(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Biurrungo "Alaitz" egoitza 2012ra arte 2 milioi euro baino gehiagoren truke kudeatzeko kontratua egiteko baimena eman du Gobernuak astelehena, 2008.eko azaroak 17

Nafarroako Gobernuak baimena eman dio, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari, Biurrungo "Alaitz" egoitza kudeatzeko kontratua egiteko. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako egoitza da, hain zuzen, eta 2009ko kontratuaren balioa 579.055 eurokoa izanen da. Kontratu osoaren balioa, berriz, 2.264.067 eurokoa izanen da (2012ra arte urtero egin daitezkeen luzapenak barne).


Egoitzako erabiltzaileen profila honako hau da: 18-65 urteko pertsonak, babes gabezia larria jasaten dutenak edota familiaren sostengurik eta etxerik ez dutenak. Euren egoera kontuan hartuta zentro espezializatu batean artatzea komeni den pertsonak dira (babesteko beste biderik ez dagoenean).


Biurrungo "Alaitz" egoitza Nafarroako Gobernuarena da, 16 lagunentzako lekua du, eta kontratuan guztien artapenerako beharrezkoak diren osagaiak hartu dituzte kontuan. Oinarrizko ostalaritza zerbitzuez gain (ostatua, otorduak, gune komunen garbitasuna, eta ikuztegi eta garraio zerbitzua), Zainketa Pertsonalen Programa eta Banan-banako Artapen Plana ere hartu dituzte kontuan.


Banan-banako Artapen Plana laguntzaren eta gizartearen arloetako esku-hartzeek osatzen dute. Laguntzaren arloko esku-hartzeei dagokienez, erabiltzaile bakoitzaren zainketa pertsonalarekin, komunikazioarekin, joan-etorriekin, kontrolarekin eta babesarekin zerikusia duten beharrizanak asetzeko jarduerak dira (garbitasuna, elikadura, osotasun pertsonalaren babesa edo kudeaketa pertsonalak egiteko laguntza, besteak beste). Gizartearen arloko esku-hartzeei dagokienez, berriz, lanaren bidezko terapiak, trebakuntza pertsonala eta soziala, laguntza psikologikoa edo aisialdiko jarduerak dira.


Egoitzak hainbat profesional izanen ditu bi arloetarako, hala nola psikologoak, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, zaintzaileak edo etxeko laguntzaileak. Zerbitzuak egunean 24 orduz egon beharko du zabalik, urteko 365 egunetan.


Gizarte bazterketa


Gizarte bazterketa gizarte bizimoduan parte hartzea saihesten duten hesiek eragiten duten egoera da, eta hesi horiek txirotasun ekonomikoarekin, lan faltarekin, etxebizitza duin baten faltarekin, oinarrizko trebakuntza eta heziketarik ezarekin, osasun arazoekin edo pertsonen arteko gatazkekin dute zerikusia, besteak beste. Egoera horretan dauden pertsonak zirkulu formako kausa-efektu erlazioan gelditzen dira harrapatuta.


Gizarte bazterketaren arloko esku-hartzeak Esparru Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartuta daude (zorroa aurten onartu dute), eta egoera hori hobetzea eta gainditzea dute helburu. Hala, gizarte bazterketa jasaten duten pertsonak artatzeko ekintzez gain, pertsona horiek hezi eta gizarteratzeko ahalegina ere kontuan hartu behar da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa