(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Navarro Villoslada BHIk irabazi du 2007ko Kudeaketa Publikoaren Bikaintasun Saria asteazkena, 2008.eko azaroak 19

Navarro Villoslada BHIk 2007ko Kudeaketa Publikoaren Bikaintasun Saria jaso du, gaur, Madrilen. Kudeaketa eta zerbitzuak hobetzearren lan egiten duten erakunde edo administrazio publikoentzako saria da, hain zuzen, eta Herri Administrazioen Ministerioak ematen du.


Lehiakideek 75 orriko txostena aurkeztu behar izaten dute, eta bertan, bikaintasunaren EFQM ereduan (European Foundation for Quality Management) oinarritutako funtzionamendua deskribatzen dute.


Navarro Villoslada BHIk urteak daramatza autoebaluazioa bertako ekimenen eraginkortasuna bermatzeko tresna gisa erabiltzen. Hala, 2002an Nafarroako Bikaintasun Sarian parte hartu zuen, estreinakoz, eta "EFQM kalitatearekiko konpromisoaren" diploma lortu zuen. 2004an, ISO 9000:2000 ezarri zuen, eta 2005ean, berriz, Europako Bikaintasunaren Zilarrezko Zigilua eta Nafarroako Bikaintasun Saria eskuratu zituen. 2006an, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen duen Kalitatearen Sari Nazionala lortu zuen, eta 2007an, azkenik, Europako Bikaintasunaren Urrezko Zigilua (500+) eta Kudeaketa Publikoaren Bikaintasun Saria. Sari guztiotako ebaluazio taldeek egindako txostenak kudeaketa eta zerbitzuak hobetzeko aprobetxatu izan ditu Navarro Villoslada BHIk, eta egindako lanaren balioa aintzatesteko balio izan dute.


Kudeaketa Publikoaren Bikaintasun Sariari dagokionez, institutuak irakaskuntza publikoa hobetzearren egin duen lanari behin betiko bultzada emateko balio izan du. Saria jasotzeko ekitaldira Alberto Arriazu Agramante zuzendaria, Miguel Ángel Zabalza Cruchaga zuzendari ohia, Begoña Larrucea Gazaga ikasketa-buru ohia eta José Miguel Oiz Francés eta Mª Mar Echeverría Eraso gaur egungo ikasketa-buruak bildu dira.


EFQM ereduaren ondorioak


Ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez, "Navarro Villoslada institutuan lan egiten dugunok badakigu non gauden eta norantz goazen. Gainera, gure hezkuntza proiektuaren baitan kontuan hartzen ditugu zer izan nahi dugun, nora joan nahi dugun, eta gure jarduna zer baliotan oinarritu behar den. Gure proiektua zuzena eta neurgarria da, helburu zenbagarriak dituelako. Guztien parte-hartzeari esker egin dugu hori".


Joan den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan, ebaluazioa intuizio kontua zen funtsean, baina 90eko hamarkadaz geroztik, kudeaketaren bikaintasunak nazioarteko eredu argia du: EFQM eredua. Alberto Arriazuren arabera, EFQM ereduaren ildo nagusiak honako hauek dira: "Kontua gure kudeaketan estrategiak ezartzea da, baina gure erakundeko arlo askotako emaitzak eta emaitza akademikoak bikainak izan daitezen bilatuz... Gogobetetze maila ere neurtzen dugu, hainbat arlotan (ikasleen eta familien gogobetetze maila eta gogobetetze maila pertsonala). Irakasleen trebakuntzari eta hobekuntza taldeetako parte-hartzeari buruzko emaitzak lortzen ditugu. Berrikuntza proiektuak neurtzen ditugu. Eta azkenik, gure emaitzak eta beste ikastetxe batzuetakoak alderatzen ditugu".


EFQM ereduaren oinarri metodologikoetako bat aldaketa kudeatzean datza. "Gure helburuak epe ertainean lortzen saiatzen gara, plan estrategikoen bidez, eta planotan oinarrizko prozesuak eta oinarrizko aldaketak (arrakasta izateko funtsezkoak diren alderdiak) ezartzen ditugu. Bi kontzeptuok aldaketak eragiten dituzte, eta ondorioz, ikasi egiten da. Beraz, etorkizuna kudeatzeko oraindik ongi egiten ez dakiguna baina epe ez oso luzean oso ongi egiten jakin beharko duguna kudeatzen hasteko ausardia behar da".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa