(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoak ibilgailuetako pneumatikoen eta argien egoera egiaztatzeko kanpaina abiatu du astelehena, 2008.eko azaroak 3

Argiei dagokienez, kanpainak prebentzioa izanen du helburu, eta neguan egunez ere gurutzatze argiak erabiltzeko iradokiko diete gidariei


Foruzaingoak ibilgailuetako pneumatikoen eta argien egoera egiaztatzeko kanpaina abiatu du gaur. Kanpainak neguan ibilgailuak behar bezala erabil daitezen bermatzea du helburu, eta datorren igandera arte eginen dute (azaroaren 9a).


Argiei dagokienez, zehazki, kanpainak prebentzioa eta informazioa izanen ditu helburu. Kanpainan patruila guztiek parte hartuko dute, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, eta kontrolak eginen dituzte Nafarroako hainbat lekutan (bide lasterrak zein bigarren mailako sareko errepideak).


Pneumatikoen kontrola


 Pneumatikoen egoerari dagokionez, Ibilgailuetako Erregelamendu Orokorreko VII. eranskineko zirkulazio baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatuko dute foruzainek. Bertan adierazita dagoenez, pneumatikoetako errodamendu bandako arteka nagusiek 1,6 milimetroko gutxieneko sakonera izan behar dute. Arteka nagusiak errodamendu bandaren erdialdean dauden artekak dira, zehazki, eta gutxi gorabehera bandaren ¾ hartzen dute.


Hain zuzen ere, pneumatikoetako higadura adierazlea bistan ez dagoela egiaztatuko dute foruzainek. Izan ere, adierazlea bistan egoteak pneumatikoen balio-bizitza amaitu dela esan nahi du, eta baldintza horietan dauden pneumatikoak erabiltzea arriskutsua izan daiteke bide segurtasunerako (gurpila lehertzeko arriskua, itsaskortasun txikia zola labainkorrean, eta balaztatze tarte handiagoa).


Era berean, pneumatikoek (berriek zein birkautxuztatuek) arauzko idazkunak dituztela eta anpulurik, deformazio anormalik, hausturarik edo pneumatikoetako geruzaren bat edo errodamendu banda gastatuta dagoela adierazten duen beste seinalerik ez dutela egiaztatuko dute. Gainera, agerian dagoen kablerik, pitzadurarik edo karkasa hautsita edo lokatuta dagoela adierazten duen beste seinalerik ez dagoela ere egiaztatuko dute.


Pneumatikoek gabeziaren bat dutela ikusiz gero, foruzainek 150 €-ko isuna jarriko dute pneumatiko bakoitzeko (gehienezko isuna 300 €-koa izanen da). Gidariek ez dute gidabaimeneko punturik galduko, baina bide segurtasunerako arriskua bistakoa bada, baliteke foruzainek ibilgailua geldiaraztea.


Argien kontrola


Bestalde, ibilgailuetako argien erabilera eta egoera ere egiaztatuko dituzte foruzainek, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) ekimenarekin bat eginez, neguan egunez ere gurutzatze argiak erabiltzeko iradokiko diete gidariei.


Aste osoan zehar, foruzainek ibilgailuetako argien egoera egiaztatuko dute, eta bereziki, gurutzatze argiek aurkako norakoan doazen gidariak itsutzen ez dituztela egiaztatuko dute (fokua altuegi egoteagatik).


Kasu honetan, kanpainak prebentzioa eta informazioa izanen ditu helburu, eta ondorioz, argiak erreta dauzkaten edo ordezko argirik ez daramaten gidariek ez dute isunik jasoko. Beharrezkoa denean argirik gabe doazen gidariei, ordea, isuna jarriko diete.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa