(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Onddoak eta zizak biltzeko eta kontsumitzeko jardunbide egokiei buruzko gidaliburua argitaratu du Gobernuak ostirala, 2008.eko azaroak 7

Argitalpenaren bidez, ekosistemak eta kontsumitzaileen segurtasuna babestu nahi dituzte


 "Boletus edulis" onddoak

"Boletus edulis" onddoak. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren bidez, eta Ultzamako Mikologia Parkearen laguntzarekin, onddoak eta zizak biltzeko, identifikatzeko eta kontsumitzeko jardunbide egokiei buruzko gidaliburua argitaratu du, euskaraz eta gaztelaniaz.


Gidaliburuko lehenengo zatian onddoen eta zizen bilketa aztertu dute eta zortzi bineten bidez ekosistemei kalterik ez eragiteko gomendioak eman dituzte. Adibidez, lanabesak erabiliz gero (igitaia edo eskuarea, esaterako) onddoen eta zizen mizelioan eta inguruko landaredian kalteak eragin daitezkeela ohartarazi dute. Gidaliburuan adierazi dutenez, gainera, onddo eta ziza gazteak eta oso helduak edo hondatuta daudenak ez dira bildu behar; lehenengoak, onddoak eta zizak ugal daitezen ahalbidetzeko; eta bigarrenak, euren ezaugarriak narriatuta daudenez balitekeelako kontsumitzeko desegokiak izatea edo jangarriak ez direnekin nahastea.


Gainera, lurzorua gehiegi zanpatuz gero lurra aireberritu dadin saihesten dela, eta hala, onddo eta ziza gutxiago jaiotzen direla adierazi dute. Bestalde, onddoak eta zizak lekuan bertan garbitzea komeni dela jakinarazi dute, hobeto mantentzen direlako eta onddo eta ziza larreak hedatu daitezen ahalbidetzen delako. Argitalpenean adierazi dutenez, onddoak eta zizak oso-osorik (zutoinaren oinarria barne) eta guztiz garatuta daudenean (helduak) bildu behar dira, behar bezala identifikatzeko. Gainera, bildu ondoren saski batean garraiatu behar dira, aireztatuta egoteko; plastikozko poltsetan garraiatuz gero, berriz, bizkorrago usteltzen dira. Era berean, onddo eta ziza guztiak errespetatu behar direla adierazi dute, toxikoak barne, guztiek garrantzizko eginkizuna dutelako basoetan.


Onddoak eta zizak kontsumitzeko jardunbide egokiak


Gidaliburuko bigarren zatian onddoak eta zizak kontsumitzeko gomendioak eman dituzte. Hasteko, behar bezala identifikatu behar direla adierazi dute, eta zalantzaren bat izanez gero ez direla kontsumitu behar. Gainera, ideia okerrak alde batera utzi behar direla ohartarazi dute (hala nola itxura eta usain ona duten edo bareek jaten dituzten onddo eta ziza guztiak jangarriak direla pentsatzea). Gidaliburuan gomendatu dutenez, kutsatuta dauden eremuetako onddoak eta zizak ez dira bildu behar, eta laboreen ondoan, errepide bazterretan edo herri eta hirietako lorategietan daudenek osasunerako kaltegarriak diren kutsatzaile kimiko arriskutsuak metatu ditzakete. Zehazki, barrengorriek (Agaricus sp) metal astunak metatzen dituzte, eta horregatik, garbitu, zuritu eta ongi egin behar dira, eta nolanahi ere, neurriz jan behar dira.


Onddo eta zizen kontsumoari dagokionez, oro har bizkor usteltzen dira, eta ondorioz, lehenbailehen hozkailuan gordetzea eta bildu direnetik 24 ordu igaro baino lehen egitea eta kontsumitzea komeni dela adierazi dute gidaliburuan. Gainera, ez da komeni onddoak eta zizak gordinik edo gutxi eginda jatea, digeritzen zailagoak direlako eta batzuk gordinik toxikoak direlako. Azkenik, onddoak eta zizak neurriz jateko gomendatu dute, jasanezintasuna eta alergia eragin ditzaketelako.


Onddoak eta zizak ez dira landareak, baina landareekin lotuta daude, harreman ekologiko ugariren bidez. Adibidez, onddo eta ziza sinbionteak landare gehienei lotuta bizi dira, eta landarerik gabe ezin dira garatu. Sinbiosian bizi direnetako batzuk honako hauek dira: boilurra (Tuber melanosporum), Amanita caesarea, Boletus edulis edo esnegorria (Lactarius deliciosus). Bestalde, onddo eta ziza saprofitoak substantzia organiko hilez elikatzen dira, eta ekosistemak aktiboki garbitzen dituzte, iraunkortasun handiko molekulak asimilatzen dituztelako (zelulosa, lignina...). Hartara, basoa "garbitzen" dute eta ekosistemak baldintza egokietan egon daitezen ahalbidetzen dute. Horrexegatik guztiagatik, ekosistema jakin batean onddo eta ziza mota ugari egotea ekosistemaren kalitatearen eta aniztasunaren seinale da.


Onddoak eta zizak biltzeko eta kontsumitzeko jardunbide egokien gidaliburua Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian (Armadaren hiribidea, 2. zenbakia, Iruñea) eta Naturaren Interpretazio Zentroetan (Bertizko Jaurerria, Erronkari, Otsagabia eta Irunberri) banatuko dute, doan.

Dokumentazioa:
Guía para recolección y consumo de setas

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa