(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidenteak TRACASA sozietate publikoaren egoitza berria inauguratu du, Sarrigurenen ostirala, 2008.eko azaroak 21

Enpresak hazkundea, nazioartekotzea eta berrikuntza oinarri dituen etapa abiatuko du


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak TRACASA sozietate publikoaren egoitza berria inauguratu du, gaur goizean, Sarrigurenen. Guztizko inbertsioa 16,5 milioi eurokoa izan da.


Inaugurazio ekitaldian Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak, José Antonio Andía Eguesibarko herriko alkateak eta Costa Ricako Ogasun ministro-ordeak parte hartu dute. TRACASA sozietateko egoitza berriaren inaugurazioarengatik eta TRACASA Costa Rican gauzatzen ari den katastro proiektuarengatik etorri da ministro-ordea Nafarroara, hain zuzen.

Presidenteak instalazio berriak ikuskatu ditu, eta berekin Ángel Sanz Barea TRACASAko kudeatzailea, Benigno Herrería Acciona enpresako ordezkaria (eraikuntza lanak egin dituen enpresa), eta Rufino Hernández eta Miguel Ángel Alonso AH&Asociados enpresako arkitektoak egon dira.


TRACASA Foru Administrazioko enpresa publikoen erreferentzia da, langile kopurua (275), fakturazioa (28 milioi euro 2007an) eta Herri Administrazioen modernizazioaren alde katastroaren, kartografiaren, geografia sistemen, ogasunaren eta nekazaritzaren arloetan egiten duen garrantzizko lana kontuan hartuz gero.


Enpresak 25 urte bete zituen iaz, eta orain, egoitza berrian, hazkundea, nazioartekotzea eta berrikuntza oinarri dituen etapa abiatuko du.


Eraikin berria


Eraikin berria Sarrigurengo Berrikuntzaren Hirian dago, 8.954 metro koadroko lursail batean. Azalera eraikia 19.622,92 m2-koa da, eta sotoa, erdi-sotoa, behe solairua eta bulegoetarako hiru solairu ditu.


Garajeak lurpeko bi solairu ditu, 4.946 m2-ko azalera erabilgarria du, eta 198 aparkaleku plaza ditu.


Erdi-sotoari dagokionez, berriz, honako hauek daude bertan: "Nafarroa" izeneko erabilera anitzeko aretoa (250 m2) eta enpresako sukaldea eta jantokia (210 m2).


Behe solairuak 3.077 m2-ko azalera eraikia du, eta erabilera anitzeko 3 areto daude bertan (bileretarako eta trebakuntzarako). Bi aretori TRACASA gaur egun gauzatzen ari den proiektu enblematikoenen izenak jarri dizkiete ("Mexiko DFko Katastroa" eta "Costa Ricako Katastroa"), eta hirugarrena, berriz, Miguel Donézar Díez de Ulzurrun Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Departamentuko zuzendari ohiari eskaini diote. Donézar duela zenbait hilabete hil zen, mendiko istripu batean, eta sozietate publikoaren kolaboratzaile estua izan zen, TRACASA sortu zenetik. Behe solairuan beste 4 areto (artxiboak eta biltegiak), Datuak Tratatzeko Zentroa, mediku zerbitzua, harrera lekua eta segurtasuneko kontrola ere badaude.


Amaitzeko, gainerako hiru solairuetan hainbat enpresatarako bulegoak daude. TRACASAk berak lehenengo solairua eta bigarrenaren zati bat hartu ditu, eta 3.504 m2-ko azalera erabilgarria du. CICNA (Comunicación e Información al Ciudadano de Navarra SL) TRACASAren sozietate filialaren bulegoak ere eraikinean daude (650 m2), eta aurki, OPNATEL (Obras Públicas y Telecomunicaciones de Navarra SA) sozietate publikoaren egoitza eraikineko bigarren solairuan egonen da (550 m2). Azkenik, hirugarren solairuan eta bigarrenaren zati batean Gamesa enpresa dago eta 2.578 m2 erabilgarri ditu.


Eraikinean 550 bat lagunek eginen dute lan.


Eraikuntza lanak Acciona Infraestructuras SA enpresak egin ditu. Hain zuzen ere, 2006ko azaroaren 30ean hasi ziren eta lanak 2008ko ekainean amaitu zituzten. Hilabeteotan eraikinaren barrualdea egokitu dute, ekipamendu teknikoa eta komunikazio sistema instalatu dituzte, bulegoetan altzariak jarri dituzte, eta egoitza zaharretik (Sario eraikina) berrira etorri dira. Obra zibileko inbertsioa 16,5 milioi eurokoa izan da.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Presentación de la empresa
Discurso Presidente Sanz

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa