(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bideko Ama Birjina Ospitaleak eskaner unitate berria jarri du abian, Erradiologia Zerbitzuan asteazkena, 2008.eko azaroak 19

Web zerbitzari bat du irudiak urrunetik eta hiru dimentsiotan tratatzeko; mota horretako lehena da Espainian, eta diagnosiak eta tratamenduak bizkorrago eta modu zehatzagoan egitea ahalbidetuko du


Bideko Ama Birjina Ospitaleak eskaner unitate berria jarri du abian, Erradiologia Zerbitzuan. Eskanerra Fernando Boneta Beorlegi Ospitaleko zuzendariak eta María Paz Lorente Valero Ospitaleko Erradiologia Zerbitzuko buruak aurkeztu dute, gaur.


Eskanerra abian jartzeko inbertsioa 1.100.000 eurokoa izan da (instalatzeko lanak barne), eta gainera, ospitaleak langile gehiago kontratatu ditu aparatua erabiltzeko. Erradio-diagnosiko espezialista bat (2009an beste bat kontratatzea aurreikusten dute), hiru osasun laguntzaile tekniko/erizaintzako unibertsitate diplomadun, erradiologiako lau teknikari espezialista, bi zaindari, eta administrari laguntzaile bat, hain zuzen. Bestalde, ospitaleko zuzendaritzak adierazi duenez, 400.000 euroko inbertsioa egin dute X izpien areto robotizatu batean.


Ebakidura anitzeko teknologiadun aparatua urrian jarri zuten abian, hain zuzen. Lehendik dagoena, berriz, ebakidura bakarreko teknologiaduna da eta urtean 14.000 bat azterketa egiten ditu. Beraz, gaur espezialistek azaldu dutenez, Bideko Ama Birjina Ospitaleak 20.000 azterketatik gora egin ahal izanen ditu urtean aparatu berriari esker, aparatua errendimendu osoan hasten denean (2009ko urtarrilean, gutxi gorabehera).


Aparatu berriak giza gorputzaren ebakidurak segundo hamarrenetan eskuratzea ahalbidetzen du, bereizmen handiarekin, eta irudi horietatik abiatuta, ordenagailuak, gorputzeko edozein zatiren irudiak egin ditzake denbora errealean, espazioko edozein planotan edo hiru dimentsiotan. Esferaren gainazaleko edozein puntutik ikus daitezkeen irudiak dira; hots, gorputzari edozein ikuspuntutik begiratuz lortzen diren irudiak.


Eskanerra edo ordenagailu bidezko tomografia axiala giza gorputzaren barrualdeko irudiak lortzea ahalbidetzen duen erradiologia metodoa da, eta eskeletoa, odol hodiak, eta gorputzeko gainerako egiturak aztertzeko erabiltzen dute. Nolanahi ere, modu zehatzean erabili behar da, gaixoari osasunerako kaltegarria izan daitekeen erradiazio ionizatzailea igortzen diolako. Inoiz ez da erabili behar errutinazko azterketetan, eta beti mediku espezialista baten aginduei jarraiki erabili behar da (sendagile horrek susmo kliniko jakin baten aurrean erantzun zehatz bat lortzeko eskatuko ditu probak). Erradiologiako mediku batek aintzatetsi behar du.


Ospitaleetako erradiologia zerbitzuek hainbat aparatu erabiltzen dituzte giza gorputzaren barrualdea aztertzeko, eta aparatu horiek hainbat energia iturri erabiltzen dituzte, hala nola X izpiak, eremu elektromagnetikoak, eta ultrasoinuak. Bideko Ama Birjina Ospitaleko eskaner berria X izpiak erabiltzen dituzten aparatuen multzokoa da. Hain zuzen ere, horiexek izan ziren estreinakoz erabili zituzten aparatuak, Röentgen-ek 1895ean energia mota hori aurkitu ondoren. Aparatu mota bakoitza patologia mota jakin bat aztertzeko erabiltzen dute.


Eskaner berriaren ezaugarriak


Bideko Ama Birjina Ospitalean ezarri duten eskanerra ebakidura anitzeko teknologiadun aparatu aurreratua da. Siemens etxeko Somatom Sensation 64 Web Selection modeloa da, hain zuzen. Aparatuak 64 koroa detektagailu ditu, eta segundo hamarrenetan giza gorputzaren ebakidura (xafla) egin dezake, bereizmen handiarekin. Gainera, hiru dimentsioko irudiak egin ditzake, ohiko eskanerrek ez bezala.


Oinarrizko ezaugarri teknikoei dagokienez (irudiak egiteko abiadura eta zehaztasuna), irudiak abiadura handian egiten dituen aparatua da eta 0,33 milimetroko egiturak ikustea ahalbidetzen duen teknologia du. Bi ezaugarrioi esker, diagnosiak bizkorrago eta hobeto egin ahal izanen dituzte eta gaixoei igorritako erradiazio dosia (kontrastea) txikiagoa izanen da (ohiko eskanerren kasuan baino %68 txikiagoa).


Gainera, tutuaren ezaugarriak direla-eta, lehenengo aldiz, aparatuak ez du errekuperazio denborarik behar, eta ondorioz, gaixoen arteko itxaron denbora txikiagoa da. Zehazki, sei hilabeteren buruan itxaron zerrenda %30 txikitzea aurreikusten dute aparatu berriari esker (larrialdiak alde batera utzita, gaur egungo itxaron denbora 44 egunekoa da, eta 15 egunekoa lehentasunezko kasuetan).


Berritasun nagusietako bat honako hau da: irudiak urrunetik eta hiru dimentsiotan tratatzeko web zerbitzaria duen lehengo eskanerra dela Estatuan (munduan 100 bat daude). Hala, osasun langileek irudiak behar dituzten lekuan eta unean bertan eduki ahal izanen dituzte, bizkortasun handiko konexioari esker, eta gainera, hiru dimentsiotan tratatu ahal izanen dituzte, aplikazio klinikoetarako web teknologia aurreratuari esker.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa