(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea eta Ibarretxe lehendakaria Bidasoa ibaian Endarlatsako zubi berria jartzeko ekitaldiaren buru izan dira gaur asteartea, 2008.eko azaroak 18

Lanak Nafarroa 2012 Planaren esparruan N-121-A (Iruñea-Behobia) errepidea hobetzeko proiektuaren baitan daude; Nafarroak 75 milioi euroko inbertsioa eginen du proiektu horretan


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea Bidasoa ibaian Endarlatsako (Bera) zubi berria jartzeko ekitaldira bildu da gaur goizean. Zubia N-121-A (Iruñea-Behobia) errepidean dago eta Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen ditu. Ekitaldira Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilaria eta Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria ere bildu dira.


EAEko ordezkaritzari dagokienez, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Markel Olano Arrese Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira bertako buru.


Zubi berria Javier Manterola nafar ingeniariak diseinatu du eta 190 metroko luzera eta 11-15 metroko zabalera ditu. Aurreikuspenen arabera, galtzadak hiru bide izanen ditu (horietako bat motel doazen ibilgailuetarako). Zubiak altzairuzko eta betoizko egitura du, eta 50 metroko bi arku-erdi ditu. Arku-erdiak ibai ertzetan hasten dira eta batera 100 metroko arkua osatzen dute. Arkuan galtzadari eutsiko dion taula jarri dute. Zubia muntatzeko operazioak (eraispena) 35 orduko iraupena izan du.


2004ko maiatzean Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Aldundiak N-121-A (Iruñea-Behobia, Belaten barrena) errepideko Endarlatsa-Irun tartearen gainean izenpetu zuten lankidetza hitzarmenaren baitan egin dituzte lanak. Hain zuzen ere, hitzarmenari jarraiki, Gipuzkoak bere gain hartu zuen proiektuaren finantzaketa osoa, zubiaren kostuaren %50 kenduta (9,8 milioi euro -8,2 milioi lanetarako, eta gainerakoak desjabetzeetarako eta beste gastu batzuetarako-). Nafarroako Gobernuak, berriz, zubiaren kostuaren %50 ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.


Era berean, Foru Komunitateak epe ertainean bidearen jabetza Gipuzkoaren esku uzteko konpromisoa hartu zuen. Nolanahi ere, bideko ondasunak Nafarroako Gobernuarenak izanen dira zenbait urtez (azpiegiturak, lursailak eta beste batzuk). Lanak Mariezcurrena, Zubi Eder, Nortunel eta Urssa enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak egin ditu.


N-121-A errepidea hobetzeko lanak Nafarroa 2012 Planaren baitan daude. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak 4.508 milioi euroko gastua eginen du datozen lau urteetan, Nafarroa 2012 Planeko zuzkidura eta azpiegitura publikoetan.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Discurso del Presidente
Presentación proyectada por la delegación vasca

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa