(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Salanueva kontseilariak araztutako ura berriz erabiltzeari buruzko jardunaldi bat inauguratu du ostirala, 2008.eko azaroak 14

Jardunaldian ura berriz erabiltzeari buruzko arau esparru berria aztertu dute, eta ehun aditutik gora bildu dira bertara


Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak araztutako ura berriz erabiltzeari buruzko jardunaldi bat inauguratu du gaur goizean. Jardunaldia Nafarroako Gobernuak antolatu du, NILSA sozietate publikoaren eta Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroaren (CRANA) bidez, eta ehun aditutik gora bildu dira bertara. Jardunaldian ura berriz erabiltzeak ur baliabideak kudeatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu dituzte, eta amaiera ekitaldian Andrés Eciolaza Carballo Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia mintzatu da.


Jardunaldian udal, mankomunitate, enpresa, enpresa elkarte, profesionalen elkargo, sindikatu eta beste erakunde batzuetako ordezkariek parte hartu dute, eta ura berriz erabiltzeari buruzko araudia aztertu dute, Estatuan gauzatu dituzten saiakuntza batzuen berri eman dute, eta Foru Komunitatean ura berriz erabil dadin sustatzeko zer aukera eta oztopo dauden eztabaidatu dute.


Javier Castiella Nafarroako Gobernuko Ur Baliabideen Ataleko buruak ura berriz erabiltzeari buruzko arau esparrua azaldu du, eta Enrique Ortega de Miguel CEDEXeko (Herri Lanetako Ikerlanen eta Saiakuntzen Zentroa) Azterlan Hidrografikoen Zentroko Ura Tratatzeko eta Arazteko Programako buruak, berriz, "La reutilización de aguas residuales en España; experiencias, oportunidades y barreras" (Hondakin ura berriz erabiltzea Espainian: saiakuntzak, aukerak eta oztopoak) txostena aurkeztu du.


Azkenik, Nafarroako hondakin ura berriz erabiltzeari buruzko mahai ingurua egin dute. Bertako moderatzailea Juan José Grau Foru Gobernuko Uraren Zerbitzuko zuzendaria izan da, eta parte-hartzaileak, berriz, honako hauek: NILSA sozietate publikoko, Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateko, Osasun Publikoaren Institutuko, CONSEBROko (Nafarroako Barazki Kontserbagintzako Industrien Elkartea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko eta NASUINSAko (Navarra de Suelo Industrial, SA) ordezkariak.


Ordezko baliabidea


 Araztutako hondakin ura berriz erabiltzeak (aldez aurretik tratatu ondoren), zenbait erabileratarako ur baliabide gehiago izatea ahalbidetzen du, eta horrek bi ondorio onuragarri ditu: batetik, kalitate oneko uraren kontsumoa txikitzen da, ura berriz erabiltzen delako; eta bestetik, ibaietara eta erreketara egindako isurketek eragiten dituzten ondorio kaltegarriak murrizten dira.


Nafarroan, Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioaren datuen arabera, 45 hektometro kubiko ur erabil daitezke berriro (araztutako hondakin ura). Gaur egunera arte, araztutako hondakin ura berriz erabiltzeko aukera ez da kontuan hartu ur hornidura bermatuta egon izan delako, erabilera guztietarako, batik bat Itoitzeko urtegia eta Nafarroako Ubidea eraiki ondoren.


Hala ere, ura berriz erabiltzeak aukera asko eskaintzen ditu ibaietara eta erreketara egiten diren industria isurien kalitatea hobetzeko eta ibaiak eta errekak egoera onean egon daitezen bermatzeko. Kontuan hartu behar dugu, gainera, kasu eta erabilera bakoitzerako aztertu beharreko aukera dela, eta ura berriz erabiltzearen kostua, abantailak, eta aukera hori lehenesteko arrazoiak aztertu behar direla.


Estatuan, araztutako ur guztiaren (368 Hm3/urte) %11 zuzenean erabiltzen dute berriro, eta beraz, jarduera hori nabarmen areagotu da. Gainera, gaur egungo sistemak, eraikitzen ari direnak eta proiektatuta daudenak kontuan hartuz gero, 4 urteren buruan 1.100 Hm3/urte araztu ahal izanen direla aurreikusten dute. Areagotzeko aukera gehien dituzten erabilerak ingurumenekoak, aisialdikoak (golf zelaiak) eta industriakoak dira.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa