(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak "2008ko Ideiarik Onenak" sariko bi garaikur jaso ditu, "Diario Médico" argitalpenaren eskutik asteazkena, 2008.eko azaroak 26

Nafarroako Medikuntzako Teknologia Gunearengatik eta zilbor-hesteko odol-emateak eta horien kalitatea sustatzeko "Concordia" proiektuan Foru Komunitateak izan duen parte hartzearengatik jaso ditu sariak, hain zuzen


Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bi garaikur jaso zituen, atzo, "Diario Médico" argitalpenaren eskutik. Nafarroako Medikuntzako Teknologia Gunea eta zilbor-hesteko odol-emateak eta horien kalitatea sustatzeko "Concordia" proiektuko parte-hartzea saritzea xede duten garaikurrak dira, eta osasunaren arloko profesionalentzako argitalpenak eman duen "2008ko Ideiarik Onenak" sariaren baitan daude.


Lehenengo garaikurra Nafarroako Medikuntzako Teknologia Gunea ekimen berritzailea delako eman diote. Ospitale eremutik kanpo hiru zentro izanen dituen gunea da, hain zuzen (Irudi Medikoaren Ikerketa Zentroa, Bereizmen Anbulatorio Handiko Zentroa, eta Laborategiaren eta Irudiaren Zentro Teknologikoa).


Irudi Medikoaren Ikerketa Zentroa ikerketa aplikatuko zentroa eta irudi mediko digitalaren arloko erreferentzia zentroa izanen da. Bereizmen Anbulatorio Handiko Zentroa, berriz, osasun artapeneko zentroa izanen da eta osasun prozesu jakin batzuk denbora gutxian egin ahal izanen ditu (ez da ospitalea izanen). Hala, diagnosia egin edo tratamendua ezartzeko beharrezkoak diren proba eta kontsulta guztiak batera eginen dituzte, 24 orduko artapen prozesu baten bidez; gainera, prozesuaren emaitzak historia kliniko informatizatuan (Intranet) sartuko dituzte.


Azkenik, Laborategiaren eta Irudiaren Zentro Teknologikoa berrikuntza bankua izanen da, teknologia diagnosietarako eta tratamenduetarako erabiltzea ahalbidetuko duten berrikuntzen bankua.


Bigarren garaikurraren bidez, berriz, Foru Komunitateak "Concordia" proiektuan izan duen parte-hartzea saritu dute. Zilbor-hesteko odol-emateak sustatzea helburu duen proiektua da, eta ekimenaren baitan Nafarroako Foru Komunitatea, Aragoi, Balearrak, Katalunia, Extremadura, eta Andorrako Printzerria daude. "Diario Médico" argitalpenak eman duen saria guztientzat da.


"Concordia" ekimenaren helburu zehatzetako bat Espainia zilbor-hesteko odol-emateen arloan buruaskia izatea da. Zentzu horretan, gaur egun Estatuan 28.800 lagin daude gordeta, eta helburua erdiesteko 60.000 lagin behar dira. Beste bi helburu honako hauek dira: zilbor-hesteko laginak modu eraginkorrean eta kalitate handiz erabil daitezen lortzea, transplanteak, ikerketa, eta berrikuntza (klinikoa eta biologikoa) errazteko; eta autonomia erkidego bakoitzean indarrean dauden protokolo teknikoak partekatu ahal izatea, eta hala, zabalkunderako eta etengabeko trebakuntzarako programak diseinatu ahal izatea.


"Concordia" proiektuak, bestalde, kalitatearen egiaztapen guztiek (zilbor-hesteko odol-emateek baldintza batzuk bete behar dituzte) Estatuko Osasun Sisteman esparru bakarra izan dezaten bermatzen du, Bartzelonako Odol eta Ehun Bankuan gorde aurretik (odol-emate guztiak bertan zentralizatzen dira).


Zilbor-hesteko odol-emateak Nafarroan


2008an, gaur egunera arte, zilbor-hesteko 704 odol-emate egin dituzte Nafarroan. Zentzu horretan, Osasun Departamentuak Zilbor-hesteko Odol-emateen Programako aurreikuspenak egin zituenean, Foru Komunitatean urtero 400 bat lagin bilduko zirela aurreikusi zuten, eta zenbateko horretara maiatzean iritsi ginela kontuan hartuz gero, aurreikuspenak bete ez ezik gainditu ere egin direla esan dezakegu. Aipaturiko programa 2007ko amaieran jarri zuten abian eta aurreikuspenak datu orokorretan eta Estatuko beste ospitale batzuetako aurreikuspenetan oinarrituta egin zituzten, hain zuzen.


Zilbor-hesteko odol-emateen kalitateari dagokionez, Bartzelonako Banku Publikoak laginen %83,7 onartu zituen, eta Estatuko batez bestekoa %65ekoa da.


Gogoan izan behar dugu odol-emateek bi alderdi dituztela: alderdi kuantitatiboa eta alderdi kualitatiboa. Kantitatea odol-emate kopuruaren mende dago, eta kalitatea, berriz, bildutako odol bolumenaren arabera neurtzen da; izan ere, lagin bakoitzak gutxienez ere 110 ml behar ditu baliagarria izateko, eta batzuetan ezinezkoa izaten da bolumen hori biltzea. Erditzeko baldintzen eta mediku taldearen lanaren baitan dago hori. Horrela bada, zenbat eta odol gehiago bildu, lagina baliagarria izateko aukera handiagoa izanen da, laginak zelula gehiago izanen dituelako.


Jakina denez, zilbor-hesteko odola transplanteetarako erabiltzen dute, ahaideek emandako hezur muinaren transplanteen xede berarekin. Oro har, zilbor-hesteko odola hezur muinaren emaile bateragarririk ez dagoen kasuetarako gordetzen dute.


Zilbor-hesteko odolaren kasuan, abantaila nagusia emaileak bizkor bilatzen direla da, eta zentzu horretan, zilbor-hesteko odol bateragarria aurkitzeko aukera hezur muin bateragarria aurkitzeko aukera baino handiagoa da (%80ko aukera eta %20ko aukera, hurrenez hurren); izan ere, zilbor-hesteko odolaren kasuan ez da beharrezkoa bateragarritasuna %100ekoa izatea, eta hezur muinaren kasuan, berriz, bai. Beraz, zilbor-hesteko odolaren transplantea aukera berri bat da hainbat gaixotasunetarako, eta batik bat leuzemiarako (Espainian 4.000 kasu diagnostikatzen dituzte urtero). Transplanteak beste patologia batzuetarako ere egokiak dira, hala nola linfoma oldarkorretarako, muineko aplasietarako, eta immunoeskasia larri konbinaturako (gaixotasun larri eta ez oso ohikoa). Zilbor-hesteko odola haurrekin zein helduekin erabil daiteke.


Laginak nazioartean erabil daitezke. Kasu oso zehatzetan, eta Transplanteen Erakunde Nazionalaren baimenarekin, zilbor-hesteko odol-emateak pertsona zehatz batentzat egin daitezke (jaioko diren haurren anai-arrebak gaixo daudenean). Espainiako adituen eta Hematologia eta Onkologia sozietateen arabera, bankuak publikoak izatea komeni da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa