasunaren jardunaren ardatz izanen da, datozen bost urteetan, eta neurri estrategiko eta operatiboak izanen ditu, iruzurrari aurrea hartu, kontrolatu eta zuzentzeko.


Iruzurraren Aurkako 2003-2007 Plana du abiapuntu. Hain zuzen ere, Zerga Ogasunak 532 milioi euro berreskuratu ditu hari esker.


Planak zergen arloko eskakizunak neurri handiagoan bete daitezen lortzea eta zerga iruzurra murriztea ditu helburu, hainbat neurri motaren bidez: aipaturiko eskakizunak norberaren borondatez bete daitezen bultzatzeko neurriak, iruzurraren prebentzioa, iruzurraren kontrola eta jazarpena, eta kontzientzia sozialaren eta zergen arloko balioen sustapena.


Dokumentu estrategikoa da. Gainera, integrala da, Ogasuneko arlo organiko eta funtzional guztiak biltzen dituelako, eta parte-hartzea sustatzen du, planaren lanketan herritarrek eta erakunde ekonomiko eta sozialek parte hartu dutelako. Bestalde, operatiboa da, funtsean, neurri operatibo zehatzak ezartzen dituelako. Emaitzak betetako helburuen arabera neurtuko dituzte. Bost urteko iraupena izanen du, eta pixkanaka ezarriko dute, sortzen diren beharrizanetara egokituz. Azkenik, plan ebaluagarria izanen da, eta autofinantzatu eginen dute.


Neurriak


Esan dugun moduan, planak 303 neurri ditu. Hain zuzen ere, zazpi arlotako neurriak dira: informazioa eta ikerketa; beste eragile batzuekiko lankidetza; zerga kontrola; zergen arloko eskakizunak norberaren borondatez bete daitezen bultzatzeko neurriak; araudia; prozesuak eta sistemak; eta hezkuntza.


Informazio eta ikerketa arloari dagokionez (30 neurri), bi berritasun hauek aipatu ditzakegu:


- Informazioaren inbentario orokorra sortzea, Nafarroako Zerga Ogasunak dituen datu guztiekin. Oinarrizko tresna izanen da zerga kontrolerako eta zergadunak artatzeko.


- Ikerketarako berariazko unitatea eta "zerga agenteak" sortzea, ikertzaileei sostengua emateko, kalean bertan.


Gainera, bildutako zerga informazioaren kalitatea eta bolumena areagotuko dituzte.


Beste eragile batzuekiko lankidetzaren arloari dagokionez, 19 neurri ditu, eta besteak beste, barne koordinazioa sareagotuko dute, Nafarroako Gobernuaren baitan, eta baita kanpo koordinazioa ere (beste zerga administrazio batzuk, polizia, epaileak, entitateak, erakundeak, eta elkarteak), hitzarmenak eta itunak eginez.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa